Albisteak
[ELKARRIZKETA] Aritz Iriondo ‘Akulu’: “Txapelketa luze batean erregulartasunak bere fruituak ematen ditu”
— 2020-12-012001ean hasi zuen auto karreretako ibilbidea Aritz Iriondo Akulu arroarrak. Bi urte beranduago autokrosean hasi zen eta 2005-2006 denboraldian rallyetan zentratu zen. Ordutik han eta hemengo rallyetan izan da Iriondo. Azken bi urtetan txapeldunorde izan da Espainiako Lur gaineko 2RM txapelketan eta aurten, lehen saria ekarri du etxera.
Urte xelebre xamarra izan da zuentzat ere aurtengoa, ezta?
Bai. Denboraldia ohi bezala joango zela uste genuen urte hasieran. Dena ondo prestatuta genuen. Lehenengo froga martxoko konfinamendu aurretik izan genuen, Lorcan (Murtzia). Froga hori baino hamabost egun lehenago Errioxara joan ginen autoarekin entrenamendu batzuk egitera eta zoritxarrez, autoa irauli eta puskatu egin zitzaigun. Korrika eta presaka Lorcara iritsi aurretik konpontzea lortu genuen eta froga ondo joan zen, hirugarren postuan klasifikatu ginen. Handik bueltatu eta astebetera etorri zen konfinamendua eta dena gelditu zen, ez genekien jarraituko genuen edo ez.
Azkenean, txapelketara itzuli zineten.
Uztaila edo abuztu aldean txapelketarekin jarraituko genuela erabaki zuten. Iraila bukaera aldera izan genuen bigarren froga, Galizian eta bigarren postua eskuratu genuen. Aurten ez dugu arrisku handirik hartu nahi izan. Aurreko urtetan lasterketa bakoitzean lehenengo postuetan gelditzea zen gure helburua, baina akats asko egiten genituen eta horrek puntuak kentzen zizkigun. Aurten, gauzak ondo egitean zentratu gara, lehen postuetan gelditzea ez da izan gure helburua. Erabaki ona izan da, emaitza onak lortu ditugu eta.
Lorcan hasi eta Madrilen bukatu.
Aurten hiru froga izan ditugu eta azkena Madrilekoa izan zen. Laugarren bukatu genuen han eta lasterketetako puntu guztiak batuta lehen postuan amaitu genuen.
Hainbeste urtean rally munduan jarduteak ba al du abantailarik?
Lehen esan bezala, agian beste urtetan aurreneko postuak eskuratzera joaten ginen eta orain, gehiago zaintzen dugu dena ondo egitea. Azkenean, txapelketa luze batean erregulartasunak bere fruituak ematen ditu.
Datorren urterako zerbait pentsatzen hasita egongo zara.
Momentuz dauzkagun kotxeak saltzen jarriko ditugu. Dakidan bakarra geldirik ez garela egongo da. Kotxe berriak ere atera dituzte eta ikusi egin beharko dugu.
Norbaiti eskerrak eman nahi al dizkiozu?
Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet babesle guztiei, Lizarralde tailerrari, lasterketetara joateko orduak guztiengatik eta etxekoei, kanpora joaten naizen asteburu horietan hain ondo pasatzen uzteagatik.
Egin zaitez bazkide