Albisteak

[ELKARRIZKETA] Itziar Ezenarro: “Herritarrak izan dira nire indarra, eta horregatik da hain zaila agur esatea”

Itziar Ezenarro (Getaria, 1971) 2014ko urriaren 10ean abiatu zen Lili dendaren gidaritzan. Hamaika urte hauetan, denda izateaz gain, gertutasuna eta konfiantzazko tratu hurbila eskaini duen espazio bihurtu da. Orain, ateak ixteko erabakia hartu duenean, Itziarrek bere ibilbidearen balantzea egin du gurekin, hasierako egunetatik gaur arteko bizipenak nahiz etorkizunari begirako gogoetak partekatuz.

Nola sortu zitzaizun herrian denda bat irekitzeko ideia? Nolakoa izan zen prozesua, edo nola oroitzen dituzu garai haiek?

Denda irekitzeko ideia bat-batean sortu zen. Aurreko lana egun batetik bestera utzi nuen, etorkizunera begira inolako proiekturik gabe, eta garai hartan denbora etxea margotzen, ingelesa ikasten eta Sastarrain inguruan paseatzen igarotzen nuen. Gogoan dut 2014ko urtarrilean, Sastarrainerako paseo batean otu zitzaidala aurrez erosita genuen lokal harekin zerbait egin behar genuela. Hasiera batean inbertsio gisa erosi genuen, baina ez genuen argi zertarako.

Txikitatik sentitu izan dut bereziki zapata-dendekiko lilura. Garai bateko zapata-denda klasikoak gogoratzen ditut, hala nola El Palacio del Niño edo Ayestaran; denda horietara sartzean New Yorken nengoela zirudien. Horregatik esaten nuen beti lokal horretan zerbait jarri beharko banu, zapata-denda bat izango litzatekeela. Ni aparejadorea naizenez, proiektua neuk burutu nuen Juan Alberto Gaztañaga herritarrarekin elkarlanean. Bion artean proiektu eder bat gauzatu genuen, eta bide horretan ere asko gozatu genuen.

Erabakia, batez ere, bizimodu aldaketa baten bila hartu nuen. Aurreko lanak estres handia sortzen zidan eta ez nintzen ez familiarekin, ez lagunekin egoten. Dendak aukera eman zidan herrian bertan lan egiteko eta bizitza pertsonalari lehentasuna emateko, batez ere umeei, haiekin denbora gehiago partekatu behar nuela konturatu bainintzen.

Nola baloratuko zenituzke azken hamaika urte hauek? Zer da gehien nabarmenduko zenukeena?

Balantzea egitean, esango nuke hasiera batean nuen ideia asko aldatu dela urte hauetan. Denda ireki nuenean bertako eta gertuko marken alde apustua egitea zen nire asmoa. Baina denboraren poderioz, ohartu naiz herriko jendearen beharretara egokitu behar nuela; azken batean, bezeroek erabakitzen dute zein norabidetan haziko den denda. Hasieran ez nuen espero gizonezkoen erosketa ohiturak hain indartsuak izatea, eta hala ere, azkenean eurentzako eskaintza zabaldu dut gehien. Sarritan gertatu izan zait gizonezkoak dendan sartzea eta goitik behera erropa berriarekin jantzita irtetea. Horrek egokitzapenaren garrantzia erakutsi dit, hasierako ikuspegia alde batera utzi eta denda herriko jendearen benetako beharrei erantzutera bideratzea. Hortxe egon da nire bilakaera nagusia.

Hala eta guztiz ere, nire ustez aldaketarik handiena pandemiaren ondorioz etorri zen. Zaila da hitzetan jartzea, baina benetako aldaketa bortitza izan zen. Jendearen jokatzeko eta erosteko moduak, baita harremanak ere, errotik aldatu ziren. Ez nuke eragin hori positibotzat joko; haustura handi bat izan zen, ia kataklismo modura definitzeko modukoa.

Gaur egun internet bidez eta multinazionaletan egiten da erosketarik gehiena. Nola ikusten duzu egoera hori? Uste duzu herritarrek gehiago kanpoan erosten dutela ala oraindik herriko dendetan ere bai?

Itziar Ezenarro, Lili dendaren hasierako pausoetan, 2014ko urrian

Itziar Ezenarro 2025eko irailan

Herriko dendak oasi txiki baten parekoak dira bestelako bizimodua nahi duen jendearentzat. Eta zorionez, badago horren aldeko jendea herrian. Nik neuk ez dut internetetik erosten. Dendara joatea, arropa ikusi, probatu, ukitu eta solasean aritzea ikaragarri gustuko dut. Esperientzia guztiz ezberdina da.
Urte hauetan jendearengandik jaso dudan tratu hurbila izan da niretzat aberasgarriena. Denda ez da soilik lantokia izan, bigarren etxe bat baizik, eta horrek asko bete nau.

Baina egia da online erosketak gero eta ohikoagoak direla. Ingurura begiratuta nabarmena da online erosketen gorakada; nahikoa da inguruko etxeetara iristen diren pakete kopuruari erreparatzea, argi ikusteko zer nolako joera dagoen. Eztabaida zabal bat da. Nik ordea ez dut uste hainbeste gauza behar ditugunik bizitzeko. Inguruan ikusten dudan egoera horrek tristetu egiten nau. Ez zait gustatzen.

Dena fast bilakatu da: fast fashion, fast food… Nik kontrakoa aldarrikatzen dut: slow. Bizimodu lasaiago bat, erosketak esperientzia gozagarri eta hurbila izan daitezen. Filosofia bat da, eta zorionez gero eta jende gehiagok partekatzen du.

Zer arrazoi nagusik eraman zaitu denda ixteko erabakia hartzera?

Nik oso argi dut, bizitzan aldaketak gertatzen dira, eta une bakoitzean erabaki berriak hartu behar izaten dira. Hasieran, denda nire bizimoduaren parte zen, familiarekin uztartuta, herrian zerbitzua eskainiz eta, aldi berean, etxeko ekonomiari osagarri garrantzitsua emanez. Hala ere, ustekabean lan aukera berri bat sortu zitzaidan eta ezin izan nion ezetzik esan. Hori horrela eta bizitza pertsonalean izan ditudan aldaketak medio, denda behar bat ere bilakatu da.

Egunerokotasunean daramadan erritmoa, ordea, zorabiagarria bihurtu da. Denborarekin estresak erabat gainditu nau, eta nahiko nukeen dena egitera ezin naiz iritsi. Hala ere, denbora luzez ez nuen onartu nahi izan egoera hau, denda nire bizitzaren parte zen, herritarrekiko lotura estua eta ematen genuen zerbitzuaren oinarri. Guztia bat-batean uztea ezinezkoa egiten zitzaidan.

Baina osasun-arazo txiki batek begiak ireki zizkidan. Orduan konturatu nintzen gauza guztien gainetik nire ongizatea dagoela, eta horregatik hartu dut erabaki hau.

Zer gertatuko da orain dendarekin?

Itziar Ezenarro Lili dendako hastapenetan (2014)

Oraindik ikusteko dago. Ez dut presaka eta korrika erabakirik hartu nahi. Momentuz denboraldi batez dendan salgai dagoena eskaintzen jarraituko dugu, eta hori amaitutakoan etorriko da amaiera. Azken boladan, gainera, harrituta gaude zenbat jende ari den dendara etortzen; horrek agerian uzten du dendak herrian izan duen indarra.

Niretzat, aukerarik ederrena litzateke norbaitek negozioari jarraipena ematea eta zerbitzu hau bizirik mantentzea. Ez da erraza, badakit. Horrelako denda bat edukitzeko filosofia bat behar da, eta, batez ere, bizimodu hau gozatzeko gaitasuna. Denbora libre asko kentzen du, baina alde positibo asko ere baditu. Gaur egun ez dut ikusten jende askorik prest halako apustu baterako, eta horregatik uste dut konplikatua izango dela. Hala eta guztiz ere, nik ate guztiak zabalik uzten ditut. Norbait interesatuko balitz, poz handiz hartuko nuke Lili dendak jarraipena izatea.

Denda ixtea agur bat al da ala ate berri bat zabaltzea?

Nik uste dut aurrerantzean gauzak patxada handiagoz egiteko aukera emango didala. Nire aitak sarri esaten zuen bezala, “txapel bakarrarekin ezin dira bi buru estali”, eta horixe gertatzen zait askotan. Mila kontutan sartzen naiz eta batzuetan ezin izaten dut guztira iritsi. Nire izaera horrelakoa da, geldirik ez egotekoa; beraz, nire bizimoduak antzeko erritmoa izango du, baina hemendik aurrera lasaitasun handiagoarekin.

Azkenik, zer mezu bidaliko zenioke urte hauetan zure ondoan egon diren herritarrei eta bezeroei?

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet herritarrei. Gure lana beti haiekin egin dugu, eta bezero leial asko izan ditugu bidean. Herritarrak izan dira nire indarra, eta horregatik da hain zaila agur esatea. Beraiengatik ematen dit pena handiena, baina aldi berean bihotzez eskertzen diet urte hauetan guztietan nire ondoan egon izana.

 






Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide