Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

“Elkartasuna ez da delitua” lelopean, azken urteetako elkarretaratzerik jendetsuena egin da gaur Zestoan. Zestoako Mugimendu Feministak deituta, herriko plaza jendez lepo bete da, pankarta, kartel eta bandera morez, datorren astean Donostian epaituko dituzten sei herritarren aldeko babesa adierazteko.
Mobilizazioa aste honetan Mugimendu Feministak argitaratutako “Elkartasun feminista epaitzera doaz Donostian” komunikatuaren ondoren iritsi da. Asteartean plazaratutako adierazpen horrek atxikimendu azkar eta zabala izan du, eta ostegunerako jada izaera ezberdineko 30 eragilek egin zuten bat kausarekin. Gaurko elkarretaratzeak argi utzi du atxikimendua ez dela kolektiboena soilik izan, baizik eta herritar askorena ere bai.
Datorren astean, abenduaren 16tik 18ra, Zestoako sei herritar epaituko dituzte Donostiako epaitegian. Akusazioek eta fiskaltzak derrigortze eta integritate moralaren aurkako delituak egozten dizkiete. Ustezko gertaerak duela zazpi urte jazo ziren, eta auzipetuen artean daude salaketa jarri duen gizonaren bikotekide ohia eta banantze prozesuan emakume horri laguntza eman zioten bost pertsona. Zestoako Mugimendu Feministaren esanetan, auzi honetan indarkeria matxistaren aurrean adierazitako elkartasun feminista da epaituko dena.
Kasuaren harira, hainbat eragile politikok eta sozialek ere euren jarrera publiko egin dute aste honetan. EH Bilduk adierazi du epaituko dena elkartasun feminista dela, eta babesa adierazi die bai auzipetuei eta bai Zestoako Mugimendu Feministari. Koalizioak mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du, eta gaurko elkarretaratzean EH Bilduko eskualdeko hainbat ordezkari izan dira.
EAJ-PNVk, bere aldetik, komunikatu batean auziperatuei elkartasuna adierazi die eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi du. Alderdi jeltzaleak azpimarratu du biktimen babesa lehenetsi behar dela eta horretarako bide judizial eta instituzional ofizialak direla egokienak. Era berean, adierazi du ez dela komenigarria halako kasuetan ekintza paraleloak egitea; borondate onetik sortutakoak izan arren, biktimarentzat kaltegarriak ere izan daitezkeelako. Hala ere, EAJ-PNVko zenbait ordezkari eta militante gaurko elkarretaratzean bertan izan dira, mobilizazioan parte hartuz.
Horrez gain, Itaia, emakume langileen aldeko antolakundeak, argitaratutako testuan, babes osoa adierazi die auzipetuei. Itaiaren ustez, kasu honek erasotzaileen inpunitatea agerian uzten du, izan ere, erasotua eta hari babesa eman diotenak epaituko dituzte, erasotzaileak inpunitate sozialarekin jarraitzen duen bitartean. Antolakundeak erasoen aurrean antolatzea kriminalizatzea salatu du, eta gaurko elkarretaratzean ere parte hartu du.
Azkenik, Zestoako Mugimendu Feministak dei egin du datozen egunetan Donostian egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Epaiketa abenduaren 16an hasiko da Donostiako epaitegian, eta egun horretan bertan zein ondorengoetan auzipetuei babesa adierazteko bertaratzeko deia egin dute.

