“BIZITZA” ELKARTEAREN DEIALDIA DELA ETA

Zestoako Ehbilduk “bizitza” plataformak larunbaterako herrian antolatu duen topaketen inguruan hainbat gauza argitu nahi ditu:

Maiatzaren amaieran Zestoako Udalak herrigune nagusiko eta auzoetako festak bertan behera utzi ondoren, aurreko urtean bezala herri eta auzoetako eragileekin udako agenda antolatzeko batzorde irekia antolatu eta deitzen du. Beti ere, kultur eta musika ikuskizunak modu seguruan eta indarrean dauden osasun neurriak beteta egitea kontutan hartuta.

Hainbat bilera ireki egin eta gero, “Zestoan udan zer?” egitaraua antolatzen da eta kultur eta musika ikuskizun ezberdinekin egutegia osatzen da. Denok garbi ulertu genuen egutegi eta udan antolatu beharreko ekitaldi guztiak egutegi horretan txertatzea zela helburua.

Udan eginiko ekitaldirik gehienak arazorik gabe egin badira ere, abuztuko azken asteburuan sekulako jendetza izan genuen herrian eta ondorengo asteburuetarako, udalak hainbat neurri hartu behar izan ditu, nagusiki kanpoko jende uholdea ekidin asmoz eta behin eta berriz herritarrak ez direnei ez etortzeko deia eginaz.

Testuinguru horretan eta udalari inolako jakinarazpenik egin gabe, “bizitza” elkarteak irailaren 11rako (festak egin izan balira, egunik jendetsuena) egun osoan zehar ekitaldiak iragartzen ditu eta Euskal Herri osora Zestoara etortzeko deia zabaltzen du. Egun horretarako “zestoan udan zer?” batzordeak aspaldi antolatua eta iragarria zeukan kontzertua kontutan hartu ere egin gabe eta herriko hainbat gune publikotan musika, bertso saio, hitzaldi, bazkari eta abarrak iragarriaz.

Berriro diogu, inolako jakinarazpen, telefono dei, mezu edo antzekorik egiteko “nekerik” hartu gabe eta 2015eko abenduko erkidego dekretuak antzeko ekitaldiak antolatzeko baimena eta erantzukizuna udalena dela garbi adierazten duenean.

Gauzak horrela, herriko alkatea antolatzaileekin harremanetan jartzen da eta egun hori desegokia dela adierazten die. Ondoren izandako harremanetan berriz, deialdia bertan behera utzi ezkero, beste data egokiago batean egiteko aukera eta prestasuna ere adierazten die. Zoritxarrez, ez da horrelakorik gertatu eta “bizitza” elkartearen jarduera sustatzen duten sare sozial eta plataformetan, Zestoako alkatearen eta Ehbilduren aurkako irainak izan dira nagusi.

Idatzi honen helburua ez da edukietan sartzea, mundu guztiak du bizi dugun egoeraren inguruko hausnarketak plazaratu eta gizarteratzeko eskubidea baina hori ezin da egin herri txiki bateko antolaketari muzin eginda, hori ezin da egin gurea bezalako herri bateko elkarbizitza aztoratuaz, eta gauzak nola egin diren ikusita, benetan ez dakigu helburua herritarrak konbentzitzea edo bazterrak gehiago nahastea ez ote den izan.

“Bizitza” elkarteak Zestoa eta zestoarroi egin diezaguken mesederik handiena deialdia bertan behera uztea da, lehen ere inolako arazorik gabe, udalaren eraikinetan hitzaldiak egin izan dituzte eta jakin badakite data egokiago batean eta gauzak behar bezala eginda, hau da, udako gainontzeko ekitaldietan egin bezala, dagozkion protokoloak beteta, Zestoan topaketa horiek egiteko arazorik ez luketela izango.

Jakin badakigu bizi ditugun garai zail hauen kudeaketa publikoak, zer nolako kontraesanak sor dakizkiguken. Halere, Zestoako ehbilduk, Zestoa eta zestoarron interes eta ongizatearen defentsa lehenetsiko du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide