Emakume indartsu eta kementsuak

Aldizkariak dira, zalantzarik gabe, guk hemen egiten dugun “aztarka” modukoak egiteko lekurik ezezagunenak, ezkutuenak baina aldi berean emankorrenak. Oraingo honetan, Espainiako alkate andreei buruzko erreportaje bitxi bat aurkitu dugu eta, bertan, gure herriko alkate izandako Purificación Gil. Garbiñez gain, beste zenbait herritako alkate andreak ere ageri dira: Segura, Legazpi, Berrobi, Albiztur, Alcorcon eta Cobeña.

Laburra da gure herriari buruzko aipamena baina mamitsua: “Zestoa sekulako herria da, ez bakarrik gibeleko arazoak dituztenentzat, baita ere udaldia leku ospetsu eta Donostiarekin oso ondo komunikatuta dagoen toki batean pasa nahi dutenentzat. Dohain natural horiei, gaurtik aurrera, beste bat erantsi behar zaie: udalerriaren bilakaera administratibo zuzenagatik oso arduratuta dagoen alkate andre bat edukitzea. Bere bulegoan eserita harrapatu dugu, bilkura hasi aurretik idazkariarekin gai batzuk aztertzen.

Purificación Gil Gipuzkoan itxura ederrena [de más prestancia] duen alkate andrea da. Lana gogor egiteko helburuarekin onartu du bere kargua”.

Ondoren, gure alkatearen hitz eder batzuk azpimarratzen ditu erreportajeak: “Historian emakume indartsu eta kementsuak badaude. Erregina onak izatea lortu badugu, alkateak ere izan gaitezke”.

Zu ezkondua zara?, galdetzen dio ondoren kazetariak eta hona erantzuna: “Alemaniar batekin. Eta asko eztabaidatzen dut berarekin, emakume espainiarra oso atzeratua dagoela esaten dit-eta”.

Bi erantzun horiek taxuz aztertzeak liburu baterako emango liguke. Lehenengoari erreparatuta –Historian emakume indartsu eta kementsuak badaude– segituan antzematen dira feminismoaren kutsuak, garai hartan aitzindariak izandako emakume eta pentsaera haien izpiritua.

Bigarren erantzunak berriz, indartu egiten du lehen esandakoa, eta emakumeen adorea azpimarratzeaz gain, gizonezkoekin –edo senarrarekin bederen– eztabaidatzera ohitutako emakumea azaleratzen digu; gizonen aurrean bere ikuspuntua aldarrikatzera ausartzen dela ikusten dugu. Jarrera ausarta eta txalotzekoa, duela 80 urteko gizarte hartarako.

* * *

Badu, Jon Artanok artikulu eder askoa gai hauen inguruan (Maistraren esana lege. Argia, 2007-05-27 http://www.argia.eus/argia-astekaria/2090/maistraren-esana-lege/) eta gomendatzen dizuet irakurtzea.

Han, Purificación Gilen ikasle izandako Puri Bergarak esaten du: “Errepublika denbora genueneko maistra? Bai. Pentsatzen jarrita harrigarria da emakumea jarri izana alkate, eta Aizarnakoa gainera, zestoarrek beti gutxiagotzat eduki gaituztenean… Oso guapa zen, oso guapa. Baina maistratzarako asko ez zuen balio; laboreak eta eskulanak egiteko bai, abiliodosa zen-eta. Behar bezala erakusteko, ordea, onegia zen eta ez dakit ba pixkat ez ote genuen toreatzen. Alaba ere oso politta zuen, Esthertxo”.

Estertxok berriz –sor Esther, 1952an Allozko (Nafarroa) komentura sartu zenetik– zera esan zion Artanori: “Gure ama guapa zen, oso guapa, horregatik ezkondu zen berekin aita”.

Gizona ‘berezia’ hartu zuen”, dio Artanok: “Izan ere Tolosako (Gipuzkoa) Rondilla kalean Gilen amak zuen pentsioan ostatatu zen Alemaniatik makina batzuk muntatzera etorritako gazte prestua; Rudolph Brauer Humman zuen izena. Amorostu egin ziren kanpotarra eta etxeko alaba”.

* * *

Argazkian, Garbiñe Gil zein guapa dagoen begiratzeaz gain, erreparatu udaletxeko areto nagusiari: Niceto Alcalá-Zamora, Errepublikako presidentearen argazkiaren azpian egurrezko eserleku historikoa ageri da; koadroaren atze aldean, berriz, horma moldura pintatuekin. 70eko hamarkadan, harria bistatu egin zitzaion aretoari baina –hara nola izaten diren gauzak– 80ko hamarkadan egin zen “zaharberritze” negargarrian, horma horiek hemen argazkian ikusten dugun itxura hartu zuten berriro. Hara!

* * *

Argazkia eta hizpidea eman didan erreportajea: Estampa, 266. zenbakia. 1933-02-11.

Aldizkariaren kopia Donostiako Udaleko Liburutegi Nagusiko langileen prestutasunari esker lortu dut eta, betez ere, Arantxa Arzamendi Liburutegi Nagusiko arduradunaren eta Ester Zabalo liburuzainaren arretari esker.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide