Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Elkartasuna Plazara jaialdia ospatzen ari dira gaur, Mugimendu Feministak antolatuta. Joan den abenduan epaitu eta ekainean absolbitu zituzten sei herritarren absoluzioa ospatzea eta prozesu judizialak eragindako 30.000 eurotik gorako gastuei aurre egiten laguntzea dira egun osoko jaialdiaren helburuak.
Goiz goizetik hasi dituzte prestaketa lanak. Eguerdian hasi dute jaialdia, udaletxe azpian egindako ongietorri ekitaldiarekin. Bertan, “garaipen bat ospatzeko gogoak eta beharrak” elkartu dituela adierazi du Mugimendu Feministak. Hala ere, Angelun sexu eraso bat salatu zuen emakume baten heriotza salatuz hasi dute ekitaldia, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
Sei herritarren absoluzioa ospatzeaz gain, zazpi urteko prozesuan babesa eman dieten guztiei eskerrak eman dizkiete. Hala ere, prozesua ez dela erabat amaitu gogorarazi dute, oraindik 30.000 eurotik gorako gastuei aurre egin behar dietelako. Jaialdian bildutako dirua zama ekonomiko hori arintzera bideratuko dute.
Ongietorri ekitaldiaren ondoren, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdi bertsolariak aritu dira kantuan, eta Le Big Gibel taldearekin poteoa egin dute. 14:30ean hasi da herri bazkaria, eta arratsaldean ere festak aurrera jarraituko du. Jendetza bildu da hasierako ekitaldian eta bazkaltzera 400 lagun inguru eseri dira.
Arratsaldeko egitaraua
Bazkalostean: Poesia errezitaldia.
17:00etatik aurrera, kontzertuak:
Rodeo eta Familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya eta Ines Osinaga eta Bad Sound Sistem













