Burdinazko ‘grilleteak’ emakumeak errenditzeko

1485. urtean, Altzolarasko Beltranek bere emaztea Maria Joanes Pagino eta Martin Gorosarri hil egin zituen, adulterioan harrapatu zituelako. Gero, Zestoako kartzelara joan eta bere burua alkatearen esku utzi zuen. Beltran preso egon zen alkateak auzi hartan epaia eman zuten arte. Epaian, hiltzailea errugabetzat jo zuen, eta hildakoen senideei “betiko isiltasuna” ezarri zien. (Azkune, Iñaki: Zestoa Mendetan zehar).

Gertakari latz hura ez zen, seguruenik, ez aurrena eta ez azkena izango gure herriko emakumeen jazarpenean, baina esanguratsua da oso, gertakariak ertz asko azaltzen dituelako: Altzolarats gizon boteretsua; nola ateratzen den libre; garai hartako gizarte hain erlijiosoan zein gutxi balio duen pertsonaren biziak; nola ezartzen zaien betirako isiltasuna biktimei…

Izeberg baten antzera, gertakari hau ere, azpian dagoen emakumeenganako jazarpen, sufrimendu eta oinazearen punta besterik ez da. Ez dauka seguruenik zerikusirik gai honekin baina egundoko izua eragin zidan, eta askotan etortzen zait burura harrez gero, arratsalde batean udal artxiboan nenbilela, hango Kontu-liburu batean, 1727. urteko apunte hau irakurri nuenean: He pagado a Antonio de Amilivia tres reales y tres cuartillos por un grillete de fierro que hizo para rendir a Theresa de Echaniz que andava furiosa”.

Mundua sortu zenetik, edo behintzat Adanek eta Ebak sagarra jan zutenetik (pentsatzekoa da ordura arte gizon-emakumeek “eskubide” berdin-berdinak zituztela) emakumea bigarren mailako gizakia izan da eta, tamalez, gaur egun ere –hain nabarmena ez bada ere– oraindik hala da. Zoritxarrez, horrela, di-da batean, idatzi ezinezko zerrenda da: betirako isilpean geratzen ziren bortxaketak; ezkongabe eta haurdun geratzean pasa beharreko gurutzealdia; umiliazioa, beldurra; emazte izan beharrean senarraren morroi izatea; hitz goxo bat sekula ere ez etxean; beti bigarren mailako izan beharra

Errepublika garaian hasi ziren gauzak aldatzen (batez ere boto eskubidea) baina askoz nabarmenago Franco hil ondoren. Garai haietan, feministek gai orokor batzuen inguruan egin zuten lana: preso zeuden emakumeentzat amnistia, adulterioa despenalizatzea, sexualitate librea, antisorgailuak, abortoa.. Oso urte aktiboak izan ziren eta jendearen eta gizartearen babesa lortu zuten. Garai bateko Mugimendu Sufragistak berdintasuna aldarrikatzen bazuen (boto eskubidea eta abar) Franco ondorengo emakumeek Askatzearen kontzeptua ezarri zuten: jada ez zen nahikoa gizonarekiko berdintasuna baizik-eta desberdina izateko eskubidea, emakumea izatearen harrotasuna sentitzea. Urte haietan aldarrikapen asko lortu ziren, batez ere, gizonezkoei botere edo pribilegio pixka bat kentzea.

Zestoako Udaleko agiriei begiratuta, ematen du kosta egin zitzaiela emakume zestoarrei kalera ateratzea, beren aldarrikapenak egitera. Dena den, udal agiriak eta administrazioa ez dira izaten gizartearen jarrera neurtzeko tresnarik egokiena. Pentsatu nahi dut artxibotan ageri den baino mugimendu handiagoa egon zela Zestoako kaleetan. Beldurra ere ematen du pentsatzeak nola ikusiko ote zituzten, nola hartuko ote zituzten, orduko gizonezkoek emakume feminista haiek. Ba ote zen batere enpatiarik? Emakume haiek ulertzeko ahaleginik? Edo dena iseka eta mespretxua zen? Auskalo.

1979ko urriaren 18an, Zestoako Udalean sarrera emandako mozio batek piztu dit arreta. Mirestekoa da hura Plenora eramateko ausardia izan zutenen kemena (Txaro Azpillagak sinatzen du baina beste batzuk ere izango ziren tatean). Mozioak dioenez, “Urriaren 26an, Bilboko Audientzian hamaika (11) emakume epaituak izango dira, hauetariko bi abortuak egiten ibiliak direlako eta beste bederatziak haurdunaldia borondatez eten dutelako. Fiskalak, zigor bezala, hirurogei urtetik sei hilabete eta egun baterainoko penak eskatzen ditu eta hamaika urteko gaiztapen berezia [inhabilitazioa] denentzat”.

Alde batetik, aborto eskubidea (“emakumeei amatasun librearen erabakia”) aldarrikatzen zuten; bestetik, epaiturik izango zirenei eta lehendik kartzelan zeudenei amnistia. Baina ez zen hori bakarrik: heziketaren garrantziaz jabeturik, “erakunde feministek kontrolaturiko sexu informazioa emango duten zentroak sortzea” aldarrikatzen zuten eta “antisorgailu eraginkor eta ez kaltegarrien eskuratzea erraz dezatela nahiz emakume nahiz gizonentzat”.

Gauza horiek denak oso aspaldiko kontuak dirudite, baina ez da sekula ahaztu behar emakume haiek erakutsitakoari esker garela gu garen bezalakoak (tartean gizonezkoren batzuk izango al ziren behinik behin!). Harrez gero, batzutan beroago besteetan hotzago, hor ibili dira Zestoako emakume taldeak beren aldarrikapenak zabaltzen. Zalantzak dituk gizonezkook martxa berean murgildu ote garen emakumeen emantzipazio edo askapenean baina, tira, hori beste upeleko sagardoa da.

Erronka handiak dauzkagu esku artean: izan ere, emakumeen eskubideen kontuan eta beste makina bat kontutan, ikaragarrizko gauzak lortu ditugu azken 50-60 urtetan, izugarri kostata, baina kezka handia dut ez ote gauden lorpen horiek oso azkar galtzeko arriskuan. Ikusita zer gertatzen ari den langileen eskubideekin edota Ongizate Publikoa deitzen zaion horrekin, ez dago goardia jaisterik. Oraindik, Altzolarasko Beltranek 1485ean, hau da, duela 500 urte baino gehiago, hartu zuen jarrerak bizirik irauten du gure gizartean.

 

Argazkia: Garai bateko Ilargierdi Talde Feministari “Zaparrada” aldizkarian egindako elkarrizketako irudia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide