Albisteak

EHUko ikerketa talde batek duela 2000 urteko egitura bat aurkitu du Aizarnan egindako indusketa batean

Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Kultur Paisaiaren Ikerketa Taldeko kideak Aizarnan dabiltza azken egunetan indusketa lanak egiten. Josu Narbarte Gipuzkoako landa eremuetan lurraren erabilera nola aldatu den ikertzen ari da EHUn eta ikerketa horretarako indusketa bat egiten dabiltza Aizarnan. Josu Narbarte, Aitziber Gonzalez eta Francisco Gomez ikerlariak eta Gartxot Fidalgo eta Ander Rodriguez ikasleak EHUren Gasteizko Letren fakultatetik etorri dira Aizrnara.

Asteazken honetan amaituko dituzte indusketa lanak, eta datorren astean indusketa egin duten tokia estaltzera etorriko dira. “Zundaketa egin ostean hiru fase aurkitu ditugu lurpean. Lehen fasea 30 zentimetro inguruko kapa batek osatzen du, bertan ikatza eta zabor pila bat aurkitu ditugu eta azken hamarkadetan zaborra erretzeko ibili izan dela ikus daiteke kapa horretan” azaldu digu Narbartek. Horren azpian bigarren fase bat bereiztu dute, kolore horiagoa du bigarren faseak argazkietan ikus daitekeen moduan. “Bigarren fasea askoz ere buztintsuagoa da eta ia metro baterainoko sakonerara iristen da. Zeramika arrastoak eta ikatzak aurkitu ditugu hor, eta ondoriozta dezakegu nekazaritzarako erabilitako lurra dela bigarren fase honetakoa”.

Zundaketaren hirugarren fasea da ikerlariei gehien interesatu zaiena: “Lehenago hemen egindako zundaketa batean bi metrora arteko zuloa egin genuen eta bertan lur gorria eta ikatz puskak aurkitu genituen. Ondoren laborategian karbono 14arekin tratatu ostean kristo aurreko bat eta kristo ondorengo bat mendeen arteko data eman zigun karbono 14ak”.

Egunotan Aizarnan egiten ari diren indusketa hau ez da Aizarna inguruan egin duten bakarra: “Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bati esker Aizarnan eta Akoan azken urtean hainbat zundaketa egin ditugu, eta zehazki hemen aurkitu dugu nekazaritza erabileraren azpian beste erabilera bat izan zela, ziurrenik okupazio erabilera izango zen, eta hori argitu behar dugu indusketa lan honekin”. Indusketaren hirugarren fase horretan duela 2000 urteko egitura bat aurkitu du EHUko ikerketa taldeak. Josu Narbarteren esanetan “duela 2000 urteko egitura bat topatu dugu, erreta dagoen egitura bat da. Ez dakigu estruktura zehazki zer zen, baina egituraren inguruko buztinaren gorritasuna ikusita ondorioztatu dezakegu egitura erre egin zela bere garaian, burdin aroan. Argi daukagu egitura horren barruan egiten ziren jarduerak suarekin zerikusia zuetela”. Egitura horren gainean burni mineral arrastoak eta eskoria arrastoak ere aurkitu dituzte ikerketa taldekoek. Gipuzkoan oso ohikoa ez den aurkikuntza bat dela gaineratu dute, gaur egun zaila baita herriguneetan horrelako indusketak egitea.

Aizarnako eskolako ikasleek eta Aizarnako herritarrek bertatik bertara ikusi ahal izan dute EHUko ikerketa taldeak egin duen lana, eta Narbartek adierazi digunez “oso esperientzia polita izan da Aizarnan lan egitea, herritarrei erakutsi ahal izan diegu guk egindako lana eta gure lana gizarteratzea oso garrantzitsua da. Oso esperientzia aberasgarria izan da, aizarnarrek guk ez genekizkien istorioak kontatu baitizkigute eta eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei. Oso gustura gaude”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide