Albisteak
[ELKARRIZKETA] Jon Maia: “Nire kontzertuetan egon direnek badakite ez direla kontzertu arruntak, ez da musika entzutera edo dantzara etortzea”.
— 2024-12-23Kontzertu berezi eta “errepikaezina” eskainiko du Jon Maiak larunbat arratsaldean, kiroldegian. Horren harira, elkarrizketa laburra egin diogu emanaldiaren nondik norakoak jakin nahian.
Zestoarekin baduzu nolabaiteko lotura berezi bat. Zer suposatzen du zuretzat Zestoan kontzertu hau eskaintzeak?
Bai, Zestoarekin lotura berezia sentitzen dut aspalditik. Batetik, Zumaiatik oso gertu dago eta betidanik gertu sentitu eta ezagutu izan ditugu zestoarrak, baina bestetik, zenbait eginkizun eduki izan ditut oraindik eta gehiago lotu gaituztenak eta hortik adiskidetasunak eta urtetako harremanak sortu zaizkit. Esate baterako, Zestoan helduen bertso eskolan irakasle izan nintzen. Hor lotura eta harreman handiak egin nituen, eta gero, festen aurreko herri bazkarira ere urte askoan etorri izan naiz… Euskal Herrian segida gehienarekin egin dudan herrietako bat izango da Zestoa, 30 urtetik gora izango dira ia urtero kantatzen dudala. Zestoa eta hainbat jenderekin harreman berezia sentitzen dut eta horregatik kontzertu hau egiteak ilusio berezia egiten dit eta niretzako berezia izango da.
Ez da kontzertu arrunt bat izango. Nolako kontzertua izango da?
Nire kontzertuetan egon direnek badakite ez direla kontzertu arruntak, ez da musika entzutera edo dantzara etortzea. Niretzat “Kantu berri bat gara” eta aurreko lana ere emozioren eta edertasunaren bidez mezua zabaltzeko bidea dira. Mezu hori da Euskal Herriaren perspektiba historiko bat, identitate transmisio bat, baita guri buruz hitz egitea ere, emigrazioari buruz, gure barne sentimenduei buruz, elkarbizitzari buruz… Hori guztia emozio handiz eta goi mailako musikari eta propio egindako irudiekin lagunduta. Ez da kontzertu arrunta, esango nuke topaketa bat edo esperientzia bat dela.
Kontzertuaren inguruan zerbait aurreratzerik bai?
Saiatzen naiz kontzertu guztiak bakarrak izan daitezen, ez daitezela bi kontzertu berdin egon eta joaten naizen herriko sortzaile, artista edo pertsonekin tratuak egiten eta parte hartzeko bidea ematen. Zestoan ere horrela izango da. Sorpresak egongo dira eta Zestoako kontzertua ere errepikaezina izango da.
Badakit badagoela jendea dezentetan etorri dena jada, eta horrek poza ematen dit, erakusten duelako, aldiro bizitzen dutela berriro etortzera eramaten dituzten zerbait. Espero dut Zestoakoa arratsalde-iluntze magiko eta berezi bat izango dela eta denok gonbidatuta zaudete.
Egin zaitez bazkide