Albisteak

[ELKARRIZKETA] Anjel Artetxe: “Zubimusu inguruko koloniarekin hasi gara froga moduan baina Zestoan, lau bat kolonia daude”

Azpeitiko Oinatz Elkarte Animalistako kidea da Anjel Artetxe (Arroagoia 1978). Txiki txikitatik izan du animalienganako lotura eta duela hiru urte Oinatz elkarteko kide izatera pasa zen.

Zer egiten du Oinatz elkarteak?
Animalien inguruko sentsibilizazio lana egitea da gure helburua. Animalien sentimenduak dituztela ikusarazten dugu. Tratu txarren salaketa egiten dugu, jendearekin hitz egin eta zabaldu. Txakurtegiko txakurrak adopzioan emateko kudeaketa lanak egiten ere ditugu.
Herri ezberdinetako udalekin biltzen gara, herri horietan animaliekin egiten diren ekitaldiak ekiditeko asmoz, alternatibak aurkeztuz. Etxerik gabe dauden animaliei tokia ere bilatzen diegu.

Zer darabilkizue orain esku artean?
Katu kolonien kontuarekin gabiltza orain. Antzutze lana egiten ari gara. Duela urte batzuk hasi ginen proiektu honekin eta orain bere fruitua ematen hasi da, kaleetan ez dago lehen adina katu.
Katuak kolonietan harrapatzen ditugu, esterilizatu eta berriz ere kolonia berdinetan uzten ditugu. Katuak esterilizatu gabe badaude ugaltzeko garaian borroka asko egoten da, katakume asko, zarata, zikinkeria…. Jendeak jateko asko ematen die, edozer gauza eta hori azken batean zikinkeria bat da, nahiz eta borondate onenarekin egin, kontrolatu beharreko zerbait da.

Zestoara ekarri al duzue proiektua?
Orain dela hilabete batzuk udalari aurkeztu genion kaleko katuak kontrolatzeko proiektua. Zestoan ere arazo handi bat dago eta jendea asko kexatzen da. Proiektu hori aurrera eramateko hamabi bat boluntario bildu gara eta Kalekatu izeneko elkartea sortu dugu. Udalak gure proiektua onartu du eta hasi gara katuak antzutzen eta adopzioan jartzen. Zibumusu inguruko koloniarekin hasi gara froga moduan baina Zestoan, lau bat kolonia daude.
Kolonia hauen kudeaketa udalari dagokio eta horregatik, arazoa gehiagora joan baino lehen, proiektu hau aurkeztu genien. Onartu dute eta eskerrak eman nahi ditugu.

Zer eskatu diozue Zestoako Udalari?
Udalari hainbat gauza eskatu dizkiogu: zauritutako katuak eta katakumeak jaso ahal izateko lokal bat, katuei jatekoa elkarteko kideek soilik emateko baimena…

Katuez gain, galdutako txakurren ardura ere hartzen duzue. Zer egin behar da galdutako txakur bat aurkitutakoan?
Norbaitek txakurren bat aurkitzen badu, aurrena udaltzaingoari deitu behar dio Udaltzaingorik ez badago ertzaintzari. Udalak bitrina bat jarriko du, gero guk hor galdutako txakurren argazkiak jartzeko baina bitartean, udaletxe azpian jarriko dituzte argazkiak.

Eta zer egiten dute txakur horrekin?
Txakurra Azpeitira eramaten dute. Udalak Gorriye txakur egoitzarekin hitzarmena du eta hemen aurkitutako txakurrak hara ematen dira. Han hamabost egun egoten dira eta egun horietan jabea ez bada agertzen, txakurra adopzioan jartzeko prozesua hasten da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide