Urtarrila 2026
— 2026-02-10Irakurri 278. zenbakia hemen.

Atzoko agerraldian, Mikel Arregi alkatearekin batera izan ziren Gotzon Lizaso (Portale kultur elkartea), Jone Exposito (Fundizio elkartea) eta Maria Blanco (Punpairez podcasteko esataria). Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean osatutako egitaraua da, eta helburua argia: festen atariko hilabeteak kultur jardueraz betetzea.
Arregik nabarmendu zuen Zestoa herri txikia izan arren kultur sorkuntzan eta dinamikan aberatsa dela, eta horren isla izan nahi duela egitarau bateratu honek.
Hemendik udara bitartean hainbat kontzertu izango dira, eta musika izango da programazioaren ardatz nagusia. Artista ezagunak igoko dira oholtzara, eta horrek indarra emango dio egitarauari. Hala ere, umorea, bertsolaritza eta herri ekimenak ere izango dira, eskaintza askotarikoa osatuz.
Punpairez (otsailak 27)
Lehen hitzordua Punpairez umore ikuskizun eta irratsaioarekin izango da, 19:30ean, Kultur Etxean. Maria Blancok azaldu duenez, umorezko saio ibiltaria da, baina baita irratsaio formatua ere (Naiz Irratian). Herriz herri ibiltzen dira, eta tokian tokiko gonbidatu bereziak elkarrizketatzen dituzte, bakarrizketak eta zuzeneko musika tartekatuz. Zestoan, Mikel Irure eta Naroa Agirre izango dituzte gonbidatu.
Blancok eskertu egin zuen udalak herriko jendeari eta sortzaileei ematen dien tokia, eta nabarmendu zuen halako egitasmoek herriko kultur giroa indartzen dutela.
Fundizio Fest bueltan (maiatzak 23)
Jone Expositok iragarri zuen Fundizio Fest jaialdia berreskuratuko dutela. Hiru urteko etenaren ondoren, berriz ere egun osoko musika jaialdia antolatuko dute. Arratsaldetik aurrera kontzertuak izango dira herriko hainbat gunetan —Gaztetxean eta plazan, besteak beste—. Parte hartuko duten taldeen gehiengoa herrikoak izango direla aurreratu zuen, kanpoko gonbidaturen batekin osatuta. Kartela aurrerago argitaratuko dutela esan bazuen ere, kartelburu gisa talde zestoar garrantzitsu bat izango dela iradoki zuten.
Portale Kultur Elkartea
Gotzon Lizasok azaldu zuen Portalek bere jardunarekin jarraituko duela. Ia hamabostero antolatzen dituzte kultur ekitaldiak —hitzaldiak, proiekzioak eta kontzertuak—, eta Udaberri Kulturaleko afixan agertzen direnez gain, beste batzuk lotzeko bidean ere badirela aurreratu zuen.
24. Korrikaren bueltako ekitaldiak (martxoak 26–28)
Korrikaren harira, Zestoan Korrika batzordea osatu eta lanean ari da azken asteotan, euskararen aldeko ekimenari merezi duen oihartzuna emateko eta giroa berotzeko egitarau berezia prestatzen. Aurten Korrika bitan igaroko da herritik, eta horren bueltan hainbat hitzordu antolatu dituzte aurreko egunetan zein igarotze egunetan bertan. Arroabearrek ere bere alea jarri dute, eta han ere izango dira ekitaldiak.
Aurten Korrika bitan igaroko da Zestoatik:
Martxoaren 25ean, Arroabetik.
Martxoaren 28an, herrigunetik.
Horren bueltan:
Martxoak 26: Bertso-poteoa, Aitor Salegi eta Oskar Alberdirekin.
Martxoak 27: Bertso afaria, Jon Maia eta Unai Iturriagarekin (Arroabean).
Martxoak 28: Elektrotxaranga herrigunean.
Otsailak 27 – Punpairez (19:30, Kultur Etxea)
Martxoak 6 – Okiñena & Da Costa (19:00, eliza)
Apirilak 17 – Jurgi Ekiza (Portale)
Apirilak 24 – Zuhaitz Gurrutxaga (19:00, Kultur Etxea)
Maiatzak 15 – Kalakan (19:00, tokia zehazteke)
Maiatzak 23 – Fundizio Fest
Ekainak 6 – Xabi Solano & Jon Garmendia Txuria (San Lorente)