Albisteak

[ELKARRIZKETA] Iraitz Arizabaleta: “Proiektu hau gauzatu ahal izateko zestoarren parte hartzea nahitaezkoa da”

Zestoako Udalak eta Aranzadi elkarteak Zestoako oroimen historikoa berreskuratzeko hitzarmena sinatuko dute. Zestoarren testigantzak jaso ahal izateko, Oroimen bulegoa zabaldu zuten atzo, asteartea, Udaletxeko beheko solairuan. Martxoko astearte guztietan, herritarren testigantzak, informazioa, argazkiak… jasoko ditu Iraitz Arizabaleta Aranzadiko historialariak. Bulegoa goizez, 10:00etatik 13:00era, eta arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara egongo da zabalik. Bertara joan ezin dutenek 943 466 142 telefonora deitzeko edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezu bat bidaltzeko aukera izango dute.

Atzo ireki zenuten bulegoa, ze lan egingo duzue han?
Udalak martxan jarri duen proiektu honekin Aranzadi Zientzia Elkarteak Zestoako memoria historikoa berreskuratu nahi du. Gutxi gora behera, 1936 eta 1945 urte bitartean gertatutako giza eskubideen urraketak ezagutu eta ikertu nahi ditugu. Proiektu hau gauzatu ahal izateko zestoarren parte hartzea nahitaezkoa da eta horretarako zabaldu dugu Oroimen bulegoa. Hemen, herritarren testigantzak jaso nahi ditugu, baita garai hartako dokumentu eta argazkiak jaso ere.

Bulego honetako lanak bi ardatz nagusi ditu. Batetik, herritarrek gurekin elkarbanatu dezaketen informazioa jasotzea eta bestetik, zestoarrek garai horren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzea; hau da, bakoitzaren familiartekoekin zer gertatu zen argitzea. Hemendik zestoar guztiak oroimen bulegotik pasatzera animatu nahi ditut beraien lekukotza eman edo beraientzat interesgarria izan daitekeena kontatzera. Askotan, frankismoko urte horiek memoria kolektibotik desagertu egiten dira eta horiek berriro azalera ekarri nahi ditugu.

Zein da lanaren helburua?
Gure lanaren helburua informazioa bildu eta horrekin ikerketa bat hastea da. Hamarkadetan isilarazita egon dena edo familian soilik kontatu diren istorio horiek plazaratu nahi ditugu. Horrek herriko benetako errealitatera hurbilduko gaitu. Ikerketan, testigantzak jasotzeaz gain, herriko artxibo eta Zestoan oinarritutako dokumentazio ezberdinak aztertu beharko ditugu. Informazio guzti horrekin, errepresioa eta giza eskubideek urraketa islatzen dituen liburu bat osatuko dugu. Lan hori legegintzaldi amaierarako egongo da prest, 2022rako.

Herritarren parte hartzea nahitaezkoa izango da…
Bai. Azken finean, artxiboetan informazioa badago baina paper horiek errealitate konkretu soil bat agertzen dute, mugatuk izaten dira. Herritarren bizitako guztia ez da paperetan islatzen. Errepresio mota asko ez dira paperetan jasotzen. Herritik kanporatu zituzten familiak eta batez ere emakumeen aurkako errepresioa ez da artxiboetan ageri. Aranzadin emakumeen aurkako errepresioari garrantzi handia ematen ari gara. Informazio askorik ez dago eta horregatik dira garrantzitsuak herritarren testigantzak.

Edonor etor daiteke bulegora…
Zestoan jaio edo bizitako edonor etor daiteke bulegora. Gure lanetan pribatutasun irizpideak bermatzen ditugula azpimarratu nahi dut. Pertsona batek datuak edo informazioa eman nahi baditu baina bere izena edo bere ezer agertzetik nahi ez badu ez da agertuko, hori guztiz errespetatzen da.

Beste herri batzuetan ere izan dituzue oroimen bulegoak. Nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Jendeak, orokorrean, asko eskertzen ditu Oroimen bulegoak. Beti familian kontatu izan diren istorio horiek kontatzeko beharra sentitzen dute eta horretara etortzen da jendea hona.

Zestoan informazio berezirik jasotzea espero duzue?
Oraintxe hasiko gara ikerketarekin eta ez dakigu zer aurkituko dugun. Artxibo bakoitzeko dokumentazioa oso ezberdina izaten da, dokumentu kopuru ezberdinak gorde nahi izan dituzte. Batzuetan material asko egoten da eta beste batzuetan, dena kiskalita egoten da.

Zestoan eta inguruko herrietan langileen batailloiak egon zirela badakigu, bortxazko lanak egin behar izan zituzten preso errepublikano eta gudarien batailloiak. Hemen inguruan hainbat errepide eta lan ezberdinak egiten ibili ziren eta hori ikertzea nahiko genuke.

Bestalde, bigarren mundu gerra zela eta Frantziatik ihes egin behar izan zuten judu, ezkertiar eta abar erregimen frankistak atxilotu zituen. Aurkitu dugun dokumentu batek dio, Zestoan, 237 errefuxiatu preso egon zirela. Suposatzekoa da Bainuetxean edo hotelen batean egon zirela, normalean horrelako eraikinetan egoten zirelako baina oraindik ez dakigu ziur. Daukagun dokumentazioa oso azalekoa da eta hori dena ikertu egin behar dugu.

Informazioa jaso eta gero zer?
Testigantzak jaso eta Zestoako udal artxiboa, Euskadiko eta Nafarroako artxibo historikoak, Estatu Espainoleko artxibo militarrak, gerra sententziak… ikertuko ditugu. Behin dena amaitutakoan, Zestoan giza eskubideen urraketa jaso zituztenen kontaketa orokorra egin eta 2022an argitaratuko dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide