Albisteak

Danel Lauzirikak Zestoan eta Aizarnan jasotako kontuak bildu dituen liburua aurkzetu dute

Hamazazpigarren aidanez liburua aurkeztu zuten atzo arratsaldean Alonderoko kultur aretoan. Guretik sortuak proiektuaren baitan egin zuten aurkezpena. Euskarazko sorkuntza sustatzeko asmoz jarri zuen martxan iazko urtarrilean proiektua Udalbiltzak.

Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala da Geuretik sortuak. Besteak beste, idazle, zinegile edota antzerkigileen egonaldiak sustatu dira Euskal Herriko hainbat udalekin elkarlanean, tartean Zestoako Udala. Hautatutako artistek euren bizilekua ez den herri batean hilabete inguruko egonaldia egin dute, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko.

Danel Lauzirika idazle gernikarrak Zestoan egin zuen egonaldia eta literatura arloan hartu du parte proiektuan. Zestoan jasotako kontuekin 50 orrialdeko kontakizuna idatzi du eta kontakizun hori, Hamazazpigarren aidanez liburuan jaso da. Nerea Odriozola Zestoako Udaleko Kultura zinegotziak azaldu zuen “pozgarria” izan dela horrelako proiektu baten parte hartzea.

Lide Hernando Udalbiltzako kultur teknikariak azaldu zuen 2019 urtearen amaieran emandako hausnarketa baten ondorioz sortu zela proiektua. Hernandoren arabera, euskara hutsean egindako lan asko “ur azpian” gelditu ohi dira: “Espainiar eta frantziar kulturak oso potenteak dira eta baliabide asko ematen zaizkie kultura horiei. Horren ondorioz, euskal kultura pixka bat itota gelditzen da. Gu erakunde publiko nazional garen aldetik, erantzukizuna sentitzen genuen zerbaitetan lagundu ahal izateko, gure txikitasunetik”. Horrez gain, proiektua “esperimentu artistiko” bat izan dela azaldu zuen: “Euskal Herriaren historia artistiko edo emozionala kontatzea nahi genuen, oso atzera joan gabe, gaurkotasunetik. Interesgarria iruditzen zitzaigun gaur egungo Euskal Herriaren historia herrietatik kontatzea”.

Lauzirikak  bi zatitan egin zuen Zestoako egonaldia: ekainean herrigunean izan zen eta uztailean, Aizarnan. “Asmatu genuen erabakiarekin. Horrela bi errealitate ezberdin ikusi nituen. Hor dauden “pikeak” eta hartzeko baliagarria izan zen” azaldu du gernikarrak. Etorri baino lehen ezer gutxi zekien Lauzirikak zestoari buruz. “Kontrastedun” herria iruditu zaio Zestoa Lauzirikari. Akoa edo Aizarna leku idilikoak direla azaldu zuen aurkezpenean eta Arroabeako industriaguneak horrekin “kontraste handia” egiten duela.

Lauzirikak azaldu zuen ez dakiela ze definizio eman bere lanari, “ez dakit zer den, eleberri bat edo narrazio luze bat”. Kontakizuna 90. hamarkadan kokatuta dago. Idazlearen esanetan, Bilbon bizi den pertsona bat Zestoara etorriko da oso gogoko duen musikari batek ahotsa galdu duelako. Pertsona horrek hainbat urtetan ez du izan musikariaren berri eta hori argitzeko beharra sentitzen du. Lauzirikak, doinuak, soinu-bandak, tinbreak, 1990eko hamarkadako gizartea, jazz-berri, orduko musika, herriko hamalau hotelak, baserriak, jendea, herriko txokoak, herri euskaldun bateko bizimodua, droga, ETA, Txitxarro eta Varela jenerala bildu ditu kontakizunean. Zestoarrak ere bere lekua dute lerro horietan: “Zestoarrak ere bazaudete kontakizunean, norberak bere burua aurkitu behar du. Batzuetan erraza da, izenekin azaltzen direlako baina beste batzuetan ez da izenik agertzen. Ilustreren bat oso ongi azaltzen da”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide