Albisteak

ELA sindikatuak ere bere ikuspuntua azaldu nahi izan du greban dauden Udaleko langileen inguruan eta bere babesa adierazi

ELA sindikatuak greban dauden behin behineko langileei babesa adierazteko eta bere ikuspuntua azaltzeko ondorengo idatzia helarazi dio Danbolini

 

ELAk GREBAN DAUDEN LANGILEEI BABESA ADIERAZTEN DIE

19 urte, 17 urte, 15 urte edo 7 urte lanean egon eta euren lanpostua galtzeko arriskua duten langileek hasi duten borroka da Zestoako udalean ematen ari dena. Hego Euskal Herriko administrazioetan 60.000 behin-behineko edo interino daude urte luzez lanean daudenak. Gehien-gehienak iruzur egoeran daude, legeak dioena jarraituz (EBEP 10.artikulua), 3 urte egon baitaiteke gehienez langile publiko bat behin-behineko moduan, plaza duen norbait ordezkatzen ari dena salbuetsita.

Zestoan ere, herritarren dirua erabili da urte luzez iruzurrean egon diren behin-behineko langileak ordaintzeko. Lege ez betetze edo iruzur hau ez dute langileek erabaki, kasu honetan urte hauetan egon diren udal gobernuek baizik. Urte guzti hauetan herritarrek ez dute aukera berdintasunik izan eta horregatik iritsi gara puntu honetara.

ELAk urte asko daramatza Hego Euskal Herriko %40tik gorako behin-behinekotasun tasa hau jaitsi, pribatizazioei bidea moztu eta ezohiko egoera honi ezohiko irtenbidea bilatu eta administrazioek modu irregular honetan lanean izan dituzten langileak kontsolidatzeko prozesu bat lantzen. 2021eko apirilaren 22an “Zerbitzu publikoen alde, enplegua sortu eta kontsolidatu” lemapean greba egin zen euskal sektore publiko guztian ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK y Steilas sindikatuek deituta.

2020/21 egonkortze legea argitaratu zen iazko abenduan. Ezohiko EPE prozesuak egiteko aukera ematen du, behin bakarrik egin ahal izango direnak. Ez da ELAtik nahi genuen legea, baina aukera batzuk zabaltzen ditu langileak kontsolidatzeko bidean. Hego Euskal Herriko udal eta administrazioetan negoziaketa mahaiak irekita daude eta eta egingo diren EPE edo prozesu ezohiko hauek nolakoak izango diren negoziatu behar da orain leku guztietan. ELAk ehundaka asanblada egin ditu langileak informatu eta antolatzeko helburuarekin.

Zestoako udalean negoziaketak aspaldi hasi ziren, EPE honetan aterako diren lanpostuen prozesuak nolakoak izango diren abuztua erdi alderako erabaki behar baitira. Negoziaketa hauetan udal gobernuak mahai gainean jarritako azken proposamenak ez du bermatzen urte luzez udalean lanean dauden langileak kontsolidatzea (berriz diogu, legearen xedea hori izanik eta ezohiko prozesuak direla kontuan hartuta). Hau ikusirik, afektatuta dauden langileak, talde bezala antolatu dira eta grebara jotzeko erabakia hartu dute.

Greba langileek duten eskubide bat da, inoiz ez mehatxu bat. Euskal Herriko beste hainbat lan zentroetako langileek, kaleratzeen aurka edo hitzarmen onak lortze aldera antolatu eta greba eskubidea erabiltzen duten bezalaxe egin dute beraz Zestoan ere. Noiz hasi eta noiz bukatuko duten euren erabakia izango da soilik. ELAtik babes guztia ematen diegu. Greba bere denboran eta legeak ematen dituen aukeren barruan dago egina. Ez dezagun eztabaida greba nork eta nola formalizatu duen salatzera eraman. Lan gatazketan patronal edo administrazio eta langileen artean suertatzen diren interes kontrajarrien aurrean, bakoitzak jakingo du non kokatzen den.

EUDELek aste honetan bertan PNV, PSE eta EH Bilduren adostasunarekin EAEko udaletan eman beharreko negoziaketetarako oinarrien proposamen orokor bat egin berri du. Ez du bermatzen lanpostuak kontsolidatzea udaletan. ELAk, negoziaketak udal bakoitzean egin eta Zestoan bezala, langileak antolatu eta administrazioetan lanpostuak kontsolidatu eta etorkizunean benetako aukera berdintasuna egon dadin borrokatzen jarraituko du.

Zestoan, 2022ko uztailak 21ean




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide