Albisteak

ELAk Zestoako udal langileak bere lanpostua galtzeko mehatxuaren aurrean egindako greba txalotu du

Sindikatuak “Zestoako Udalak langileen kaleratzea saihesteko borondate eza eta greba eskubidearen kontra egindako ekintzak deitoratu nahi ditu” idatzi honen bitartez.

 

Zestoako udal langileak irailaren 1ean bertan behera utzitako grebaren aurrean eta hedabideetan irakurri eta herrian entzundakoak argitze
aldera, ELA sindikatuak zera adierazi nahi du:
Gogoratu dezagun, Euskal Herriko sektore publikoa pribatizatzeko helburua duten politika neoliberalen ondorioz, udaletako langileen artean pribatizatutakoak gehiago direla zuzenean kontratatuak baino. Gainera, esparru horietan emakumeak gailentzen dira (zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntzetan…). Eta zerbitzu publikoa pribatizatzeko aurreneko pausoa langileak behin-behinean izatea dela kontuan izanik, Hego Euskal Herriko udaletan langileen %40 baino gehiago behin-behinean daudela azpimarratu behar da (15.000 tik gora). Zestoako udal langile grebalarien egoera horren isla da. Urteak dira behin-behinean, prekario, kontratazio iruzurrean eta sektore pribatuan onartzen ez diren kontratatazio egoeran daudela. Horren guztiaren arduradun zuzenak urte guzti hauetako udal gobernuak dira. Enpleguaren legez kanpoko egoera horri Europar epaitegiak txartel gorria atera izanak eta aurrera eraman diren greba eta mobilizazio dinamikek, lege berri bat onartzea ekarri dute. Lege horri esker, administrazio publikoan behin-behineko egoeran dauden milaka langileei euren lan baldintza prekarioekin amaitzeko aukera zabaldu zaie, salbuespen egoera bat sortu delarik, ohiko oposaketa prozesuekin zerikusirik ez duena. Izan ere, legeak helburu garbi bakar eta ez ohiko bat dakar: administrazio publikoetako langileen lanpostuak kontsolidatzea eta pribatizazioari ateak ixtea. Hor kokatzen da, hain zuzen ere, Zestoako langile grebalarien kasua. Hori horrela izanik, Zestoako Udal Gobernuak, bere ardurapean dagoen egoera konpontzeko ahalegina egin beharrean, honako erabaki hauek hartu ditu:
◦ Muzin egin die behin-behineko langile horien egoera prekarioari irtenbidea emateko langileen eskaerei.
◦ ELA eta LAB sindikatuek udalari egindako proposamenei ezezkoa adierazi die.
◦ Grebaren aurrean, udalak alde bakarretik oinarri batzuk inposatu ditu; abuztuak 19an publiko egitea erabaki zituztenak.
◦ Ezarritako oinarri horiek grebalariak kaleratzeko mehatxupean jartzen ditu, kalte ordain baten truke.
◦ Erabakia aldatu ordez, greban dauden langileen lanak egiten jardun da alkatea eta zinegotziren bat, eskirol modura.
◦ Horren ondorioz grebalariek salaketa jarri zuten ikuskaritzan; ebazpenaren zain daude.
Hori horrela izanik, ELA sindikatuak txalotu nahi ditu langileak, lanpostua defendatzeko egin duten grebagatik. Sindikatuak ahalegin guztia egingo du lanpostu horiei eusteko, zerbitzu publiko duina eta kalitatezkoa herritarrei eskaintzeko, langile publikoen prekarizazioari eta pribatizazioari aurre egitea ezinbestekoa baita. Zoritzarrez, badirudi Zestoako udala ez datorrela bat irizpide guzti hauekin.
Zestoan 2022ko irailaren 8an




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide