Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Zahagi dantzarekin hasi ziren atzo Amabirjinak agurtzen. Euriak ez zituen dantzariak, musikariak eta haien atzetik joan ziren herritarrak kikildu, eta jai giroan egin zuten Erdikaletik plazarainoko ibilbidea.
Herriko trikitilari eta pandero-jotzaileekin kalejiran eta txistularien laguntzarekin egin zuten zahagi dantza. Erdikaletik abiatu eta plazan amaitu zuten itzulia.
Bertan, dantzaurrearen barruan eta urteroko ohiturari jarraituz, dantzariek bi herritar omendu zituzten. Harridura aurpegiak eta une hunkigarriak izan ziren nagusi, Ane Mendizabal Itxaropena dantza taldeko dantzari ohia eta Amaiur Aristi zahagi-dantzaria haien aurrera atera zituztenean.
Aizpea Aristik, Amaiurren ahizpak, dantzatu zion agurra azken horri, une bereziki hunkigarrian. Amaitzeko, herritarrak dantzariekin elkartu ziren, urtero bezala, zirkuluan elkarrekin dantzatzeko.
Ondoren etorri zen festen behin betiko amaiera, zezensuzkoarekin. Oraindik dantzarako gogoa zutenek, berriz, Laket erromeria taldearen kontzertuarekin luzatu zuten gaua.













































