Albisteak

[ELKARRIZKETA] Maria Blancok ostiraleko “Punpairez” saioaz hitz egin du

Datorren ostiralean, 19:30ean, Punpairez umore ikuskizun eta irratsaioa iritsiko da Zestoako Kultur Etxera. Sarrerak 5 euro balioko du, eta bihar asteartetik aurrera egongo dira salgai turismo bulegoan.

Herriz herri dabilen late night formatu berezi honek umorea, elkarrizketak, musika eta zuzeneko giroa uztartzen ditu. Oraingoan, gainera, etxean ariko da Maria Blanco zestoarra. Berarekin batera, Xabier Olano, Xabin Fernandez, June Gabarain eta Antonio Iriartek aritzen dira. Saioaren atarian, Punpairez zer den, nola sortu zen eta Zestoan zer prestatu duten kontatu digu.

1. Hasteko, zer da Punpairez eta nolako ibilbidea egin du Zestoara iritsi aurretik? Nondik sortu zen ideia?
Jendeak ni bakarrizketak egiten ditudalako ezagutzen nau. Stand-up-ak gorakada handia izaten ari dira, oso modan daudela esango nuke nik. Gabezia horretatik sortu zen formatu berritzaileago baten ideia. Telebistan late night ikuskizunak ikusten ditugu, baina gure kasuan bereizgarria da herriz herri mugitzen garela. Ideia Skabidean taldeko Antonio Iriarte musikariari okurritu zitzaion. Aurretik biok bakarrizketak egiten ibiliak ginen, eta Xabi ere hortik ezagutzen dugu.

2. Hasieran umorezko ikuskizun gisa jaio zen, baina gaur egun irratsaio formatua ere badu. Nola egin duzue bilakaera hori?
Ikuskizun formatuan hasi ginen. 2025eko martxoan Deban egin genuen lehen proba. Bakoitzak bere etxeko lanak egin zituen, eta elkartu ginenean… wow! Oso ondo atera zen. Hasiberriaren suertea edo halako zerbait izan genuen. Gero Naiz Irratian umorea izango zuen irratsaio bat sartu nahi zuten, eta guri ere ondo etorri zitzaigun; azkenean ikuskizuna oso garestia da: kamerak, mikrofonoak, azpiegitura… eta bost lagun gara. Naizek baliabideak eman dizkigu, eta horrela etorri zen podcasta. Baina ni beti izango naiz ikuskizunen aldekoa.

3. Zuzeneko ikuskizuna eta irratsaioa uztartzen dituzue. Zer ematen dio oholtza gaineko formatuak saioari?
Zuzenekoa… zuzenekoa da. Horrek mantentzen du bizirik ikuskizuna: momentukoa izatea, inprobisatzeko joera, publikoaren bizipena. Nik asko maite dut publikoarekin hartu-emana. Irratsaioa ezberdina da, formalagoa. Ez dauka zuzenekoan daukan “punts” hori. Ni oholtza gainean sentitzen naiz ni, erosoago. Irratsaio formatuan ere gustura aritzen gara, baina zuzenekoak badu zerbait berezia.

4. Herriz herri ibiltzen zarete saioa egiten. Zer bilatzen duzue herri bakoitzean?
Bai, herriz herri ibiltzen gara, eta saiatzen gara tokian tokiko xarma bilatzen eta zerbait berezia egiten. Ordiziara bazoaz, Ordiziako kontuak; Iruñera, hangoak… Herri bakoitzak ematen duena erabili behar da. Hori da zoragarria. Zestoan egingo duguna zestoarrek ulertuko dute agian, baina zarauztarrek ez. Hori da bereizgarria.

5. Ostiral honetan Zestoan ariko zarete. Zuretzat berezia al da etxean aritzea?
Oso berezia da. Denbora asko eskaintzen ari naiz: zer esan, nola egin, kolaboratzaileak… Normalean elkarrizketatu bat izaten dugu, oraingoan Mikel Irure eta Naroa Agirre izango dira. Herrian zenbat pertsonaia, zenbat talentu… zerbait berria eta berezia nahi genuen, eta lortuko dugula uste dut. Oso emozionatuta nago. Etxean jokatzea beti da berezia. Etxekoak, ezagunak… zoragarria da.

6. Beraz, Zestoako saioan Mikel Irure eta Naroa Agirre izango dituzue gonbidatu. Zergatik haiek?
Punpairez hitza pilotaren munduan erabiltzen da, Xabier Euzkitzek esaten duen hitza da. Kirola eta pilota beti gustatzen zaizkigu. Herrian Naroa Agirre bezalako pilotari bat izanda, nola ez gonbidatu? Bestalde, Mikel Irure Zestoan asko maite dugun pertsona da. Asko ematen dio herriari, beti aportatzen. Herri txikiak horrelako pertsonaiek egiten dituzte aberats. Zestoan gonbidatu genitzakeen jende asko dago, talentu handia dago, baina aurpegi berriak ekarri nahi genituen. Penarekin geratu gara, beste hainbeste ere ekarriko genituzkeen.

7. Umorea ardatz duzue. Zer balio du umoreak halako elkarrizketetan?
Taldean elkartu garenok bakarrizketen mundutik gatoz, eta inkontzienteki egiten dugu umorea. Ni ohituta nago azkar, bote-pronto aritzera. Umorea behar dugu; gauza tristeak entzuteko egunerokotasuna badugu. Horrek ematen dio bizitasuna saioari. Elkarrizketa formal bat baino arinagoa eta atseginagoa da.

8. Zer espero dezake Zestoako publikoak ostiralean?
Ez dakit zer espero dezaketen, zestoarrengandik ez dut asko espero, oso sosak gara eta! (barrez). Baina momentu on bat izango da, ordubete inguruko saioa. Herriko jendearentzat egindako ikuskizuna da. Hasieretan, batez ere, familia eta kuadrillakoen babesa izatea oso garrantzitsua da; zu ikusteko denbora hartzea balio handikoa da, eta horrela adierazten da benetako laguntasuna. Ez dut aurrerapenik emango, baina etortzen direnek momentu polita izango dute.

9. Zestoan kultur mugimendu handia dago. Nola ikusten duzu giroa?
Zestoak azkenaldian mugimendu handia du. Horrelako herri batek kultura eta nortasuna behar ditu. Zestoak kultura behar du, eta kulturak Zestoa. Errazagoa da jendea kontzertuetara joatea, baina Punpairez bezalakoetara ere gerturatzea garrantzitsua da, kultura musika baino harago doalako. Amancay Gaztañagak, adibidez, lan handia egin du antzerkiaren bueltan, eta ekaineko Antzerki Astea ohitura bihurtzen ari da. Garrantzitsua da probatzea eta parte hartzea; gustuko ez duenak ere, lehenik saiatu egin behar du.

10. Azkenik, zergatik animatu beharko luke jendeak ostiraleko saiora etortzera?
Etortzen dena ez da damutuko. Kontatu ahal dizute, baina hobe da bizitzea. 14 urtetik gora, adin guztietarako da. Adin ezberdinetako jendea elkartzea polita litzateke. Ni plazer handiz arituko naiz. Herriko eragileak batzea da garrantzitsuena. Nik gogotsu nago eta herriari opari bat egin nahi diot. Etorri nahi duenak, ongi etorri; eta bestela, gero ere izango da poteorako tartea!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide