EAJ-PNVk Urola Kostako afiliazio eta elkarteekin lankidetza sustatuko du etorkizuneko plan eraldatzaile baterako
— 2025-02-21Urola Kostako erronka politiko, sozial eta ekonomikoei aurrea hartzeko estrategia lantzen hasi da EAJ-PNV. Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orio erakundeetako ordezkariekin topaketa egin du Arrizabalagak
Gipuzkoako EAJ-PNVk Urola-Kostan dituen erronka politikoei erantzuteko estrategia lantzeari ekin dio. Eskualdeko afiliazioarekin eta elkarteekin lankidetza bultzatu nahi da etorkizuneko plan eraldatzaile bat prestatzeko. Hiru helburu nagusi izango ditu:
1. Lurraldeko lehen indarra izatea. EAJ-PNVren posizioa indartu Gipuzkoako esparru politikoan.
2. Aldaketa eta berrikuntzaren eragile izaten jarraitzea. Gizartearen behar berriei erantzuteko eta ikuspegi irekia mantentzeko konpromisoa.
3. Abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzutea. Ikuspegi euskaldun, ireki eta zabalago batetik lan egitea, modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka bilatuz.
Gipuzko Buru Batzarreko presidente berriak, Maria Eugenia Arrizabalagak, funtsezko zeregina izango du prozesu honetan. Bere hitzetan, gaur egungo politika globalean populismoak eta demagogiak dakartzaten arriskuak nabarmenak dira, eta Gipuzkoa ere ez dago salbu. Are gehiago, fenomeno horiek polarizazioa eta desinformazioa sor ditzakete. Horren aurrean, benetakotasuna eta errealismoa defendatzen ditu, EAJ-PNVren nortasun historikoa berrikuntza eta eguneroko lanarekin uztartuz.
Topaketa honetan, GBBko eta Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa, Aizarnazabal, Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orio alderdikideek parte hartu dute, etorkizuneko ekintza-ildoak aztertzeko eta lantzeko. Horrela, Arrizabalagak konpromisoa hartu du gizarte-, kultura- eta ekonomia-esparruetako sare berriak sortzeko, etorkizuneko abertzaletasunaren ikuspegi irekia ardatz. Gainera, herrigintza eraginkorra egiteko beharra azpimarratu du, epe motzeko arazoei erantzunez eta aldi berean ikuspegi estrategikoa izanez.
Ildo horretan, Urola-Kostaren garapenerako hainbat proiektu estrategiko planteatu dira, hazkunde sozioekonomiko orekatu eta iraunkorreko eredua bultzatzeko helburuarekin. Horretarako, eskualdearen erronka nagusiei heldu zaie, etorkizuneko agertokiei aurrea hartuz, jarrera erabakitzaile eta lehiakor batetik. Honako ildo estrategikoak landu dira: industria-berrikuntza, lehen sektorearen babesa eta dinamizazioa, eta garraio publikoaren konexioak eta zerbitzuak hobetzeko ekimenak. Gainera, trantsizio energetikoan eta lurzoru industrialaren eskasiari irtenbideak bilatzeko prozesuan aurrera egiten da, hori funtsezkoa baita jarduera ekonomiko berria erakartzeko.
Bestalde, hezkuntza prestakuntza eskaintza indartzea da erabakigarria izango da, industriaren beharrei erantzungo dieten profil kualifikatuak izateko. Era berean, zerbitzu publikoak egokitzea eta handitzea lehentasuna izango da biztanleriaren zahartzearen eta jaiotza-tasa txikiaren erronkan.
Etxebizitzaren auziari dagokionez, alokairu-prezioak mugatzea edo zigor-kanonak ezartzea soilik xede duten politiken aurrean, EAJ-PNVk etxebizitza publiko berria eraikitzea sustatzeko politikak lantzearen aldeko apustua egiten du. Horretarako, eskualdean dagoen lurzoru publikoa Eusko Jaurlaritzaren esku jartzearen alde agertu da lan-taldea, baita HAPOen berrikuspenek ere eskaintzen dizkiguten aukerak baliatzea alokairu sozialeko etxebizitza berriak merkaturatzeko.
Horrela, batetik, eskualdea indartu eta herri txikien erronkei erantzun egokia emateko beharra azpimarratu zen, eta, bestetik, alderdiaren ikusgarritasuna eta abertzaletasuna suspertu eta dinamizatzeko ekimenak landu ziren.
Presidentearen hitzak laburbilduz: “Herria maitatuz, herritarrak errespetatuz eta sektarismoari mugak jarriz”. Horretarako, Gipuzkoako EAJ-PNVk Gipuzkoako gizartearen erronka eta aukerei aurrea hartzeko prozesu proaktibo bat abiatu du.
Egin zaitez bazkide