Albisteak

EAJ-PNVk Amabirjin jaien balorazioa egin du eta positiboa izan arren hobekuntzak eskatu dituzte

Zestoako EAJ-PNVk Amabirjin jaien inguruko balorazioa egin du, eta oro har jaiak “giro egokian eta errespetuz” ospatu direla azpimarratu du. Hori “pozgarria” dela adierazi dute, baina hainbat gabezia ere nabarmendu dituzte, etorkizunean hobekuntzak txertatzeko proposamenekin.

Jeltzaleek adierazi dutenez, Txistulari Alardean abesbatzaren altuerak polikiroldegira ez eramatea izan da aurten atzemandako hutsunea. “Koordinazio falta edo ahaztu izana izan daiteke arrazoi nagusia, baina hurrengo edizioan zuzendu beharko da”, esan dute. Halaber, ekitaldiaren tamainak arduradun baten beharra eskatzen duela nabarmendu dute, eta aurten hutsune hori somatu dela.

Bestalde, kritikak egin dituzte zezenen desenkajonamenduaren inguruan. Aurten animaliak gauez iritsi ziren eta Udalak torileko ateak ez irekitzea erabaki zuen. Horrek “haserrea eta desadostasuna eragin” zuela azaldu dute, bai zezen zaleen artean, bai herritar askoren artean. EAJ-PNVren iritziz, “errazagoa zen ordua aldatzea eta Udal ordezkari baten presentziarekin torilak irekitzea, herritarrek ikuskizuna segurtasunez jarraitu ahal izateko”.

EAJ-PNVk jaiak batzorde ireki eta parte-hartzaile baten bidez antolatzeak onurak dituela aitortu du, baina horrekin batera, Udalari eskatu dio egitaraua orekatzea eta herritar guztien beharrei erantzutea. Nabarmendu dutenez, aurten ere gabezia izan da zezenketa ondorengo kontzertuetan: “Kontzertu horiek eseri eta ikusle orokorrari begira antolatu beharko lirateke, baina gazteei zuzendutako programazioa nagusitu da”.

Beste kezka iturri bat izan da botiloi masiboen fenomenoa, EAJ-PNVren arabera herrigunetik harago ere hedatu dena. “Adinekoak babestu behar ditugu, eta ez dugu onartzen adingabeei alkohola ematea”, azpimarratu dute. Zentzu horretan, gazteen artean alkohola kontsumitzeko egoera “kulturalki normalizatuta” dagoela salatu dute.

Amaitzeko, jeltzaleek herrian agertzen diren pankarta aldarrikatzaile ugari aipatu dituzte, eta horrek “30 urte atzera egin dugun itxura” ematen duela adierazi dute.

Kritika horiek guztiak alde batera utzita, EAJ-PNVk zoriondu ditu jaien antolaketan eta ospakizunean parte hartu duten herritarrak: “Jarrera egokia izan dute eta ekarpen baliotsuak egin dituzte. Horregatik, gure proposamenak beti izango dira hobetzeko eta eraikitzeko bidean”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide