Albisteak

[ELKARRIZKETA] Arroa Beheko Baserritar eta Artisauen Azokaren antolatzaileekin solasean: gure nahia da nekazari eta artisauen mundua eta “kaleumeena” elkar topa daitezen hemen

2021ean Txikitasunian Haundi barruan lehen aldiz antolatu zen azoka hura esperimentu moduan jaio zen, baina gaur egun, lau urte geroago, bere lekua eta nortasuna sendotuta dago herriko agendan. Txara Kooperatibaren eta Ezkaizto elkartearen elkarlanetik sortu zen ekimena, eta urte gutxian erreferente bihurtu da, ekoizle eta artisauentzako plaza izateaz gain, herritarrak lehen sektorearekin eta tokiko lanbideekin berriz harremanetan jartzen dituelako.

Aurten, azaroaren 16an, ospatuko da azoka Arroa Behean, eta bere bosgarren edizioa izango da. Aurtengo egitarauak, gainera, jakintzen transmisioari eta ofizio zaharrei ere tartea egingo die: artilearen lanketa ezagutzeko tailer irekia eta Jakoba Errekondoren parte-hartzea izango dira, besteak beste.

Hau guztiaz hitz egiteko, Maia Ossa, Araitz Eizagirre eta Pili Perurena, Ezkaizto elkarteko eta Txara Kooperatibako kideak, jarri dira gurekin solasean. Azokaren bilakaeraz, erronkez eta ilusioez aritu dira, elkarrizketa honetan.

Nola jaio zen Arroa Beheko Baserritar eta artisauen azoka?

Hau guztia 2021eko Txikitasunian Haundi barruan hasi zen, beste espazio bat sortzeko asmoarekin, ez bakarrik parranda-girokoa. Pandemiaren ostean geunden, eta bitarte horretan azokak itxita egon zirenez, beharrezkoa ikusi genuen halako gune bat sortzea.

Urte hartako maiatzean Txara Kooperatibaren inaugurazioa izan zen, eta ekitaldi horrekin batera azoka txiki bat antolatu genuen. Arrera oso ona izan zuen bere “txikitasun” hartan. Udazkenean beste bat antolatzea otu zitzaigun, ordurako jada ekoizle batzuekin harremanak eginda genituen.

Lehenengo urtean 35 postu izan ziren. Oraindik ez genuen gaur egun bezala guneen banaketa eginda; hori urteekin joan da garatzen. Gaur egun, azoka asko hazi da, 58 postu, eta forma txukuna hartu du, bai azokaren egunak, bai azokak berak ere.

Nola hautatzen dituzue datozen ekoizleak?

Lehenengo urtean guk geuk ibili behar izan genuen ekoizle bila; gaur egun, ordea, espazioa motz geratzen zaigu denak sartzeko. Badira etorri nahi duten ekoizleak baina, tamalez, lekurik ez dugulako, ezin izaten dute parte hartu.

Ekoizleak hautatzerakoan oreka bilatzen dugu: azokak denetik pixka bat izan dezala, nekazaritza mundutik eta artisautzatik, eta produktu jakin batean ez dadila mugatu. Hala ere, baldintza nagusia da etortzen diren guztiek beren ekoizpen edo artisau lana ekartzea. Gertatu izan zaigu norbaitek parte hartzeko eskatu eta berea ez den produktua ekarri nahi izatea; horrelakorik ez dugu onartzen.

Lehen urteetan, beste azoka batzuetako zerrendak lortu genituen eta horien bidez hasi ginen ekoizleekin harremanetan. Denborarekin, argi ikusi genuen ezinbesteko baldintza zela bakoitzak bere produktu propioa ekartzea.

Urtero saiatzen gara produktu edo proposamen berri bat sartzen, azokari freskotasuna emateko eta urtez urte berdin-berdina ez izateko.

Ekoizleen gertutasuna kontuan hartzen duzue?

Bai, ekoizleen gertutasuna ere kontuan hartzen dugu, nahiz eta ez izan irizpide nagusia. Egoera horretarako egokia bada, bi ekoizleren artean gertukoena aukeratuko genuke lehenik.

Bestalde, badaude ogibide batzuk gure inguruan ez daudenak, adibidez ardogintzarekin lotutakoak; horiek, beraz, urrutiagotik etortzen dira, Nafarroatik kasu batzuetan. Hala ere, gure helburua beti da azokak produktu aniztasuna eta aberastasuna izatea.

Iaz, adibidez, postuen ia erdia Urola bailarakoak izan ziren. Aurten ere antzera izango da: eskulangile asko Arroatik, Zumaiatik eta Iraetatik etorriko dira; barazkiak Zarauztik, haragia Ibainarrietatik, eta eztia Zestoatik. Errezil eta Azpeitiko aldeko ekoizleek ere parte hartuko dute, eta, oro har, gehiena hemen ingurukoa izango da aurten ere.

Lehenengo urtea izango da azokaz haratago ekintzak egingo dituzuela. Zergatik?

Azoka aberastea da helburua, nekazaritza eta artisautza, hau da, baserriaren mundua herritarrengana gerturatuz azoka borobiltzea. Aurten, jakintzen transmisioari ere lekua eman nahi diogu, eta horretarako antolatu ditugu ekintza berezi batzuk.

Adibidez, artilea gaur egun ia ez da lantzen baserrietan, eta horri balioa emateko, aurten postua izateaz gain tailer ireki bat eskainiko da. Tailer horretan tresnak ekarriko dira eta parte-hartzaileek artilearen prozesu osoa probatzeko aukera izango dute: kardatzetik haria egin arte.

Bestalde, Jakoba Errekondok bere 2026ko agenda aurkeztuko du eta, gainera, kontsultategi txiki bat eskainiko du. Bertan, lurrarekin lotura duten gaiei buruzko galderak egin ahal izango zaizkio zuzenean.

Ezkaizto eta Txara Kooperatiba dira azokaren antolatzaileak. Zer ematen diote elkarri?

Txarak elikatzen du azoka, nolabait esatearren. Postua jarriko duten ekoizle askok Txarara ere ekartzen dute euren generoa, eta hor sortzen da lotura hori. Azokan jendeak ikusten dituen produktu asko urte osoan Txaran bertan erosteko aukera izaten da gero.

Adibidez, ogia, gazta, intxaurrak, eztia… produktu asko dira azokatik dendara salto egin dutenak. Azokak, beraz, ekoizle eta herritarren arteko zubia indartzen du, eta Txarak urtean zehar harreman hori elikatzen jarraitzen du.

Antolakuntzatik, zer da zailena?

Nik uste, orain martxa hartuta dugula, lanak askoz errazago egiten direla. Hasierako urteak izan ziren zailenak, lehenengo biak bereziki. Hutsetik hasi ginen: zenbat postu jarriko genituen erabaki, espazioak neurtu, planoak egin… Ez genituen ekoizleak ezagutzen, eta beraiek ere ez gintuzten gu ezagutzen. Ez zekiten zein azokara zetozten, nolakoa izango zen giroa… dena zen berria, bai haientzat bai guretzat.

Orain, martxa hartuta gaude: badakigu zein espazio dugun, non dauden gure mugak, eta horrek erraztasuna ematen du antolaketan. Urtero, aurreko ediziotik abiatuta “kopiatzen” dugu, baina aldi berean gure akatsetatik ikasten dugu. Hori guztia balorazio-bileretan aztertzen dugu, eta hortik ateratzen ditugu hurrengo urteko hobekuntzak.

Zer da azoka antolatzeak gehien asebetetzen dizuena? Zein da azoka egiteko duzuen ilusioa?

Nik, “kristona” asko gustatzen zait! Oso polita da ekoizleekin sortzen den harremana. Txikitik hasi ginen, eta gertutasun hori zaintzen saiatzen gara urtez urte. Poza ematen digu ekoizleek gustura egon direla entzuteak, saldu egin dutela, baina batez ere salmentaz harago, giro ona eta erosotasuna izan dutela esateak.

Iaz, adibidez, urte berezia izan zen. Lehenengo hiru urteetan eguraldi bikaina tokatu zen, baina iaz eguraldi txarra izan genuen, eta egia esan, kezka eta ezinegona bagenuen. Hala ere, ekoizleek beraiek lasaitasuna transmititu ziguten: jendea etorri, erosketak egin eta etxera joaten zen, eta beraiek animatzen saiatu ziren. Eskertza handia jaso genuen, eta horrek konexio berezia sortzen du ekoizleen eta gure artean. Azkenean, 2024ko azoka “subidoia” izan zen: eguraldia kontra eduki arren, inoiz baino jende gehiago hurbildu zen eta inoiz baino salmenta handiagoak izan ziren.

Guretzat garrantzitsuena da ekoizleak gustura geratzea, izan ere, ekoizlerik gabe ez dago azokarik. Haien ogibidea eta artisautza lana balorean jarri nahi ditugu. Ekoizleek gustura bukatzen badute, gu ere hala geratzen gara. Azoka egunean, beraiek, haien produktuak eta ogibidea izan daitezen benetako protagonistak.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Nahiko genuke azokak urte askoan jarraitzea. Ez dugu gehiegi hitz egin horretaz, baina aukera izango bagenu, urtez urte berrikuntzaren bat sartzea gustura hartuko genuke. Adibidez, ofizioen erakustaldiak edo lanbide tradizionalei garrantzia ematea, jendea lehen sektorean parte hartzera animatzea, eta erakustea bertatik bizitzea posible dela. Horrez gain, erreferenteak erakutsi nahi ditugu, inspirazio iturri izan daitezen.

Gaur egun, joera bat dago azokak festa-egun huts bihurtzeko, eta horretan salerosketaren izaera galdu egin dela iruditzen zaigu. Guk, ordea, uste dugu hemen hori ez dela gertatzen, eta hori mantentzea oso garrantzitsua da guretzat.

Gonbidatu herritarrak azokara.

Etorri azaroaren 16an Arroabera! Jende guztia beso zabalik hartuko dugu, eta ziur gaude ekoizleak ere gogotsu datozela hartu-eman hori bizitzera. Etortzen diren guztiek disfrutatu dezatela, asko ikas dezatela artile tailerrean eta Jakoba Errekondorengandik, eta ahal bada, garraio publikoa erabil dezatela hona etortzeko.

Azken finean, gure nahia da nekazari eta artisauen mundua eta “kaleumeena” elkar topa daitezen hemen, azokan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide