Camarero-Nuñezen ‘sermoyak’

Asteburu honetan, Pedro Berriotxoa antropologo eta irakaslea Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide izendatu dute, Antton Valverderekin batera. Berriotxoa, besteak beste Nekazaritzako ingeniari teknikoa izaki, baserriko gaietan da aditua. Duela gutxi, LHko eta DBHko testuliburuek zer irudi ematen duten baserriaz eta baserritarrez aztertu du eta hainbat gomendio ere bildu ditu, estereotipoak eta mezu okerrak gainditzeko. Horrez gain, baserriaren historia gustuko duenari biziki gomendatzen diot Berriotxoaren azterketarik sakonena: “Como un jardín. El caserío guipuzcoano entre los siglos XIX y XX”.

Gure herriari dagokionez, Berriotxoari esker ezagutzen dugu Zestoak eman duen nekazaritza/abeltzantzaren dinamizatzaile interesgarrienetako bat: Ignazio Camarero-Nuñez (1881-1910). Aspalditik nekien Iraetako Dukearen administraria izana zela Ignazio baina ez nuen baserriaren garapenean egin zuen lanaren berri. Berriotxoaren artikuluak ederki asko erakusten du Zestoa bezalako herri txikietan bizi zen jendea ez zela ezjakina, garrantzirik gabekoa baserriaren garapenean; alderantziz, hainbatek zuzen-zuzenean parte hartu zuela garai haietako modernizazio prozesuetan, Europan zehar ikusten zituzten metodo berriak hemen aplikatuz eta abar. Garai hartan, Ignazioren moduko pertsonek –Zestoan albaitari izandako Mendez Pallarés etortzen zait gogora– dinamizatzaile paper garrantzitsua jokatu zuten herrietan, eta haiei esker inplikatu ziren hainbat baserritar sektorearen berrikuntzan. Urrutira joan gabe, Mendez Pallares-en lanari esker, eduki zituen gure birraitonak hazitarako zezenak, edo Diputazioak garai hartan izendatzen zuen bezala, “Gurasotzako zezen tokia / Paradas de sementales”. Pertsona haiei esker, joan ziren gure “Gorri” idiskoa eta Aizarnako Etxegaraiko behia, 1908an, Madrilgo lehiaketara (Concurso Nacional de Ganado y Maquinaria Agrícola) eta sarituak izan ziren gainera.

Berriotxoak Camarero-Nuñezi buruz idatzitako artikulua laburtuko dizuet jarraian. XIX. mende amaieran, baserria gainbehera zihoan. Baserri pobreak husten hasi ziren. Gehienak maizterrak ziren eta justu-justu bizitzeko adina ateratzen zuten. Askotan, errepideak eta herriguneak oso urruti zituzten. Modernizazioa, makinaria sartzea-eta oso zaila zen. Nolanahi ere, industrializazioaren eraginez, herriak-eta handitzen hasi ziren eta kalekumeak elikatzeko gero eta beharrezkoa zen haragia, arrautzak, esnea, barazkiak… Horrela bada, baserria behi ganadura orientatu zan. Gure baserrietan ohikoa zen behi gorria edo pirenaikaren ordez, Schwitz arraza ( suiza) sartu zen.

XX. mende hasieran, Diputazioak hainbat proiektu bultza zituen baserria modernizatzeko: ganadu lehiaketak (1896-1913), Fraisoroko nekazaritza-eskola (1896), hazitarako idiskoak, higiene-egitasmoak, Nekazarien Alkartasunak… Proiektu horiek guztiek Diputazioko nekazaritza, abelazkuntza edota basogintzako teknikariak ugaltzea ekarri zuen eta hor kokatzen da gure protagonista Ignacio Camarero-Núñez.

Ignazioren aitona, Felipe, jeneral karlista baten idazkari izan zen eta Lehen Karlistada amaitu ondoren, Frantziara erbesteratu zen. Nantesen jaio zen Ignazioren aita Leonardo. Leonardok matematikak Alemanian ikasi zituen, eta denboraldi batean irakasle izan zen Valladoliden. Han ezagutu zuen, nonbait, Granada de Egako dukea, hau da, Iraetako dukea, eta hark bere administratzaile izendatu zuen. Hala, Iraetara etorri zen bizitzera. Eta Iraetan jaio zen, 1881ean, gure protagonista Ignazio, klase ertaineko familia batean, sustrai karlista eta katoliko sendoak zituen giro batean. Eta, gainera, gune oso euskaldun batean.

1903an, 22 urterekin, Diputazioak lanerako deitu zion eta han hasi zen bere ibilbidea, 1910ean hil zen arte. Ignaziok hainbat klasetako lanak egin behar izan zituen Diputazioan. “Gipuzkoako Nekazaritza” 4 orrialdeko hamabostekariaz arduratu zen lehendabizi eta, handik lau urtera, “Baserritarra” aldizkariaz. Lehendabizikoan, “Berrichukeriak” izeneko atal finko bat idazten zuen hamabostero. Euskalerriaren alde” aldizkarian ere, bi bakarrizketa argitaratu zituen: “Porru salda” eta “Joxe Ebaixto”. Idazlan horiek guztiak umore kutsukoak dira, baserritarrei erakargarriagoak egiteko, eta euskaraz. Idazteaz aparte, Fraisoro eskolako irakasle ere izan zen, hazitarako zezen-tokien inspektore ere bai… Horrela azaltzen zituen Camarerok berak bere lanak: Ongi nintzake ori besterik ez banu. Oraiñ jardun naiz nekazarien kaja egiteko bear diran legeak erdaratik euskerara biurtzen: biar goizean nua Alegrian Diputazioak daukan mintegira; gure errebista kotaruantzat zerbait erderaz moldatu nai nuke; Eibarren datorren igandean egin bear deten sermoya ere moldatu nai nuke, ganadu askoren adarrak zuzendu nai nituzke eta beste gauza askorekiñ kunplitu bearrean nago.”

Sermoya” aipatzen du eman behar duela Eibarren eta lan horrekin amaituko dugu. Ignaziok Diputazioan egiten zituen zereginetako bat zen, hain zuzen, herriz herri hitzaldiak ematea jai goizetan. Hitzaldi horiek oso ospetsu egin zuten Ignazio Gipuzkoan. Udalak nondik deitu, hara joaten zen. Lehenengo hitzaldia Lezon eman zuen, 1903ko abuztuaren 30ean; azkena, berriz, Itziarren 1910eko Santiago egunean. Badakigu beste herri hauetan ere izan zela: Elgoibar, Ormaiztegi, Elgeta, Zestoa (gero aipatuko dugu berriro), Donostia eta Zarautz.

Hitzaldietan, nekazaritzari buruzko azalpen orokorrak ematen zituen Ignaziok, euskara garbian. Baserritarrak oso gustura geratzen omen ziren eta txalo zaparrada batekin agurtzen omen zuten. Oso hiztuna eta pipertsua izan behar zuen. Hitzaldiak, Ignaziok “sermoyak” deitzen zituenak, udaletxeetan egiten ziren gehienetan. Gaiak jakinekoak izaten ziren: nekazaritza berria, ongarri mineralak, hazien hobekuntza, behi-arrazen hobekuntzak, aseguruak…

Jendeari hitz egiten ohitua omen zegoen baina beti ematen omen zion erreparoa. 1905ean, bere herrira etortzea tokatzen zitzaion, alegia, gurera, Zestoara, eta hala utzi zuen idatzita: “Neure erriyan sermoya egiñ bear det gizona, sermoya. (…) Kontzeju edo errico echeko balkoetatik plazara Zestoan. (…) naiago nuke Zestoako Ama Birjiñetako korridetan primer espada izan, datorren igandean artu bear dituten banderillak artu baño.

Argazkia: Ignazio Camarero-Nuñez, bere emazte Teresa Mendizabal eta Teresa eta Ignazio seme-alabak (Berriotxoaren artikulutik hartua)

 

Pedro Berriochoaren lana interneten aurki daiteke. Ez da lehenengo kolpean aurkitzen, baina googlen titulua jarri eta honelako testu bat azaltzen zaizunean (2010 san sebastián – donostia – Kutxabank) buletin osoa deskargatu ahal izango duzu. Ondoren, nahikoa duzu, “Camarero” hitza bilatzea. Hemen, bada, fitxa osoa: BERRIOCHOA AZKARATE, Pedro: Un centenario: Ignacio Camarero-Núñez Arizmendi (1881-1910). Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián, ISSN 0210-2889, Nº. 43, 2010, 125-148.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide