Albisteak
[ENBIDOA] Markel Etxeberria: “Paris, Berlin”
— 2025-01-29Nola edo hala lortuko dizut Balenciagako soineko bat alfonbra gorrirako, Ima. Nire kontu!
Hasi naiz konturatzen bizitza motza dela, eta geroz eta azkarrago pasatzen dela. Gainera, denbora gehiena lanean pasa behar dugu, eta, nahiz eta nik nire lana gustuko dudan, obligazioek ez didate emozio ikaragarririk sortzen. Horregatik, sarritan pentsatzen dut hemendik aurrera ondo eman behar ditudala pauso guztiak etorkizunean denbora preziatu hori ez diezadaten guztiz lapurtu. Lantokian ezaguna naiz goizero umore onez azaltzeagatik eta trebezia berezia omen dut jendearen petralkeriak baretzeko. Lankideek uste dute berezkoa dudala dohain hori, natural aterako balitzait bezala, baina esfortzu hori egiteak on egiten dit.
Hegazkin batetik ari naiz idazten enbido hau, Berlinera iristeko ordu erdi bat falta zaigu, eta urteak dira hain hegaldi txarrik izan ez dudala. Dena den, betidanik gustatu izan zaizkit hegazkinak; eleganteak dira (kanpotik) eta gustuko ditudan lekuekin konektatzen naute, etxearekin adibidez. Badakit egunen batean Euskal Herrira itzuli nahiko dudala eta ez dut uste nire lanbidean aukera askorik izan dezakedanik bertan. Hori da nire gaurko buruhaustea. Gainera, Paris ez da lana bakarrik; baina badakit Paris uzteak sor diezadaken hutsunea familiak eta lagunek bete dezaketela.
Ikusi berri duzun arte erakusketan, lagunekin elkartzen zaren tabernan dagoen margolanean, lankide baten estiloan inspiratuz zure identitatea askeago eraiki dezakezu Parisen. Norberak bere identitatea topatzea errazagoa izan daiteke hiri handietan, erreferentzia estetiko asko ikusten dira eta. Balenciagan lan eginda norbaitek pentsa lezake modan lan egiten dugunok garela industria honen lehen biktimak, baino guztiz okerra da pentsamendu hori. Zalantza izpirik gabe esango dizuet: ez dago gu baino gutxiago inporta zaionik zein den jantziaren marka edo estilo hori tendentzia den ala ez. Inporta zaiguna da ispiluan begiratu eta gu geu ikustea.
Aitana, Imak soinekoa behar duen momentuan Balenciagan ez banago, utziko al diozu zuk armairuan estreinatu gabe dituzun soineko horietakoren bat? Beti esaten didazu alfonbra gorrirako direla eta zuk horrelako ekitaldirik ez duzula. Badakit Bergaran pozez zoratzen zaudela lanean, agian Paristik hara joan ninteke. Bertan ba omen zegoen denim-a (bakeroa) lantzen zuen fabrikaren bat.
Markel Etxeberria Izeta
Egin zaitez bazkide