‘Bonberadak’: plazari bueltaka, pixa-erreka eta lorategi artean

Zestoako plazako lurra dela-eta, askotan entzun dut egundoko eragozpenak sortzen dizkiola jendeari, batez ere edadetu eta ezinduei. Behinola, herritar batek esan zidan, egunen batean bera agintean jartzen bazen, plazaren alde guztietan pare bat metroko harri lisoa jarriko zukeela. Gauza horietaz akordatu naiz gaur, arratsaldeko eguzki epelaz baliatuz, paseatzera irten eta San Joango ermita-atariari begira-begira nengoela. Zer edertasun, arratsaldeko eguzki printzek are eta ederragoa egiten zuen zoladura hark!
Horrelako harri borobilezko lur dezente ziren Zestoan. Bat aipatzekotan, garai batean “Calle Correo” deitzen zitzaion (gaur Gesalaga) Zelaiakoa etxearen ataria azpimarratuko nuke, hura zapaldu bainuen gehien gure mutil koskor eta gazte denboran. Arroako plaza ere estilo horretakoa zen, baina gaur egun ohikoa den “estrategia” menperatu zen han ere: alegia, batere mantentze-lanik egin gabe dena hondatzen utzi, eta, gero, zaharberritzea asko kostatzen denez, beste “hormigón impreso” merke-garesti hori jarri eta kito, akabo Historia!
Niri batzuetan barregura sortzen zait. Nik ulertzen dut ezintasuna daukan jendearentzat ez dela batere erosoa gure plaza hori. Baina historia eta ondarearen alde zerbait egin beharko dugu ba, ezta?  Joan zaitez Frantziara. Han ere edukiko dute ezinduekiko sentsibilitatea, ezta? Han ere bete beharko dituzte Europako legeak, ezta? Bada, joan zaitez Baionara, joan zaitez Bordelera, fija zaitez hango kaleak nolakoak diren. Espainian ere bai: joan zaitez Santillana del Mar-era.
Ondare historiko-artistikoa eta irisgarritasunaren artean gatazka dago, badakigu, baina elkar ulertu beharko dute eta biek amore eman beharko dute pixka bat, edo ez?
Tira, plaza horri dagokionez, susmoa dut ez ote garen, urteak joan eta urteak etorri, etengabe, bonberadak botatzen ari. Eta honaino iritsi nahi nuen: bonberaden eremura. Izan ere, aztarrika ari naizela, Inuzente egunean kontatzeko moduko bonberada bat aurkitu dut-eta egunkarian (El Día, 1931-05-24).

1931. urtean gaude. Maiatza bukatzear dago eta, dirudienez, ostatuak, tabernak, kafetegiak ari dira bazterrak txukuntzen eta hormak zuritzen. Ondo iruditzen zaizkio lan horiek guztiak Itzal goitizena daraman kazetariari. Baina – esan dezadan lehendabizi aipuak euskara batuan idatziko ditudala– “jatetxeak zuritu eta margotzea ez da aski, ordea. Hona datozen auzo herritarrak [kanpotarrak] jatetxetik kanpora ere toki egoki eta alaiak hemen aurki ditzaten ahalegina egin behar dugu”.

Eta, hau da atarramentua:  “Gai horretantxe, herri honek akats handiak dauzka. Ez ibiltoki, ez alameda, ez enparantza taxuzko bat dauka. Baina zer? Ezta pixatoki itxurazko bat ere… Halako zerbait… inork asmatuko ez duen bazter batean ez bada. Honetantxe Zestoan urte askoz atzeratuak bizi garela uste dut”.

Gure Itzal kazetariarentzat “herri sinesmendunetan, lehenengo etxea, guztien gainetik (…) eliza izan behar du, Jainkoaren etxea denez gero. (…) Hala al da Zestoan? Ez horixe. Eliz barruaz ez diot ezer. Hori ez dagokit niri. Esan behar dut, ordea, eliza ingurua trakeskeriaz betea dagoela eta horietako bat, handiena, dela eliz aurreko enparantzaren azoka eta idi, behi, txekor salerosketa egitea, hemen egiten den bezala”.
Eta jarraitzen du: “Hor auzo herrian [kanpoan] Zestoak izen apur bat badu Gesalagako urak direla eta ez direla, noski. Entzutez, bere irudi polit bat sortu zitzaidan niri ere buruan ikusi baino lehenago. Etorri nintzen eta zer ikusten dut? Ene Jainko maitea! Eliz ataurreko errejaura edo burdin-sareari loturik idiak eta behiak. Enparantza dena beraiena zen. Elizara sartzeko bidea itxia, eta zorua nola zegoen? Ene ama! Eta egunaren erdian eliz-hormari (esango ote dut?) pixa egiten egundoko aitona soka luzea. Jainko maite-maitea!, esan nuen. Hau da Zestoa auzo herrietatik [kanpotik] eta atzerritik ere horrenbeste jende udan etortzen zaion Zestoa? Afrikan ote gaude? Edo zenbatgarren gizaldian bizi ote gara? Eta gaur arte, jaunak. Ez dugu oinkaldi bat aurrera eman, atzera ez bada”.

Eta hemen, gaurko perla bitxia, hemen gaurko bonberada, plazako lurra goitik behera aldatu nahiko luketen “inuzenteei” eskainia.

Beraz, zer egin beharko litzateke? Hitz gutxitan esango dut luzatzen doa-eta. Herriaren alboan beste toki bat antolatu azoka eta jolas-gauzetarako.
Eliza aurreko enparantzatxo horrezaz alameda edo lertxundi bat egin, lorategitxo batzuekin han-hemen apainduaz. Eliza inguruan berdin. Ez al dira horrelaxe egoten handikien jauregiak? Eta lan hori txanpon asko gabe egin litekeen lana da. Horretan botatzen den dirua berriz beste alde batetik sartuko dela zalantzarik ez izan.
Badakigu herriko agintariak horrelako erabaki bat hartuko balute, asko izango liratekeela aurka; baina ez jaramonik egin behar; azkenean beraien guztien onerako da-eta. Amak bere umetxoa garbitzen jarraitzen du, honek bere ointxo zuriak astinduaz garrasika malkoak mara-mara isuritzen baditu ere. Zuek berdin, herriko agintariak. Zestoak asko irabaziko du txukuntasunean, alaitasunean, atsegintasunean eta abar”.
Oju bat [Oihu bat]. Badaezpada ere” du izena artikuluak. Eta ez da Inuzente eguneko broma bat.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide