Ekain Guraso Elkartea: ‘Guraso Elkarteari buruzko hainbat mamu uxatu nahiko genituzke’

Zestoako Ekain Guraso Elkarteak honako idatzi hau argitaratu du, idatziarekin Guraso Elkarteari buruzko “hainbat mamu” uxatu nahi dituzte, eta azaroaren 10ean izango den Eskolako Urteko Batzar Nagusian parte hartzeko deia egiten diete herriko gurasoei:

Idatzi honen bitartez eskolako Guraso Elkarteari buruzko hainbat mamu uxatu nahiko genituzke: izugarrizko lana dela, jendea erre egiten dela, ez duela ezertarako balio, …

Egia da gure lana askotan kanpora begirakoa dela (herriko danborrada, inauteriak, …) eta gehiago begiratu beharko genukeela eskola barnera (gurasoen formazioa, gure seme-alaben prozesuen jarraipena, …), baina gure eskuetan dago arazoari buelta eman eta denon artean gure lana ongi bideratzea. Azken finean gure haurren heziketari buruz ari gara hitz egiten eta, gure partetik, esperientzia positiboa izaten ari dela esan dezakegu, kanpotik ikusten ez den gauza asko ezagutzen direlarik.

Ikuspegi horretatik abiatuz ekin genion aurreko ikasturtearen bukaeran Txanpinoiko auzolanari: gure umeentzat antolatutako jolas eremu berria.

Ekimen horrek oso harrera ona izan zuen eta oso giro ona sortu zen gure artean. Aurrera begira ere baditugu gure proiektuak eta talde handiagoa osatuko dugulakoan gaude.

Dakizuen bezala eskola Herri Hezitzaileen proiektuaren barruan dago eta ikasturte honetarako erronka berri bat jarri diogu geure buruari: eskola handiko jolas eremu berri bat diseinatu eta auzolanean gauzatzen ahalegindu. Horretarako ezinbestekoa izango da gure seme-alaben iritzia kontuan hartzea eta denon parte-hartzea ziurtatzea.

Aurreko guzti horretaz (eta gehiago) hitz egiteko; azaroaren 10ean, 21:00ean ospatuko dugun ESKOLAKO URTEKO BATZAR NAGUSIA-ra etortzera gonbidatu eta animatu nahi zaituztegu. Bertan, Guraso Elkartearen eskutik aurreko ikasturtean egindakoaren memoria, ikasturte honetan egitekoak, … aurkeztuko dugu.

Guraso Elkarteko karguen iraupenari buruz hausnarketa egin nahi dugu baita ere: konturatu gara bi urte motzegi geratzen dela ( lehenengo urtea ikasten eta bigarrena berriei dakigun gutxi hori irakasten pasatzen dugu) eta egokiena hiru urtekoa egitea izango litzatekeela.

Hori horrela, egungo taldeko partaide batzuk gure kargua urte betez luzatzeko prest azaldu gara eta gurekin borondatez parte hartzea gonbidatu nahi zaituztegu.

Besterik gabe, eta geure seme-alaben heziketa prozesuan lagun izango garelakoan, ea eskolako jangelako aretoa gurasoz betetzea lortzen dugun!

EKAIN” Guraso Elkartea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide