Albisteak

[ENBIDOA] Eskubaloiaren urrezko urteak Zestoan

A ze bi sorpresa, Potxola: hire enbidoa, eta orain jakitea garai haietan ni hire “idoloetako bat” nintzela.

Egia da 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Zestoan arrakasta handia izan zuela eskubaloiak.
Hasieran, Zestoan ez zegoen pistarik etxeko partidak jokatzeko, eta Azpeitiko Betharrametara joaten ginen eta ondoren Zumaiako monjetara. Kamiseta zuri-beltza zen, marra horizontalekin, eta galtza zuriak. Geroago, Zestoan aire libreko pista bat egin zuten eta ondoren, kiroldegia. Partida garrantzitsuak jokatzen ziren askotan, giro ikusgarriarekin. Ez dut inoiz ahaztuko Eibarko Mickey Mousen aurka jokatzen genuenekoa: haiek bai partidak! Herri guztia animatzera joaten zen, bufanda zuri-beltza lepoan jarrita. Garai haietan asko ginen eskubaloian aritzen ginenok.

Zestoan, gaur egun, ziur nago ia denok dugula guraso, anaia, osaba, lehengusu edo lagunen bat, eskubaloian aritutakoa. Bakoitzak edukiko du seguruena bere istoriotxoa kontatzeko.
Nik ere badut neurea. 1974an infantil mailako talde bat sortu zen. Zestoan ez zegoen pistarik, baina lortu genuen baimena etxeko partidak frontoi txikian jokatzeko. Kanpokoak pilotarien aldageletan aldatzen ziren eta gu berriz aldameneko etxeko portalean. Badakizue zer? Ba kriston emaitza lortu genuela. Gipuzkoako txapeldunak!

Ondorengo hiru urteetan Zestoako jubeniletan aritu nintzen. Maila oso ona genuen. Niri, azken urtean, Gipuzkoako jokalaririk onenaren saria eman zidaten, eta Espainiako selekzioarekin ere lagunarteko bat edo beste jokatzeko aukera izan nuen. Hurrengo urteetan Goi Mailan ibili nintzen, orduan “División de Honor” deitzen zenean: Irungo Bidasoan, Valladolideko Michelinen, Eibarko Arraten… Halaber, Euskal Selekzioarekin ere pare bat aldiz, Gabon Kopan. Urte onak izan ziren; leku asko eta jende pila ezagutu nuen, eskubaloiari esker.

Tira, nire enbidoa nori? Ba, Jon Mikel Olmos “Jonmi”-ri. Berak ere badu eskubaloiarekin lotutako bere istoriotxoa, nahiz eta ez izan Zestoan. Duela hiru bat urte etorri zen bere bikotekidearekin Iraetako auzora bizitzera. Nolakoa da Iraetan bizitzeko esperientzia, eta zer-nolako harrera egin dizuete auzotarrek?

Jose Luis Ugarte




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide