Albisteak

[ELKARRIZKETA] Elba Azpillaga: “Horrelako egun batean azukre prozesatua doan umeei ematea eta gainera lurrera botatzeari buruz hausnarrarazi nahi nuen”

Umeen eguneko danborradako karroza egiteko lehiaketa antolatu zuen bigarren urtez Udalak 2020an. Guztira, bi lan aurkeztu ziren eta Elba Azpillagaren proiektua aukeratu zuen epaimahaiak. Konfinamendua etorri zen gero, ordea, eta aurten egingo du, bi urte beranduago, Azpillagak karroza. Orduan aurreratu zigun puri-purian zegoen gai baten inguruko mezu garrantzitsua transmititu nahi zuela, “beti berdinak izan diren ekintzei buelta eman diet nire lanarekin”.  Danborradarako pare bat aste falta direnean, lanak nola doazen jakin nahi izan dugu.Laster iritsiko da zure lanak argia ikusteko momentua. Bi urtez izan dugu ideia ezkutuan gordetaBai, hori da, konfinamendu aurretik izan zen lehiaketa eta bi urtez plaza hori gordeta egon da. Hitzarmen bat egin genuen Udalak eta nik baldintza batzuk jarrita, zer gerta zitekeen eta kasu hipotetikoak zehaztuta eta dena betetzen joan gara eta aurrera jarraitu dugu. Niri ere ondo datorkit aurten egitea, Zestoan nagoelako eta aurrera. Uste dut gaiak ere lagundu duela horretan, ez da izan 2020ko gai konkretu bat, orokorragoa eta beti balio duena baizik.Badakigu karroza sorpresa izaten dela baina gaia aurreratzerik baduzu?

Elikadura osasuntsuari buruzko karroza izango da. Niri printzipioz ez zait oso ondo iruditzen edo aldatzeko moduko gaia iruditzen zait horrelako egun baten azukre prozesatua doan umeei ematea, eta gainera, lurrera botatzea. Kontzeptu horrekin ez nago ados eta ideia horri buelta bat emateko asmoz aukeratu nuen gai hau. Kontzientzia sortu nahi nuen umeengan.

Oker ez bagaude, eskolan ere haurrekin landu duzu gaia?

Aste Santu aurreko azken ostiralean, eskolan izan nintzen eta umeekin jolas formatuko lanketa bat egin genuen. Elikadura osasuntsuari buruzko azalpenak eman nizkien. Haurrek danborradako egunean zer gertatuko zen eta zer ez ulertzen lagunduko dioten lantxoa izan zen. Uste dut gehienek mezua oso argi jaso zutela, beste kontu bat da gero ados egotea.

Duela bi urte aurreratu zenigun material birziklatuak erabiliko zenituela

Karroza nahiko xumea da. Kilometro zero kontzeptua ere landu nahi izan dut. Erosi beharreko ia guztia Zestoan erosia da edo Azpeitian bestela, bertakoa eta osasuntsua. Inguruko baserrietan ere lortu ditut gauzak. Material birziklatua edo birziklagarria izango da dena.

Azkenik, izena ere jarri diozu karrozari

Bai, karrozaren izena “On egin” da. Janariarekin lotzen dugu askotan, zerbaitek on egitea alegia, baina kasu honetan “ondo egin” edota “ona egin” kontzeptua ere landu nahi izan dut.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide