Albisteak
[ENBIDOA] Igerilekua amets
— 2022-01-07Bai, Juanal, erronkak onak dituk, horietatik zerbait ikasten asmatuz gero. Orain dela 30 urte ezingo nikek enbido hau idatzi, ezta hurrik eman ere! Baina, gaur, ahalegindu egingo nauk. Hitza dela, Danbolin dela, antzerkia dela, lana… zer edo zer ikastera behartu diat nire burua, eta eskerrak!
Gogoratzen naiz gure seme-alabak txikiak zirela eskolako txostenak bi hizkuntzatan heltzen zitzaizkigula, eta nik beti erdaraz irakurtzen nituen; ez horrela senarrak. Mutilek euskaraz gehiago egiten zuten gure garaian, nire inguruan behintzat. Neskok gure artean, erdaraz; mutilek, euskaraz.
Gaur egunean hobera aldatu dira ohiturak, Zestoan behintzat. Eta pozten naiz. Abesteko ohitura ere aldatu da, baina hori txarrera. Garai hartan, asko eta nahiko ondo abesten zen; elizan zer esanik ez, baina baita kalean ere, tabernetan-eta. Ederra izaten zen, naturalki denok eztarrian dugun instrumentu zoragarri hori —batzuetan soilik, besteetan gitarra edo soinuaz lotuta— erabiltzea. Zestoan, Joxe Orbegozok, Jabier Zunzunegik, Joxe Mari Bergarak eta beste askok oso ondo kantatzen zuten (horretan, kantuan, neskak ere euskaraz, noski).
Denboralditxo batean Parisko Euskal Etxeko abesbatzan parte hartzeko aukera izan nuen, eta ikaragarri gozatu nuen, eta, tira, entzuleak ere gustura egoten zirela esango nuke.
Lehen, Euskal Herrian, zaletasun handia zegoen. Iparraldean oraindik zer edo zer mantentzen dute…
Orain dela gutxi, autobusean nindoala, jaiki eta txoferra zoriondu nuen, Benitoren eta Laboaren kantak jartzen zituelako. Bejondeizula! esan nion, poza ematen du horrelako kantu ederrak entzuteak.
Eta, orain, beste gauza bat: gure amaren balkoian ordu asko pasatzen ditut. Bista paregabeak: Izarraitz, Palazio, Urola ibaia eta sahats negartiak. Jende asko ibiltzen da ibai inguruan, igerian ere bai uda partean, gero eta gehiago. Eta nik galdera egingo nizueke: Ezingo al litzateke igerileku natural bat egin hor, ibaia bera aprobetxatuz? Asko kostatuko al litzateke? Gure inguruko hondartzetara joatea ez da erosoa, automobila non sarturik ez delako izaten. Bai Gipuzkoan, bai Bizkaian —zer esanik ez Nafarroan—, leku askotan ikusi izan ditut igerilekuak… Hor uzten dut galdera.
Eta enbidoa umetako nire lagun minari bidaltzen diot, Rosario Artolari. Zer iruditzen zain hiri igerilekuaren proposamena? Animo, Rosa. Muxu bat.
Marije Izeta
Egin zaitez bazkide