Dekadentzia

Santu Guztien egunaren atarian, gure herriko kanposantuei buruz idazteko asmoa nuen; betikoa, historia, ondare ikuspegia, kanposantuen xarma… Baina eguerdian, detaile txiki batek aldarazi dit asmoa, eta heriotzaz idatzi ordez dekadentziaz, gainbeheraz, idaztea erabaki dut.

Eman behar herri “p…” honetan (“polita” esan nahi nuen), ederra eta indarrarekin, gogotsu, gorakadan, datorren guztia ezabatu egin behar dela eta dekadentea bistaratu. Zertaz ari naizen? Bada, ez da asmatzen erraza.

Gaur eguerdian ikusi ditut plazako farola berriak, eta haserretu egin naiz. Non dago gustua herri “p…” honetan? (“polita” esan nahi nuen). Jakina da plazako farolek, horman “josita” dauden tokitik, nolabaiteko arku moduko beso bat dutela eta haren ertzean zintzilikatzen dela farola. Zer iruditzen oraingo farola berriak? Desegokiak, ezta? Badute, begiradara arraro egiten duten zerbait. Alde batetik, bistakoa da bi diseinu ezberdinen arteko konbinazioa (besoa eta farola bera) ez dela beti erraza izaten, eta kasu honetan ez dira fin ibili (nire ustez). Eta gero bada beste gauza bat: bada mundu honetan harmonia deitzen den gauza bat eta horri esker gauzek oreka bat lortzen dute eta horregatik dira ederrak. Arku edo beso horien kasuan, lehen, gogoratuko duzue, kristalezko ontzi moduko zera handi bat zeukaten eta gainean txapel moduko elementu bat. Horrek guztiak “karga” sentsazioa ematen zion besoari eta multzo harmonikoa osatzen zuten. Orain, ordea, farola horiek, kolorez eta diseinuz desberdinak izateaz aparte, kristalik eta gainerakorik ez dutenez arinegiak geratzen dira beso zuztar horientzako. Eta geratzen dira, erdaraz eta modu baldarrean esaten den bezala, “como el culo”. Gustua, beraz, bizkarrak bere izen ona galtzen duen tokian. Nori okurritu zaio? Eta endemas plazan, herrian daukagun txokorik ederrenean eta historikoenean? Galdetu harmoniaz edo estetikaz dakien edozeini, ea zer dioen… Bada horixe, lehen esan dudan bezala, dekadentzia bere onenean dagoela.

* * *

Baina utz dezagun hori eta har dezagun beste gai bat. Ez dago gauza dekadenteagorik, bandera bat mugitu ezinik, beti erorita ikustea baino. Hori gertatzen da, esate baterako, Donostiako Gipuzkoa plazako ikurrinarekin; makina bat aldiz pasa izan naiz handik baina ez dut sekula ikusi ganoraz mugitzen, “ondeatzen”. Nola ba, han ez da haizerik ibiltzen eta!

Bandera bat ez altxatzea eta mugitzea da –barka baldarkeria– aktore porno bati zera hori ez altxatzea bezalakoa, alegia, kontraesan bat. Eta barka ditzala irakurleak matxismo irteera hauek baina nago banderak eta gizonkeriak uste baino lotura gehiago dutela. Hurrengo baterako gaia izan liteke hori. Baina tira, esan dudan bezala, haizeak mugituta harrotzen ez den bandera bat horixe da, kontraesan bat. Bada, Gipuzkoako plazako Aberriaren harrotasuneko izar porno horri ez zaio ezer harrotzen. Dekadentea.

Banderek “ni fu ni fa”, ez hotz eta ez bero, uzten naute baina jarraitzaile sutsuak nonahi dituzte. Txori txiki batek esan dit gure Laranjadin ere ba ote duten asmoa horrelako bat jartzeko. Ikusiko ote dugu harrotzen, “ondeatzen”? Zein Viagra klase eman beharko ote zaio beti tente-tente, harro-harro egoteko? Beste behin ere lotsagarri geratuko ote gara? Dekadentzia soro askotan uztaoa bezala.

* * *

Dekadentzia goraka, eta indartsua, bizia, freskoa ezin jasan. Gero eta ederragoa dago Laranjadi goi aldeko artea. Bolara duenean, ezkur ugari eta eder askoan ematen ditu gainera. Indartsu, dekadentzia aztarnarik gabe. Orain konturatu omen dira, ordea, 20 urte pasa eta gero, plazako granitozko zorua mugitu egiten omen dute bere sustraiek, indarraren indarrez. Eta ez egitekoren bat egingo diote egunen batean, ojo! Baina ez al zekiten bada landatzerako, zer gerta zitekeen? Non zeuden adituak? Orain arbola ederra egin denean, motozerra hotsak airean. Hildakoak ere amorraraziko lituzkete gure agintariek, alajaina!

Zalantzarik gabe, dekadentzia gustatu egiten zaigu. Ez da oraintxe esandakoa, “Cosas de Cestona, ora pro nobis”, Uztapideren hizkuntzan esanda, Zestuako gauzak, erregutu ezazu gugandik”. Tira, hamaika ikusteko jaio gara!

 

POST-SCRIPTUM, IMANOL ETXABERI BESARKADA EMATEKO: Lerro horiek idatzita handik pixka batera gogorarazi didate gaur jubilatzen dela Imanol Etxabe gure lankidea. Dekadentziaren beste seinaleetariko bat izaten da pertsonekiko harremanetan aspalditik iraun duten kode edo ohiturak hankaz gora jartzea. Gizalegezko kode horietako batzuk dira pertsonak ez gutxiestea, urtetan eta urtetan egindako lan isila aitortzea, ibilbide baten amaieran dagoenari ez zangotrabak jartzea… Pena ematen dit Zestoako Udalak, argiteria publikoa berritzerakoan, zenbait gauzatan izan duen “delikadeza” edo fintasun faltak. Batzuetan, argiteria zerbitzua kanpoko enpresa bati ematea justifikatzeko, udal brigadaren eta argiteriaz arduratzen ziren langileen akatsa, arduragabekeria edo lanerako fundamentu falta aipatu dira. Hitz horiekin ez bada ere, hitz-erdika hori adierazi nahi izan da. Eta sasi-argudio horiek min handia eman digute askori eta, zer esanik ez, Imanoli. Eskertu beharrean, hainbat urtetan herriaren alde jardundako bidelagunari zangotrabak jarri behar. Edo arantza bat behintzat.

Ibili den tokian –eta 31 urtean izan gara lankide– langile zorrotza izan da, saiatua, herriko ur-zerbitzu eta argiteria kontuetan jakinduria ikaragarrikoa, bere lanarekin eta herriarekiko zerbitzuarekin oso konprometitua. Harreman pertsonalean, berriz, hotz pixka bat hasieran baina oso emankorra berehala. Noblea. Laguna.

Imanol, hik egindako lana ez duk alferrik galduko. Dekadentziaz harago, beti zagok jendea edertasunari ere begiratzen diona. Eta idazleak zioen bezala, zerk edertzen dik bizitza eman eta eskaini eta oparitu duanak baino? Nahi duanerako, hemen gaudek, eta hemendik aurrerako ibilbide oso oparoa desio diagu. Etorri, noizean behin, lagunak bisitatzera eta tragoxkaren bat hartzera!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide