Albisteak

Emakume langileen “egiturazko zapalkuntzarekin” amaitu behar dela aldarrikatu du Itaiak

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izanik, elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki lelopean. Udaletxe azpian izan da hitzordua eta hainbat herritar bertaratu dira.

Instituzio eta alderdi politikoetatik gero eta politika feminista gehiago proposatzen dira azaldu dute, baina politika horiek “indarkeria matxistaren kudeaketara eta norbanakoaren lanketara bideratutako lan ideologikoetara” mugatzen direla nabarmendu dute. “Politika horiek guztiak indarkeria matxistarekin amaitzeko duten asmo eza azpimarratzen dute. Gizarte kapitalista oinarri ekonomikoaren baitan antolatzen da. Momentuko gaitasun ekonomikoaren eta interes politikoaren araberakoa izango direlarik dira instituzioetatik proposatzen diren politikak. Modu horretan emakume langileon babesa eta defentsa albo batean geratzen direla uste dugu.”

Indarkeria matxistarekin amaitzeko emakume langileen “egiturazko zapalkuntzarekin” amaitu behar dela azpimarratu dute, eta bide horretan lanean ari direla nabarmendu dute, “emakume langileon zapalkuntza egoerarekin amaitzeko borroka ekonomiko eta politikoak martxan jarriz, indarkeria matxista normalizatzen duten instituzioei aurre eginez, instituzioek indarkeria matxistaren aurrean proposatzen dituzten kanpaina eta protokoloen mugak seinalatuz eta interes ekonomiko kapitalistatik at garatuko den antolakuntza sozialista eraikiz”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide