Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Kirolak gero eta presentzia handiagoa duen gizarte honetan, askok bihurtu dute ariketa fisikoa ohitura hutsetik gozamenerako bide. Horren erakusgarri dira herriko hiru gazte, kirol zaletasunetik haratago, Akoako Bira mendi lasterketa biziberritzeko ekimena martxan jarri baitute.
Herritarrentzat ezusteko atsegina izan da berriki jakitea zenbait gazte Akoako Biraren itzuleraren antolakuntzan buru-belarri dabiltzala. Ez da ohikoa gaztetxoak halako egitasmo baten ardura hartzen ikustea, eta horrek jakin-mina eta interesa piztu ditu herritarren artean.
Zer eta nola antolatzen ari diren jakiteko, zuzenean hiru protagonistengana jo dugu: Jokin Zigaran (2009), Eneko Albizu (2009) eta Ander Lizarburu (2008).
Eskolako saioetan sortutako ideia, herrira zabalduz
Zestoako Udalak proiektu berritzaile bat jarri zuen abian, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeak herrigintzan parte-hartzera sustatzeko helburuarekin. Prozesu horren barruan, herriko hainbat gaztek, besteak beste Azpeitiko Urola Ikastolako DBHko 1etik 4. mailara bitarteko ikasleekin egindako saioetan, euren ekarpenak jaso zituzten. Nerabeen proposamenen artean, Akoako Bira mendi lasterketa berriz antolatzeko ideia jaso zen.
Lehen urratsak eskolako saioetan eman zituzten Jokin Zigaran eta Eneko Albizuk. Ideia Ander Lizarbururengana iritsi zenean, berehala egin zuen bat proiektuarekin: “Enekok eta Jokinek proposamena azaldu zidatenean, kirola gustuko dudanez, nik ere parte hartzea erabaki nuen”, azaldu du.
Lehen urratsak
Proposamena eskolatik kanpora atera ostean, lehen bilerak eta hausnarketa saioak egin zituzten. “Lehenik eta behin, guk zer egin nahi genuen ulertu behar genuen, eta ondoren aztertu ea hori benetan errealitate bihurtzea posible zen”, azaldu dute. Enekok gogora ekarri duenez, Akoako Bira azken aldiz 2019an egin zen, pandemiaren aurretik eta ordutik ez da berriz ere antolatu. Halaber, lasterketa antolatzeari uzteko arrazoiak ere aztertu zituzten: “Lan-karga handia eskatzen zuen antolakuntzak, eta ia beti pertsona berdinek hartu behar izaten zuten ardura guztia”, adierazi dute.
Oraingo honetan, gazteek ez dute bakarrik jardun. Prozesu osoan zehar laguntza ugari jaso dute: Agiro Mendi Klubeko kideak, Akoako auzotarrak, Zestoako Udala, Alex Altolagirrerekin ere maiz jardun dute, besteak beste. Denek egin dute euren ekarpena, eta hiru gazteek argi dute hauen laguntzarik gabe proposamena ez litzatekela aurrera aterako.
Agiro Mendi Klubak ardura batzuk bere gain hartu ditu, eta Kirol Teknikariarekin elkarlanean, emakumeen parte-hartzea bultzatzeko helburua ere mahai gainean jarri dute. Antolaketan parte hartu duten guztiek ardura desberdinak hartu dituzte, eta guztien esperientziak balio izan die ekimenaren antolakuntzak zenbat lan eskatzen duen ikusteko.
Gazteek beraien kargu hartu dituzte antolakuntzako hainbat arlo: kartelak diseinatu, kamisetak prestatu, ibilbidea zehaztu, babesle eta laguntzaileekin harremanetan jarri, komunikazio lanak ere euren gain hartu dituzte, besteak beste. “Akoako Bira berriz ere antolatzeak erakutsi digu zenbat lan egin behar den halako ekimen bat aurrera ateratzeko”, aitortu dute.
Berrikuntzak
Akoako Birak aldaketa nabarmen batzuk ekarriko ditu aurtengoan. Horien artean, aipagarriena lasterketaren egunaren aldaketa da. Orain arte proba Amabirjin jaien ondorengo larunbatean antolatzen bazen ere, data atzeratzea erabaki dute. “Festetatik ahalik eta gehien urruntzea nahi izan dugu, jendeari errekuperatzeko denbora gehiago emateko”, azaldu du Enekok, umore pixka batekin. Esaldi horrek barre orokorra eragin du, eta guztiek baieztatu dute aldaketa hori beharrezkoa zela.
Ibilbideari dagokionez ere aldaketak egongo dira. Aurreko urteetako bide beretik ez pasatzeaz gain, lasterketa luzeagoa izango da: 10 kilometro izango ditu, eta 380 metroko desnibela. “Lehengo ibilbidea sinpleagoa zen, baina oraingoan menditik gehiago igaroko da, eta horrek lasterketari xarma berezia ematen dio”, azaldu dute.
Gainera, lasterketa nagusiaren ondoren, haurrentzako lasterketa bat ere antolatu dute. Urte luzez zelaian egin izan den proba honek aurten ibilbide luzeago izango du, auzotik bueltatxoa eginez.
Lan handia, baina ikasketa handia ere bai
Hiru gazteek aitortu dute proiektua abiatzean ez zutela hain lan karga handia espero, “eskerrak laguntzen ari direnek antolakuntzan esperientzia dutela”. Egitasmoa aurrera eramateko, laguntza ekonomikoa ere ezinbestekoa izan da.
Anderrek honela laburbildu du bizitakoa: “Urrun ikusten genuen mundu horretara gerturatu gara; nola antolatzen diren gauzak, zenbat lan eskatzen duen eta zenbat xehetasun hartu behar diren kontuan.” Jokin eta Enekok ere bat egin dute berarekin, eta azpimarratu dute hain erraza dirudien zerbaiten atzean ordu asko eta ahalegin handia dagoela.
Aurten, Herri Krosa plataformaren laguntza ere izango dute. Antolatzaileek nabarmendu dute plataforma horrek prozesua askoz errazago egin diela, hainbat baliabide tekniko eskainiz. Sailkapenei dagokienez, irabazleen izenak emango badituzte ere, ez dute parte-hartzaile guztien sailkapena argitaratuko. “Parte-hartzea bultzatu nahi dugu, ez konpetizioa”, azaldu dute.
Izen-ematea
Izen-ematea bi fasetan egingo da. Lehen astean, Zestoako herritarrek soilik izango dute aukera izena emateko, eta ondoren, beste guztientzat zabalduko da. Antolatzaileen arabera, lehen fase hau herriko parte-hartzea sustatzeko izango da.
Herritarrek uztailaren 20tik 30era bitartean (biak barne) izango dute apuntatzeko aukera, Zestoako kiroldegian bertan eskuz bete beharko da izen-ematea, ordainketa ere tokian bertan eginez. Lehen fasean izen emateko, bi baldintza bete beharko dira: Zestoan erroldatuta egotea edo jaiotzez herrikoa izatea.
Parte-hartzaileek bete beharreko adin-mugak ere ezarri dira: herritarrek gutxienez 16 urte izan beharko dituzte, eta gainerakoek, aldiz, 18 urtetik gora izan behar dute, baimen eta segurtasun arrazoiengatik. Guztira, 150 plaza egongo dira.
“Guk ere parte hartzeko gogoa dugu, baina lasterketaren egunean antolakuntzan lagunduko dugu”, adierazi du Jokin Zigaranek. Lan handiena Agiro Mendi Klubeko kideek hartu izango dutela azaldu dute, baita Akoako auzotarrak ere, ohiko moduan, laguntza eskainiko dute.
Herriaren erantzuna
Herritarren aldetik harrera oso positiboa izan dela nabarmendu dute. “Jendeak ilusioz hartu du mendi lasterketa honen itzulera”, aitortu dute pozik.
Antolakuntza lanak hasi aurretik, Akoako auzotarrekin bildu ziren proiektua aurkezteko eta beraien iritzia jasotzeko, “garrantzitsua iruditu zitzaigun gure asmoak zuzenean haiei azaltzea”, azaldu dute. Auzotarren onarpen osoa jaso zutela ere gaineratu dute, eta horrek ilusioa eta indarra eman zien aurrera jarraitzeko.
Deia herritarrei
Antolatzaileek herritar guztiak parte hartzera eta korrikalariei bultzada ematera gonbidatu nahi dituzte. “Egun berezia izango da, eta parte hartu gabe ere auzora igotzea eta korrikalariei animoak ematea oso garrantzitsua izango da”, nabarmendu dute.
Jardunaldia sari banaketa, hamaiketakoa eta bestelako ekitaldiekin amaituko da, parte-hartzaile eta ikusleentzako egitaraua borobilduz. Akoko Biraren itzulera elkarlana, kirola eta herri giroa uztartzen dituen egun berezi bilakatzeko asmoz antolatu dute.