Albisteak

Energia-sorkuntzaz, lurraldeaz eta etorkizunaz hausnartzeko hitzaldia antolatu dute hilaren 21erako

Urola Erdia Ispiluaren Aurrean kanpaina 2025aren amaieran jarri zuten martxan, eta horren barruan, eskualdeko udalek, Iraurgi Berritzen garapen-agentziak eta Laienek hitzaldi zikloa antolatu dute.

Apirilaren 14tik 28ra bitartean, solasaldi bana egingo da Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Zestoakoa hilaren 21ean izango da, Energia subiranotasuna lor daiteke? Energia-sorkuntzari, lurraldeari eta etorkizunari buruz hausnartu dezagun izenburupean. Kultur Etxean egingo dute, 18:30ean. Hizlariak Itxaro Latasa eta Leire Urkidi izango dira, eta Jon Artanok moderatzaile lanak egingo ditu.

Mahai-inguru formatuan izango dira saioak, hainbat adituren eskutik, eta ikuspegi zein iritzi desberdinak partekatzeko aukera eskainiko dute. Zikloa amaitu ondoren, herriz herri lan-saio parte-hartzaileak antolatuko dituzte. Saio horietan, eskualdeko eta herrietako egoera aztertzeko, proposamenak lantzeko eta lehentasunak adosteko aukera izango dute herritarrek.

Hitzaldiak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan egingo badira ere, antolatzaileek azaldu dute zikloa Urola Erdiko herri guztietako biztanleei zuzenduta dagoela. Hain zuzen ere, Beizama, Aizarnazabal eta Errezil bezalako herri txikien “errealitatea eta ekarpena” ere kontuan hartu nahi dituzte, eskualde osoari begirako ikuspegia lantzeko.

Zestoako hitzaldia

Apirilak 21, asteartea. 18:30ean, Kultur Etxean. Energia subiranotasuna lor daiteke? Energia-sorkuntzari, lurraldeari eta etorkizunari buruz hausnartu dezagun.

“Urola Erdian industria-sektoreak pisu handia du: Balio Erantsi Gordinaren erdia sortzen du. Horrek, ordea, petrolioaren eratorrien kontsumo handia ere badakar. Motorizazio-indizea ere altua da eskualdean, eta Zestoan, zehazki, bereziki handia da: 2023an, 877,2 ibilgailu zeuden 1.000 biztanleko.

Deskarbonizazioari heltzea premiazkoa da, baina nola egin daiteke? Energia berriztagarrien bidez? Gutxiago kontsumituz? Eta nork erabakitzen du zer eta non ekoitzi? Herritarrok badugu zer esanik? Zeren arabera hartzen dira erabaki horiek?
Gaia: Energia subiranotasuna lor daiteke? Energia-sorkuntzari, lurraldeari eta etorkizunari buruz haurnartu dezagun”

Hizlariak:
– Itxaro Latasa, lurralde-antolamenduan, jasangarritasunarekin lotutako planifikazioan aditua.
– Leire Urkidi Azkarraga, lurralde ikasketetan eta trantsizio ekosozialean ikertzailea.
Moderatzailea:
– Jon Artano, kazetaritzan trebatua eta gizarte nahiz ingurumen gaien dibulgazioan aritua.

Azkoitiako eta Azpeitiako hitzaldiak

– Apirilak 14, asteartea. 18:30ean, Azkoitiko Elkargunean. Kaleak pertsonentzat ala autoentzat? Elkarbizitza orekatuago baten bila.
– Apirila 28, asteartea. 18:30ean, Azpeitiko Basazabal jauregian. Zer energia-eredu nahi du Azpeitiak?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide