Albisteak

[ELKARRIZKETA] Jagoba Astiazaran: “Duela lau urteko lanean euskal dantza zuen oinarri Arineketan proiektuak, orain aldiz euskal kanta tradizionalari egin diogu omen”

Duela lau urte euren lehen diskoa aurkeztu behar zuten herriko plazan, pandemia kontuak tarteko kontzertu hura atzeratu eta azkenean kiroldegian ikusi ahal izan genuen “Arineketan”. Ordutik, dozenaka plaza eta aretotan aritu ondoren, bigarren emanaldia aurkeztera dator igandean Jagoba Astiazaran herritarrak eta Iñar Sastre pianojoleak gidatutako tropela. “Zaharrak berri” izeneko ikuskizuna dakarte Oihana Iguaran bertsolaria, Haatik dantza konpainia eta Xabier Zeberio eta Nora Lopez musikariekin batera.

Jagoba Astiazaran herritarra elkarrizketatu dugu igandeko emanaldiaren harira:

Zer du zaharretik eta zer berritik emanaldiak?
Duela lau urteko lanean euskal dantza zuen oinarri Arineketan proiektuak, orain aldiz euskal kanta tradizionalari egin diogu omen. Hein batean gure ondare kulturalari bueltaka gabiltza, materiala ezberdina izan arren, sustrai beretik baitatoz bata zein bestea. Horregatik “Zaharrak berri” izenburua. Lehen emanaldi hark uzta oparoa ekarri zigun, bidean Euskal Herriko Musika Bulegoa Saria irabazi genuen, horregatik lan talde berdinarekin jarraitzea erabaki dugu. Berritasuna bertsolariak dakar. Oihana Iguaran bezalako ahotsak freskotasuna eta tradizioaren ertz berri bat dakarkigu. Ezin hobeto uztartzen da emanaldian.

Talde handia zarete oholtza gainean
Hala da. Bikote gisa sortu zen Arineketan, Iñar Sastre pianoan eta ni txistuan, baina pixkanaka ezinbesteko bihurtu ditugu gure kolaboratzaileak. Haatik dantza konpainia profesionala da, maila eta esperientzia handia dute oholtzan, eta zer esan musikariez: punta puntakoak bildu ditugu, gu bion lana erraztearren. “Brometan” baina harro, laguntzaile onenak ditugula esan ohi dugu Xabi Zeberio ere, “Oskorriko biolinjolea”, taldekide dugulako. Guztira zazpi pertsona igoko gara oholtzara, baina atzetik beste hainbeste lagun ari dira ezkutuko lana egiten.

Eta zuretzat, zer da herrian halako proiektu bat aurkeztea?
Berezia da, noski, eta are gehiago herriko festen inguruan aurkeztea. Gure Amama Xole ekarriko dugu gogora emanaldian zehar, diskoan ere agertzen baita gurekin kantari, nahiz eta aurten 9 urte beteko diren hil zela. Duda gabe omenaldi hunkigarria izango da herriko plazan bere ahotsa entzun ahal izatea. Arineketan plaza eta areto handietan egin dugunetan, pentsatu izan dut Zestoak ere merezi zuela adin guztietarako egokia den proiektu honetaz gozatzeko aukera!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide