Albisteak

[ELKARRIZKETA] Igandean Amillubiren 2. urteurren festa ospatuko da eta proiektuak fase berri bati ekingo dio

Abenduaren 1ean Amillubik 2 urte bete zituen, eta aurten ere komunitatearekin ospatuko dute. Igandean, abenduaren 14an, urteurren festa berezia egingo dute Amillubin, eta eguna aprobetxatuz, proiektuak fase berri bati ekingo dio.

Bi urte hauetan Amillubik herritarren, eragileen eta mugimendu agroekologikoaren babesa jaso du, eta orain etorkizuneko norabidea komunitatearekin batera definitzeko prest daude.

Igandeko programa

09:30 Auzolana
11:00 Amillubi bisita (ezagutzen ez dutenentzat)
11:30 Kafea
12:00 Ekitaldia, argazki kolektiboa eta errituala.

Ondoren mokadutxoa egitea zen asmoa, baina Zestoako Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin bat egitea erabaki dute amillubitarrek. Beraz errituala amaitu eta elkarrekin Zestoako Plazara joango dira, 13:00etan egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

Urteurrenaren harira, Ane Rivas eta Nagore Uriarte proiektuaren koordinatzaileei elkarrizketa egin diegu.

1. Zer balorazio egiten duzue Amillubik egindako lehen bi urte hauetan bizi izan duen ibilbideaz?

Egia esan, oso pozik gaude. Bi urte hauten, babes oso handia jaso dugu alde guztietatik. Lehengo urtean herritarren ekarpen ugari jaso genituen, eta horiei esker gure helburuak gero eta gertuago daude. Eragile publiko-pribatuen, baita beste eragile eta mugimenduen atxikimendua ere jaso dugu; harrera oso positiboa izan da. Guzti honek komunitate sendo eta konprometitua eraikitzen lagundu digu.
Gainera, hasieratik jarri genituen martxan nekazarien mesederako lurrak, gure helburu nagusietako bat betez. Auzolan dinamikei esker, helburu hori gauzatzeaz gain, herritarren eta baserritarren arteko zubiak eraikitzeko aukera ere sortu da.
Bidean nekea eta gainbehera uneak bizi izan ditugun arren, esperientzia horiek hausnarketara eraman gaituzte eta taldearen egitura eraginkorrago eta sendoago bat eraikitzen lagundu digute. Bizitako guztiak —erronkak, lorpenak eta komunitatearen babesa— pozik jarraitzen laguntzen digu, eta indar eta gogoz gaude aurrera egiteko.

2.Zer esanahi berezia du zuentzat bigarren urteurrenak?

Bigarren urteurren hau bada, neurri batean, etapa baten itxiera eta beste berri baten hasiera eta komunitatean ospatu nahi dugu. Bi urtetako bide honetan gertatu den guztiari eskerrak emateko unea da: jasotako babesa, egindako lana eta elkarrekin ikasi dugun guztia eskertu nahi dugu.
Etorkizunera begira jarri nahi dugu orain, indarberrituta eta ilusioz beterik gaude, eta elkarrekin eraikitzen jarraitzeko gogoz.

3.Zergatik erabaki duzue orain fase berri bati ekitea?

Hasieran jaso genituen ekarpenei esker, baserria zorpetu gabe erosteko behar genuena lortzeko gutxi falta zaigu dugu, eta oraindik ekarpenak egin nahi dituztenei ateak zabalik daude. Gainera, udaberrian Bizilurrekin aurkeztutako diru-laguntza bat jaso berri dugu, eta fase berri honetan gauzatu nahi ditugun ekimen batzuk martxan jartzeko aukera emango digu honek. Horri guztiari gehitu behar zaio sortu dugun egitura berria: egonkorragoa eta lan-karga modu bidezkoagoan banatzen duena, etapa berriari ekiteko energia eta konfiantza transmititzen digula. Azken batean, Amillubi zer izan nahi duen definitzeko unea iritsi da, eta ilusio handiz gaude bide hori komunitatearekin batera marrazteko.

4.Zein izango dira datozen 10-15 urteetarako plan estrategikoaren ardatz nagusiak?

Egia esan galdera zaila da, eta nahiz eta baditugun ideia batzuk “Utopiak Eraikitzen” izendatu dugun prozesuan definitu nahi ditugu ardatz horiek. Garrantzitsua da komunitatearekin batera erabakitzea zer norabide hartu, zer behar ditugun eta nola antolatu nahi dugun gure jarduna. Nahiko argi ditugu ekoizpena, formakuntza, lurra ondare gisa babestea eta kudeaketa kolektiboa bezalako ideiak ardatz horien oinarri izango direla, baina fase berri honetan definituko ditugu Amillubiren plan estrategikoaren ardatzak zeintzuk izango.

5.Zer da zehazki ‘Utopiak Eraikitzen’ prozesua eta zer ekarriko dio Amillubiri?

Amillubin elkarrekin amets partekatu bat eraiki nahi dugu, zer garen eta nora joan nahi dugun argitzeko. Horretarako, Utoipiak Eraikitzen prozesua abiatuko dugu, eta bertan saio batzuen bitartez, proiektuak partekatu, denbora lerro batean kokatu, sarearekin lotu eta ikuspegi intersekzionala eta feminista txertatzea dugu helburu nagusi. Era berean, nola antolatuko garen adostuko dugu: gobernantza, erabaki-guneak, tresnak eta dinamika parte-hartzaileen bitartez. Komunitatearekin batera norabide estrategikoa landuko dugu: Amillubik datozen urteetan Gipuzkoako mugimendu agroekologikoan izan behar duen papera, zer behar ditugun, zein proiektu lehenetsi eta nola indartuko dugun parte-hartzea. Helburua argia da: elikadura-eskubidean oinarritutako estrategia sendoa eraikitzea, ikuspegi feminista eta dekolonialarekin, eta bidean Gipuzkoako nekazariak indartzea.

6.Zein proiektu mota aurreikusten dituzue Amillubiko lurretan aurrera eramateko?

Bueno, bakoitzak bere ametsa dauka, hori argi dago, baina askok partekatzen dugun ideia bat da Amillubi herritar guztientzako formazio eta sentsibilizazio gune bihurtzea, adin guztietarako zabalik egongo den espazioa. Aldi berean, elikagaiak ekoizteko leku bizia izan dadila nahi dugu, eta horrekin batera lur gehiago babestu eta elikagaien ekoizpenerako berreskuratzea. Gipuzkoan proiektu erreferente bat bihurtu nahi dugu; agroekologiaren, elikadura eskubidearen eta komunitatearen aldeko mugimendu bizi eta ireki bat.

7.Zertan datza ‘Eskola Haziak’ dinamika eta norentzat dago pentsatuta?

Eskola Haziak Amillubik sortutako prestakuntza- eta topaketa-dinamika da, agroekologia ulertu eta praktikatzeko espazio kolektibo eta herrikoia. Nekazari txikiei, agroekologian sakondu nahi duten pertsonei, elkarteei eta Amillubi komunitateko zein inguruko aliatuei zuzenduta dago. Zazpi saioko programa da: praktika eta auzolanean oinarritua, kokapen teoriko laburrekin eta taldean gogoeta egiteko espazioekin. Helburua da nekazarien egunerokoa hobeto ulertzea, esperientziak trukatzea eta komunitate sendoa eraikitzea. Gainera, ikuspegi hauek txertatzen ditu: Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea, ekofeminismoa, ikuspegi interkulturala eta ingurumenaren zaintza. Horrela, agroekologia bidezko, feminista eta inklusibo baten aldeko bidea egiten dugu, Amillubi eta Gipuzkoako mugimendua indartuz.

8.Zergatik aukeratu dituzue ekonomia soziala, ekofeminismoa, ikuspegi interkulturala eta bioeraikuntza ardatz nagusitzat?

Ardatz horiek hautatu ditugu Amillubiren balioekin erabat bat datozelako. Guretzat agroekologia ez da ekoizteko modu bat soilik, baizik eta bizitzeko eta antolatzeko modu osoago bat: bidezkoa, komunitarioa, zaintzan oinarritua eta kulturalki anitza. Ekonomia Sozial eta Solidarioak erakusten digu proiektuak nola eraiki elkarlanean, boterea banatuz eta eredu ekonomiko bidezkoagoak sortuz. Ekofeminismoak gogorarazten digu bizitzaren iraunkortasuna eta zaintza erdigunean jarri ezean ez dagoela nekazaritza jasangarririk. Ikuspegi interkulturalak komunitatea benetan ireki eta anitza izatera bultzatzen gaitu, inor kanpoan ez uzteko eta guztion ahotsak balioesteko. Eta bioeraikuntzak ingurunearekiko errespetua praktikara eramaten du: naturarekin adiskideturiko espazioak sortzea eta gure aztarna ekologikoa murriztea. Laburbilduz, ardatz hauek aukeratu ditugu Amillubik defendatzen duen munduaren parte direlako: bidezkoagoa, zaintzan oinarritua, inklusiboa eta ingurumenarekin harmonian bizikoa.

9.Zer garrantzi du komunitatearen parte-hartzeak eta auzolanak proiektuan

Garrantzi guztia du. Amillubi ez genuke ulertuko komunitatearen parte-hartzerik gabe. Proiektua ez da soilik lur zati bat edo ekoizpen gune bat: herriak berak eraikitzen duen espazioa da, herriarena eta herriarentzat egina. Komunitatea ez da “osagarri” bat; proiektuaren bihotza da. Haren parte-hartzerik gabe ez litzateke posible izango ez gure eguneroko lana, ez agroekologiaren alde egiten dugun bultzada, ezta etorkizunerako eraiki nahi dugun eredua ere. Amillubi kolektibotasunetik egiten da, eta kolektibotasun horrek ematen dio bizia eta zentzua.

10.Nolakoa amesten duzue Amillubi etorkizunean?

Lehen aipatu dugun bezala, Amillubi etorkizunean bizirik dagoen espazio bat bezala irudikatzen dugu, non jendea etortzen ikastera den, formazio eta sentsibilizazio gune bat izango litzateke, umeentzat, gazteentzat eta helduentzat; baserritik hasita, feminismoaren, agroekologiaren edo elikadura eskubidearen inguruko tailerrak eta topaketak izango lituzkeena. Amillubi elikagaien ekoizpen aktiboa izango duen lekua: baratzeak, laborantza esperimentalak, tokiko ekoizleen lankidetzak… Eta horrekin lotuta, lurra babesten jarraitzea eta benetan iraunkorra izan daitekeen eredu bat eraikitzea.

Eta zergatik ez Gipuzkoan erreferente izatea. Bai mugimendu agroekologikoan, bai komunitatean oinarritutako gobernantzan. Amillubi denon lekua izatea —nekazariak, herritarrak, ergileak — elkarrekin sortukoa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide