Albisteak

Donostia Ospitalera zuzeneko autobus zerbitzua eskatzeko sinadura bilketak bere fruituak eman ditu

Donostia Ospitalera joateko zuzeneko autobus zerbitzua egon dadila eskatzeko sinadura bilketa egin zuten 2025eko ekainean eta uztailean. Donostia Ospitaleko hainbat langilek bizi duten egoera zailari erantzuteko asmoz, Doako parking-a denontzat izeneko plataformak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan 3.628 sinadura lortu zituzten. Jasotako sinadurak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun sailera bideratu zituzten.

Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu zuenez, Urola Erdiaren eta Donostiako ospitalearen arteko lotura “hobetzera” bideratuko du erakundeak aurrekontuaren zati bat. Izan ere, pasa den urtean 61 milioi euroko aurrekontua bideratu zuen aldundiak garraio publikora, eta aurten, 68,4 milioi euro eskainiko dizkiote.

Doako parking-a denontzat plataformak uda aurretik prentsara igorritako ohar batean azaldu zutenez, Donostia Ospitalean gero eta zailtasun gehiago daude autoak aparkatzeko eta, ondorioz, asko dira egunero dagokien ordua baino askoz ere lehenago etorri behar diren langileak, kontsultak galtzen dituzten pazienteak eta senitartekoak bisitatzeko ordainpeko aparkalekuan “diru kantitate handia” uzten duten pertsonak. Foru Aldundiak agindutako neurriekin, arazo honi hein batean konponbidea ematea espero dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide