Albisteak

[ELKARRIZKETA] Luis Martija: “nire helburua auzoan gauza arruntetatik haratago pentsarazteko tarte bat sortzea da”

Gaur arratsaldean emango zaie hasiera, Arroabeko Ezkaizto Auzo Elkarteak, antolatzen dituen kafe tertuliei. Elkargunean, 18:30ean izango da gaurko saioa. Luis Martijak gidatzen du, egunerokotasunetik haratago doazen gai transzendentalak eztabaidatzeko sortu den espazio irekia. Elkarrizketan honetan, saio horiek moderatzeko erronkak eta landutako gaien inguruan hitz egin digu Martijak.

Luis Martija, aurkeztu zure burua:

Azpeitiarra naiz izatez eta hemen, Arroabean, 15 urte daramat bizitzen. Horretaz gain, aita naiz, aitona naiz, gizona naiz eta buruan galdera asko eta erantzun gutxi dituen pertsona naiz. Hori naiz ni eta horitik sortu zen ideia.

Nondik atera zen kafe tertuliak egiteko ideia eta zenbat saio egin dituzue honezkero?

Auzoan, nik bezala, bere buruari galderak egiten dizkioten beste hainbat pertsonekin hiitz egin ondoren suertatu zen kafe-tertuliak egitearen ideia. Bi ikasturte daramagu saio hauek egiten, 2022ko urrikoak dira aurkitu ditudan lehenengo apunteak. Komunikazioren gaia landu genuen eta aldez aurretik dexente prestatu behar izan nuen.
Nire helburua, auzoan gauza arruntetatik haratago pentsarazteko tarte bat sortzea zen. Normalean jorratzen ez diren gaien inguruan hitz egiteko espazio bat ateratzea.

Moderatzaile bezala zein da zure lana saioen bitartean?

Gehienetan tertulia bere bidetik ez ateratzea izaten da. Gai bati buruz hasten gara hitz egiten eta azkenean, bakoitza bere aldetik joateko joera dauka. Espazio bat uzten dut horretarako, jendeak hitz egiteko, baina, gai nagusia berriro ekarri behar izaten dut. Horretarako, hasierako galderaren gainetik, beste galdera bat egiten dut askotan. Hasieran deskonektatzeko erabiltzen dudan teknika abesti bat jartzea izaten da, horrela, sartu eta kolpetik ez hasi behar izateko.

Gai sakonak lantzen dituzue, nola aukeratzen dituzue?

Ideia da denon artean ateratzea gaiak, baina egia da denon artean erabaki genuen gai bakarra kontsumismoa izan zela. Beste askotan niri okurritutako gaiak izaten dira, galdera batetik abiatutakoak. Bizitzarekin lotura duten kontuak izaten dira orokorrean. Auzoa, politika eta erlijioa nahastea ez zait asko gustatzen. Gehien landu dugun gaia, heriotza izan da: Zer da heriotza? heriotza eta gero zer? Eutanasiaren gaia ere landu genuen, eta Juncalek (auzotarra eta erizaina), erizain ikuspegitik azaldu zuen gaia. Inoiz ez dut bilatu saioak nik emandako master class bat izatea, baizik eta denon artean hizketaldi bat sortzea, bertan iritzi ezberdinak jasoz.

Zer nolako jendea elkartzen zarete bertan?

Etortzen diren pertsona asko betikoak dira sei, zortzi lagun. Gaia eta denboraren arabera ere jende ezberdina etortzen da. Baina guraso askorentzat ordutegia ez da ona, eta egia esateko gizonik ez da etortzen ia. Bi bakarrik eta bat ni naiz.

Ze onura ekartzen ditu kafe tertulian parte hartzeak?

Zeure buruari galdera gehiago egitea. -kar, kar, kar- Kezka konpartituak ditugula eta gai batzuen inguruan ikuspuntu ezberdinak ezagutu eta ulertzeko aukera ematen dute saio hauek. Tertulia batetik bestera, haurreko saioan landutakoen inguruko kontuak ere jasotzen ditugu eta hor ikusten da pertsonengan izandako eragina.

Ze maiztasunekin elkatzen zarete?

Hilabetean behin elkartzen saiatzen gara, udaran eta Gabonetan etena eginez. Nere lanagatik zaila izaten da eguna zehaztea, erreleboka egiten bai dut lana eta ostiral arratsalde askotan ezin izaten dut.

Noraino iristen da gurasotasunaren ardura? da hurrengo gai, zertaz hitz egingo duzue gaur arratzaldean?

Ez genekien izenburua ondo nola jarri. Duela aste batzuk albistegietan azaldu zen berri batetik abiatuko gara. Seme batek bere gurasoak epaitegietara eraman zituen, bere onarpenik gabe ekarri zutelako mundura. Horregatik uste zuen haren gurasoak behartuak zeudela bizitza osoan zehar bere kargu egitera, izan ere ez zioten galdetu mundu hontara etorri nahi ote zuen ala ez. Behin baina gehiagotan entzun izan dut: Zergatik ekarri naute mundu hontara sufritzera? eta hori izango da gaurko tertuliaren oina.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide