Elkano Zestoan

Elkano izango dugu hizpide gaur. Getariako udaletxe aurrean dagoen Elkanoren eskultura baino askoz gustukoagoa dut nik Madrilgo Retiro parkean dagoen “Aingeru Eroria”. Biak Ricardo Bellver (1845-1924) artistak eginak dira, baina Madrilgoak oso konposizio kementsua eta erromantikoa du, eta zirrara gehiago eragiten du. Baina Getariakoak du zerikusia gure herriarekin eta honi helduko diogu segidan. Marmol zuriz egindakoa da, 1881ean, eta Elkano bere itsas-tramankuluekin erakusten du, jarrera lasaian.

Ez da hori, ordea, Getarian dagoen Elkanoren estatua bakarra. Bada beste bat, brontzezkoa, Katrapona deritzan lekuan. 1861ean egin zuen Antonio Palao artista aragoitarrak, Getariako Udalak eta Diputazioak ordainduta. Honek ez du itsas tramankulurik apenas eta jarrera aktiboagoa du itsas aldea seinalatuz besoarekin.

Dagoeneko, irakurleak galdetu du zertara datorren hau dena eta zer ikustekorik duen horrek guztiak Zestoarekin. Baina, tira, har ezazu pazientzia pixka bat, irakurle!

Bi eskultura horien aurretik, Manuel Agote getariarrak, Filipinetako Konpainiako ikuskari zenak, bere jaioterrira itzuli zenean Elkanoren estatua bat eraikitzea nahi izan omen zuen. XIX. mende hasierako kontuak dira. Angel de Gorostidik ehun urte geroago idazten duenez, Agote bera izan behar zuen herriko alkate eta epailea baina, itxura denez, udalak dirurik ez horrelako gauza baterako (handia duk ba!). Gauzak horrela, bere poltsikorik pagatu omen zuen estatua, eta Madrilgo Arte Ederretako Errege Akademiako zuzendari Alfonso Giraldo de Bergaz jaunari enkargatu omen zion lana. 1800. urtean jarri omen zuten herriko plazan Elkanoren eskultura hori. Gaur egun udaletxe aurrean dagoenaren antz gehiago zuen portu aldera begira dagoenarena baino.

“–Baina, redios!, joan hadi harira behingoz!”, esango dit, berotuta, irakurleak. Hartu, hartu pazientzia pixka bat…

36 urte geroago, tropa karlistak Getarian sartu zirenean, beste hainbat sarraskiren artean, Elkanoren estatua eraitsi egin omen zuten eta erdi apurtuta utzi, beso bat galduta eta musua puskatuta. Manuel Agoteren oinordekoek erreklamatu egin omen zuten estatua eta gero saldu egin omen zuten beste ondasun batzuekin batera. Eta [bai, bai: oraintxe agertzen da gure herria; “–Dios, bahuen garaia, odolkia!”, esango dit irakurleak] antza denez, estatua Zestoara iritsi zen eta Gorostidik, lehen aipatu bezala, 1904ko artikuluan esaten digunez, “oraindik han dago Zestoako etxe bateko portalean baztertua”. Eta ondoren dio: “Ez dut uste hori denik [estatuari] dagokion tokia baina kontua da hantxe dagoela”.

Eta non zegoen bada? Oraintxe bertan argituko dugu. Haritik tiraka hasi eta Barojak eraman gaitu behar den tokira. Irakur dezagun bere oroitzapen hau: “Idazkariaren etxean harri zurizko estatua bat zegoen, kuarto batean sartuta, eta fantasma bat ematen zuen. Joan Sebastian Elkano zen. Esan zidatenez, neure urrutiko senideren batek enkargatu omen zuen eskultura hori, eta ez dakit zer dela eta iritsi zen hara”. Nire “barojakeriak” irakurtzen dituenak jakingo du, noski, Barojak aipatzen duen idazkaria Benito Aranburu Gorostegi zela (Ordizia, 1852; Zestoa, 1941) eta haien etxeak Gurutzeaga zuela izena (gaur egun altzari-denda dagoen inguruan). Beraz, Baroja hemen mediku izan zenean (1894-95) aranburutarren etxean zegoen Elkanoren estatua apurtua.

Antza denez, gerora Getariara itzuli zuten berriro eskultura eta han egon omen zen denboraldian biltegi batean. Aztarnarik ere ez gaur egun non ote dagoen (existitzen baldin bada behintzat).

Argazkia: Bergaz eskultoreak 1800. urtean Getariarako egindako eskulturaren grabatua (Semanario Pintoresco Español. (1846ko maiatzak 10)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide