Albisteak
Ekialde hurbileko “gerra eta zapalketatik” ihesi doazen errefuxiatuei elkartasuna adierazi die Astinduk
— 2016-03-23Asteazken arratsaldean Astinduk antolatutako elkarretaratzea izan da Zestoako Plazan. Bertan elkartutakoek ekialde hurbileko gerra eta zapalketetatik ihesi doazen errefuxiatuei elkartasuna adierazi nahi izan diete. Honako testu hau irakurri dute Astinduko kideek elkarretaratzean:
Azken hamarkadetako migrazio uholde handiena ezagutzen ari gara hilabete hauetan. Eta ekialde hurbilean dauden interes ekonomiko izugarriek eragindako gerra eta zapalketa egoerak daude migrazio horien iturburuan. Ondorioak latzak dira: milioika pertsona beraien etxeetatik joan dira, beraien sorterria, lagunak, familia eta lana utzi dituzte, bizirik irauteko aukera bakarra ihesi irtetea dela ulertuta. Asiako eta Afrikako herrialdeetara joan dira horietako asko, eta Europarako bidea hartu dute beste askok, Mediterraneoko itsasoa zeharkatuz askotan. Milaka pertsona bidean gelditu dira, itsasoak irentsita. Europara iristea lortu duten gehienak herrialdeen arteko mugetan daude, ezin mugiturik, lotsazko harresiz inguratuta.
Hitzez azaldu ezin daitekeen tragedia baten lekuko izaten ari gara, eta Europako klase politikoa geldirik dago. Errefuxiatuei itsasoa ez zeharkatzeko aholkatuz ikusi ditugu orain gutxi, beraien bizitza arriskuan jartzen dutela argudiatuta. Eta zer da bada Europar Batasunak errefuxiatuei eskaintzen diena? Itsasoan hiltzearen ordez beraien herrialdeetan armez hil ditzatela? Eta non egiten dira arma horiek? Eta zer egiten ari da Europa, herrialde horietako gatazkei irtenbide justu bat emateko?
Klase politikoaren jarrera lotsagarria izaten ari da milioika lagun horiekiko, benetako genozidio baten arduradun izateraino.
Martxoaren 21ean ospatu da aurten ere arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna. Errefuxiatuen auzia xenofobiarekin erabat loturik dagoela ulertzen dugu, Europa osoko herrialdeetan indarrean dagoelako errefuxiatu hauek gure herrialdeetara etortzearen aurkako jarrera. Eta jarrera hori da, beste zenbaiten artean, errefuxiatuei hemengo ateak ixten dizkiena.
Eraso eta deklarazio politiko arrazisten lekuko izaten ari gara, eta ultraeskuinaren igoeraren arrazoi nagusiena bihurtu da errefuxiatuen aurkako ideia.
Baina asko gara bestelako politikak eskatzen ditugunak, errefuxiatuei ateak ireki eta bizimodu duin bat eman behar zaiela aldarrikatzen dugunak. Txalotzekoak dira Grezian, Alemanian eta beste hainbat lekutan errefuxiatuei laguntzeko antolatu diren elkartasun sareak, baita Europa osoan errefuxiatuen alde ikusi ditugun mobilizazioak ere.
Egunero hedabideetatik jasotzen ditugun Mendebaldeko mugetako argazki anker horien erantzule da Europa, eta guk Zestoatik ez esan nahi diogu horri; gure izenean ez dezaten genozidiorik egin, mugak ireki ditzaten eta pertsona ororen giza-eskubideak errespetatu ditzaten.
Klase politikoa presionatzeko herritarrok hitza hartu eta kalera ateratzea beharrezkoa ikusten dugu. Astindu taldetik, gure txikian, Europa osoan garatzen ari den mobilizazio dinamika horri gure ekarpentxoa egin nahi diogu, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira. Errefuxiatuak ez dira Europaren merkantzia. Errefuxiatuek ez dute beren herria nahi dutelako uzten, Mendebaldeak probokatutako gerretatik ihesi datozen pertsonak dira, eta bada garaia herritarrok arduratsu joka dezagun.
Ireki ditzatela mugak eta ireki ditzagun ate eta buruak! ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK!
Egin zaitez bazkide