Ekialde hurbilera begira Aizarnatik
— 2023-12-11Gizakiok bizi garen lurra ez dago geldirik, eguzkiaren bueltan mugitzen ari da eta gu ere bai berarekin batera. Mugimendu honek eraginak ditu naturan, udaberrian jaiotzen diren loreak desagertu egiten dira udazkenean. Ez da urte bateko kontua, baina gizarteak duen pentsaera ere aldatzen joaten dela ikusi dut bizitzan zehar.
Azken egun hauetan ikusten ari garenez bortizkeria berritu egin da, Palestinar eta Israeldarren artean, Ekialde Hurbileko bi herri hauen arteko gorrotoa azaleratu egin da berriro. Ez da oraingoa, 2.000 urte lehenago ere liskarrak baziren hauen artean, historiak hala erakusten digu behintzat.
Gaiarekin jarraituz eta goian aipatu bezala bi herri hauei begira, aldaketak ikusi ditut Euskal Herriko pentsaeran ere, eta berauek aipatuko ditut ondorengo lerroetan, beti ere nire ikuspegitik dela azpimarratuz.
Nire gazte garaian Israel eredu bezala ikusia zen egia esan gure lurraldean. Berauen produkzio antolaketak, Kibbutz delakoak edo komunitate komunistak, garrantzi handia zuten eta guk berauek goraipatzen genituen. Lur jabe pribaturik ez zuen antolaketa modu horrek, eta erabakiak biltzar irekietan hartzen zituzten. Aurrera egiten zuen herri hau eredu zen niretzako.
Niretzako bakarrik ez, Euskal Herriko hainbat eremutan eta bereziki giro abertzaleetan eredu hau asko goraipatzen zen, herri zapaldua izatetik herri libre bat izateko bide gisa alegia.
Eredu hau defendatzen zuen idealista asko zegoen Euskal Herrian eta baziren Kibbutz hauetara lanera joan ziren aktibistak ere, nolabait eredu hau suspertu eta Israel estatu libre bat izaten laguntzeko.
Zer esanik ez, berauen hizkuntza ezartzeko zeukaten ereduari begiratuz gero. Hainbat ikastoletako aditu eta erreferenteak eredu hau ezagutzera ere joan baitziren Israelera bidaiatuz. Nik dakidanez goraipatu egiten zituzten hizkuntza irakasteko sistema hauek eta arlo batzuetan ezarri ere egin zituztela esango nuke.
Hizkuntza eta erlijioa dira estatu honen oinarri eta kultura aberatsa duen herria izanik, beste arloetan bezala nekazaritzan ere eredu izatera iritsi dira munduan zehar. Bereziki basamortuan produkzio handiak lortzera iritsi direlako alegia.
Europako estatuak deskolonizatu bezain azkar, Israel hasi zen bere inguruetako lurrak kolonizatzen, estatuaren segurtasuna arriskuan ikusten zuela argudiatuta.
Gure pentsaera aldaketaren arrazoietako bat hau izan zen, urte gutxiren barruan lehen eredutzat genuen Israel, zapaltzaile bezala ikusten hasi ginen. Bat-batean Palestinar lepoko zapiak ikur bihurtu ziren Euskal Herri osoan eta herri honen borroka goraipatzen hasi ginen, gaur egunera arte.
Munduko bigarren gerra ondoren Israel estatua sortu zenetik, lurralde honetan liskarrak ez dute etenik izan. Egungo hainbat estatu buruk dionez, arazo honen konponbidea bi estatu sortzea litzateke, baina hitzak haizeak eramaten ditu eta ekintzarik ez dut ikusten orain arte. Erakunde handiak ere baditugu XXI. gizaldian, baina egun konponbiderik ez dute lortu.
Konponbideak zailtasun handiak ditu: dela lurren partiketa dela bi kulturen arteko gorrotoa urteetan zehar pilatua. Palestinakoek ez dute estatu Israeldarra errekonozitzen, eta Israelek berdin egingo du Palestinar estatuarekin.
Telebistan Ikusten ari garen zorigaiztoko irudiak ikusi eta ez da erraza izango, baina ez dezagun itxaropenik galdu. Palestinarekiko dugun begirada bera ea lortzen dugun Israelekiko ere, biztanle arrunten izenean. Bi herri hauetako biztanleriak bakean bizitzeko eskubide osoa baitu.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide