Albisteak

CAF-Elhuyar sarien merezimendu-saria jaso du Iñaki Azkunek

Argazkia: Elhuyar

CAF-Elhuyar sariak banatu zituzten atzo arratsaldean Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Elhuyar Fundazioaren patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko helburuarekin.

Aurten, Elhuyarren 50. urteurrena izanik, patronatuak Elhuyarren sortzaileei egin die aitortza. Iñaki Azkune Mendia zestoarrak jaso zuen aitortza beste sortzaileekin batera: Felix Azpiroz Arrillaga, Juanjo Gabiña Carrera, Jesus Mari Goñi Zabala, Andoni Sagarna Izagirre eta Mikel Zalbide Elustondorekin. Luis Mari Bandres Unanueren alargun Maite Moneok eta Kepa Zalbide Elustondoren alaba Uxue Zalbide ere bertan izan ziren.

Iñaki Azkunerekin hitz egiteko aukera izan du Danbolinek. Azkunek azaldu du apirilaren 4an izan zela omenaldiaren aurreneko zatia, eta bertan elkartu zirela Elhuyarreko sortzaileak aspaldiko partez. Oso momentu polita eta hunkigarria izan zen Azkunerentzat: ” Urte pila bat geunden ikusi gabe. Asko falta ziren baina oso polita izan zen, dudarik gabe”.

Azkunek ingeniaritza ikasi zuen eta hamar urte egin zituen industrian lanean Andoainen eta Hernanin. Handik hezkuntzara egin zuen salto: Santo Tomas Lizeoan hasi zen euskara eta teknologia irakasten. 1950.ean Elhuyarrera pasa zen: “Elhuyar hasi eta hilabete edo bi hilabetera hasi nintzen ni. Donostian hasi nintzen, San Martzial kalean zeukaten lokal batean. Kuadrilla elkartzen ginen han. Gure helburua zientzia eta teknika euskaraz egitea zen, garai hartan gai haiei buruzko oso lan gutxi baitzeuden euskaraz”.

Azkunek gaineratu du “ohore” bat dela Ehluyarren sortzaileetako bat izatea eta errekonozimendurik onena “egindako lanarekin gozatzea” dela azpimarratu du: “Errekonozimendua egotea ondo dago, baina egindako lanarekin gozatu izana da errekonozimendurik onena. Zu gustura eta pozik egotea da onena eta lana egiten ari zaren bitartean gauza berriak aurkitzeak ematen dizu hori”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide