Bizirik nahi ditugu! txiki askoren artean, lorpen handietara

Zuengana zuzentzen gara, ikasturte berriarekin, herritarren artean zuzena ez den uste batekin aurkitzen ari baikara. Askoren ustetan, Sañuko gainak eta Akuako bailara txikitu asmo dituen zentral eolikoaren proiektua geldituta dago. Errealitatetik oso urrun dagoen sineskera da hau. Momentu honetan, Proiektua Ingurumen Ebaluazio fasean dago. Zer esan nahi du honek? Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena eman bidean gaudela, aldekoa edo kontrakoa izan daitekeena 3 hilabeteko tartean, aldaketarik ezean. Honela, urte bukaerarako espero genezake erantzuna.

Badirudi inpasse momentu batean aurkitzen garela, baina Statkraft multinazionalak ez du atsedenik hartu. Herritar zein adituek proiektu honi aurkeztutako kontrakotasunei entzungor eginez, hauei erantzun propioak prestatu eta aurkeztu dizkie Jaurlaritzari. Pauso hauez gain, Errezil eta Zestoako udalak presionatzen ari da, herri antolamenduko arauak (HAPOak) molda ditzaten eskatuz obrak egin eta zentrala eraiki ahal izateko. Ebazpena jasotzeko zain egotetik urrun, desjabetzeak gauzatzea helburu duen Aytasa enpresa subkontratatu du Statkraftek. Enpresa hau auzoan zehar ibili da udan baserritar eta bizilagunei neurria hartu asmotan edo. Bide batez esan, Aytasak esku hartze zuzena izan duela ondoren aipatuko dugun Energia Berriztagarrien Lurrande Plan Sektorialaren dokumentuen idazketan.

Sañuko PIASPE proiektuaz gain (33MW), gure inguruan tramitean daude gaur egun Oleta-Samiño-Izazpi gainetan kokatuko litzatekeen BURUZAI (20MW)(Azkoitia-Azpeitia-Zumarraga-Ezkio), Meaka-Irimo hartuko lituzkeen TREKUTZ (10MW) izenekoa(Antzuola-Urretxu) eta BASALGO (40MW) (Eibar-Elgeta-Bergara mugartean)

Bestalde Berriztagarrien Lurralde Plana (LPSa) dator, onartu bidean dena momentu hauetan. Plan honek eskala haundiko berriztagarrien hedapena erraztuko luke egokitzat markatutako kokalekuetan, zehazki zentral fotovoltaikoentzat, Aizarnako San Pelaio ingurua eta Igarantxo-Sorazabal-Lizasoeta baserri inguruak, Antzuola eta Bergarako mugan Gorla inguruak, Bidania eta Goiatz herrigunetatik 500-700 metrotara eta Albiztur eta Tolosa arteko Aldaba inguruak. Zentral eolikoak jartzeko kokalekutzat berriz, Itziar-Debako Andutz mendigaina, Errezilen Txorondegi, Komizolatza, Indo eta Mendibeltz inguruak eta Beizama, Errezil eta Bidania-Goiatzekin mugan Urraki-Illaun- Santa Agedaraino, aurreikusten ditu planak.

Makroproiektu eta plan hauek gelditzeko aukerarik badago, gaur egun herritarrok antolatu eta obilizatzen jarraitzen dugulako da; norbanako, eragile eta elkarteok elkarlanean. Udalek eta inguruko elkarte zein entitateek egindako txosten eta alegazioek argi utzi dute proiektu hauek ingurumenari eta bertako auzo bizitzari eragingo lioketen kaltea. Halere, argitu gabe jarraitzen dute zer neurri hartuko dituzten udaletatik. Badaude oraindik aukerak, ingurumen inpaktuaren aldeko ebazpenei errekurtsoak jartzea edota oztopo urbanistiko eta administratiboak jartzea, esaterako. Beraiena ere bada euren herrietako lurretako ondarea zaintzearen ardura.

Hasierako ezjakintasunak eraginda, herritarren aldeko jarrera aldatzen joan da denborarekin. Honela, lurraren defentsan dihardugun eragileetatik, herritarren ikuspegia osatzeko nahian, abagune honek dituen erpin anitzak eta azpiko interesak azaltzen saiatzen jarraitzen dugu. Proiektu hauek ez diote balizko trantsizio energetikoari erantzuten; enpresa multinazionalen interesak asetzeko nahiari erantzuten die. Lurralde antolaketarik ezean, enpresa multinazionalak ari dira Euskal Herriko energia produkzioa zehaztu eta bertatik dirua lortzeko diseinua egiten.

Izan ere, institutzioetatik eta botere ekonomikotik saltzen ari zaizkigun trantsizio energetikoa ez da hala izaten ari. Sistema kapitalistak kontsumorako bide berriak irekitzen jarraitzen du horrek suposatzen duen kostua sozializatuz. Kasu honetan naturaren ustiaketa basatia oinarritzat hartuta. Planteatzen ari diren energia berde honek guztiak energia fosilak eta mineralak era esponentzialean ustiatzen jarraitzea suposatzen du. Ez dator ezer ordezkatzera, irabaziak lortzeko bide berriak irekitzera baizik. Ekologikotik ezer ere ez izateaz gain, kaltetu zuzenak landa eremuak eta lehengaien esportatzaile izatera kondenatuta dauden herrialde pobretuak dira, zeinak beraien lurren espolioa bizitzen jarraituko duten, lurralde aberatsen energia gosea asetzen jarraitzeko.

Makroproiektu hauek geldituko baditugu denon bultzadaren beharra izaten jarraitzen dugu. Txiki askoren artean lorpen haundiak lortzen direla sinestuta gaude eta. Denon artean horma-irudi bat osatu nahi dugu. Bizirik nahi ditugulako herriak, auzoak, baserriak… Bizirik mendiak, bailarak, basoak, errekak… Bizirik hegaztiak, saguxarrak, erleak… Bizirik nahi ditugu nekazal lurrak, bizirik abereak, nekazariak, abeltzainak…

Denok aletxoa jarriz, argi utziko diegu instituzio eta multinazionalei beste era batetako trantsizioa dela irudikatzen duguna, zeinetan herritarrak eta lurraren defentsa izango diren erdigunean; ez inoren aberasteko beharrak.

Zuen laguntza behar dugu horma-irudi eder bat osatzeko helburuarekin ahalik eta argazki gehien biltzeko…

Sañu




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide