EAJ/PNV-ri erantzunez, bideen ardura eta finantzazio sistema

Udal hauteskundeak ortzi-mugan, legealdi erdia lozorroan pasa eta gero, ondoko herrietan bezalatsu Zestoako EAJ-PNVk aldizkari eta komunikatuak argitaratzeari ekin dio. Zalantzarik gabe, erabat zilegi eta beharrezkoa da kritika politikoa, are gehiago gobernu arduretan dauden ordezkariei egin beharrekoa. Baina EAJk leporatzen dizkigun arazorik nagusienak horiek badira, ez gaude hain gaizki. 

Azken argitalpenean, Lili jauregiaren ondotik Bainuetxera arteko trenbide plataformaren egoera txarra Zestoako Udal gobernuari leporatu dio EAJko udal bozeramale Garikoitz Mendizabalek. Bistan da, trenbide zaharra egoera txarrean dagoela eta batez ere, euriteak daudenean bertatik paseatzea deserosoa gertatzen dela.

Testuingurua azaltze aldera, argitzea komeni da zati horren jabea ez dela Zestoako Udala, Eusko Jaurlaritzaren menpeko den Eusko Trenbide Sarea baizik. Ondorioz, azpiegitura horren eskumena eta mantenua ETSri dagokio eta ez udalari. Udalak zati hori erabat konpontzeko aurrekontuak baditu eta kostua 70000 eurotik 90000 eurora artekoa izango litzateke. Anartean, Zestoak duen azalera zabala eta baserri sarea tarteko, udalaren esku 70 km inguru bide daude eta baserri askotan adineko jendea bizi da, inoiz anbulantziaren batek adineko baserritarra artatzeko komeriak izan dituelarik. 

Azken urteetan km batzuk konpondu dira baina oraindik baserri askotara iristeko bideak ez daude egoera onean. 2025 eta 2026an bide konponketetara bideratutako partida ekonomiko nagusiak, Lasao errekako bidea konpontzeko erabiliko dira, GFAren diru laguntza baliatuta. Datozen urteetan beste baserri eremu batzuetarako bideak konponduko dira baina udalak bere ardurapean dituen bide guztiak konpontzeko denbora eta dirutza beharko da.

Beraz, gure buruari egin beharko geniokeen galdera ondorengoa da: zilegi ote, udalaren ardurapean dauden baserri bide asko egoera txarrean dauden bitartean, udalaren ardurapekoa ez den paseorako bide zati bat konpontzeko udalak dirutza hori gastatzea? Gure ustez ez! Eta irtenbidea ez dela aitortuta ere, nahiz udalaren eskumenekoa izan ez, zuloak tapatzea izan da orain arte udalak egin duena. Nahiz jakitun izan, euri-jasa izan orduko zuloak berriro agertzen direla.

Egungo herri administrazioaren finantziazio sistemak, Zestoa bezalako herriak izugarri kaltetzen ditu. Gipuzkoako herririk gehienak ez bezala, Zestoak zerbitzu nagusiak oso dispertsatuak ditu eta horrek zerbitzuen kudeaketa asko garestitzen du. Trukean foru funtsetik ez dugu hobaririk jasotzen eta soilik biztanle kopuruaren araberako diru funtsa da jasotzen duguna. Adibidez, Zumaiak biztanleko duen per capita kostuaren bikoitza da Zestoak daukana eta Ehbildu aspaldidanik ari da gurea bezalako herrientzat bidezkoagoa litzaketen finantzazio sistema bat eskatzen. 

Gauzak horrela, Garikoitz Mendizabal EAJko legebiltzarkide eta burukidea izanda, bere alderdiari gurea bezalako herriak hobeto zaintzeko eskatu beharko lioke. Eta aipatu bide zati horren ardura bere alderdiaren gidaritzapean dagoen Eusko Jaurlaritzarena izanda, hobe eta eragingarriagoa luke bide zati horren konpontzea bere alderdiari edo gobernuari eskatuko balio. 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide