Albisteak

[ELKARRIZKETA] Jagoba Otaegi: “Igandeko erakustaldira sasoi onean iristen naizela esango nuke”

Argazkia: Urola Kostako Hitza

Jagoba Otaegik (1993, Aizarna) igande honetako herri kirol ikuskizunean hartuko du parte. Txikia zelarik hasi zen herri kirol munduan. 9-10 urte zituela egin zuen bere lehen harri-jasotze erakustaldia Aizarnan eta geroztik plazatik plazara ibili da. Igande honetan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zestoako plazan, harria alde batera utzi eta Kepa Peñagarikanorekin batera, Xabier Orbegozo ‘Arria V’ eta Andoni Iruretagoiena ‘Izeta VI’.aren aurka lehiatuko da aizkoran.

 

Harri-jasotzen, aizkoran eta lasto altxatzen arituko zarete igande honetan, abuztuak 16, Zestoako plazan. Zein izango da burutu beharreko lana?

Harri-jasotzen Hodei Iruretagoiena eta bere semea, Jakes Iruretagoiena, arituko dira. Xabier Orbegozo ‘Arria V’, Andoni Iruretagoiena, Kepa Peñagarikano eta ni, berriz, aizkoran. ‘Arria V’ eta Andoni Iruretagoiena, Kepa Peñagarikano eta nire aurka lehiatuko dira, txanda librean. Guk egurrari mozketa bat egin eta harri-jasotzaile batek bost jasoaldi egitea da gure ideia. Horrela sei-zazpi bat ebakera egin arte. Bien bitartean, lasto altxatzearen hiru saio tartekatuko ditugu.

 

Azken orduko aldaketa bat egin behar izan duzue. Luis Txapartegiren ordez Kepa Peñagarikano arituko da aizkoran.

Txapartegi eta biok irten behar genuen uztailaren 31n jokatu zen I. Binakako Euskal Pentatloian, baina aste bat lehenago, entrenatzen ari zela, min hartu zuen. Jada hasi da entrenatzen, baina ez da guztiz osatu eta oraindik ez dago lehiatzeko moduan. Kepa Peñagarikano azpeitiarrak hartuko du bere lekua.

 

Erraza izan al da ikuskizun hau antolatzea?

Bai. Nire entrenatzaile den Izetarekin hitz egiten ibili naiz eta nahiko erraza izan da.  Ordubeteko saioa antolatu behar genuen eta nahiko ondo moldatu gara.

 

Herri kirolariontzat zer esan nahi du gaur egun bizi dugun egoera honetan plaza erakustaldiak izateak?

Egia esan, orain erakustaldiak nahiko geldirik daude. Tartean behin bat edo beste egiten da, baina guretzat egoera hau dezente gogorra da.

 

Pasa den asteburuan Donostiako Trinitate enparantzan ‘Igeldoko harria’ proban izan zinen, igandean Zestoako erakustaldian… Ez zara geldirik egotekoa.

Abuztuan txapelketa guztiak pare-parean egokitu zaizkigu. Pentatloia izan genuen uztail bukaeran, pasa den larunbatean ‘Igeldoko harria’ proba, larunbat honetan ere beste txapelketa bat daukagu eta igandean Zestoako erakustaldia. Dena batera egokitu da.

 

Fisikoki, sasoiko iristen al zara igandeko ikuskizunera?

Larunbatean, Igeldoko harria proban, ez nintzen gehiegi nekatu. Ustez ondo entrenatuta joan nintzen baina ez zitzaidan ondo irten. Nerbio faltagatik agian, ez zitzaidan nahi bezala irten. Baina bestela entrenamenduetan gustura aritzen naiz eta sasoi onean nagoela esango nuke.

 

OHARRA

Sarrera doakoa izango da, baina gogoratu erakustaldiaz gozatzeko aurrez sarrerak erreserbatu egin behar direla Zestoako Turismo Bulegora deituta (943 86 88 11).

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide