Enpresa elektriko handien gehiegikeria salatzeko, itzalaldi eta kazola-jotzeko deialdia urriaren 8an Zestoan

Llotja de Marreko alderdiek deitutako aldarrikapenarekin bat egiten dugu Zestoako Ehbilduko kideok. Urteetako arazoa den arren, azken aldian inoiz baino nabarmenago ari dira herritarroi iruzur egiten argindarraren prezioarekin: azken urtebetean laukoiztu egin dute argindarraren prezioa.

Beti bezala, behar gehien duten herritarrak dira gehien sufritzen ari direnak. Herritarrei deialdian parte hartzeko dei egin die Zestoako EH Bilduk, 22:00etatik 22:10era itzalaldiarekin bat egin dezaten.

Deskonektatu elektriketatik izenburupean, oligopolio elektrikoaren gehiegikeria salatzeko itzalaldia proposatu dute Llotja de Mar ituneko kide diren indar politikoek. Alegia, Esquerra republikanak, EH Bilduk, Junts-ek, Mes per Mallorcak, BNGk, Cup-ek eta Més Menorcak. Zestoako EH Bilduk deialdia bere egin du eta herritarrei parte hartzeko dei egiten die. Gaueko 22:00etan herriko plazan izango da hitzordua, elkarrekin egoeraren aurrean desadostasuna adierazteko, kazolak eskuan. Bestalde, etxean diren herritarrak ere gonbidatu nahi ditugu 22:00ak eta 22:10ak bitartean argiak itzaltzera eta etxetik ere kazola-jotzean parte hartzera.

Urteak daramatzagu enpresa elektrikoen gehiegikeriak ordaintzen, baina azken hilabeteetan inoiz baino nabarmenagoa ari da izaten arazoaren kontrolik eza. Prezioak gora eta gora egiten ari dira, eta badirudi inork ez duela bukatu nahi iruzur honekin. Hori horrela da, hain zuzen, Espainiako Estatuko alderdi nagusiak zein hainbat ordezkari arazoaren parte direlako.

Beti bezala, herritar kalteberenak ari dira gehien sufritzen, eta gutxi batzuen mesedetan, familia askoren egoera oso larria da. Hego Euskal Herrian 188.000 pertsona dira pobrezia energetikoa pairatzen dutenak. Etxebizitzetan ez ezik, enpresa, denda, taberna eta negozio txikietan ere gero eta nabarmenagoa da prezioen gorakada, eta lehendik ere gogor kolpatutako hainbat sektore kinka larrian ditu berriro ere lapurreta honek.

Ostiral honetan dugu aukera haserrea ikusarazi eta burujabetza energetikoa aldarrikatzeko!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide