Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Zer da euskaldun batentzat arnasgune batean bizitzea? Eta nola bizi dute euskara euren herrietako egunerokoan? Galdera horiek hartu ditu abiapuntu Maddi Dorronsoro Olamusu antropologoak (European Center for Minority Issues-eko ikerlaria) egindako ikerketan. Segura, Aizarnazabal eta Zestoako euskaldunei elkarrizketak eginda, euren ahotsak bildu ditu, eta atzo aurkeztu zituen emaitzak Portalen.
Ikerlariak azpimarratu zuen ikerketaren berezitasuna, euskararen arnasguneetan bizi diren pertsonen bizipenak entzutea zela. Azken urteotan asko hitz egin da euskaldun berriez edota euskararik ez dakitenen inguruan, baina galdera da: zer diote arnasguneetan bizi direnek? Horri erantzun nahian, euren testigantzak jaso ditu.
Oraindik “egosialdi” batean dagoen ikerketak lehen ondorioak utzi ditu. Dorronsororen arabera, arnasguneek espazio seguru bat eskaintzen dute euskaraz normaltasunez bizitzeko, baina aldi berean “desaktibazio” moduko bat ere eragin dezakete.
Zenbakien bidez egindako analisiak beherakada nabarmena erakutsi du arnasguneetan, eta horrek herritarrak egoeraz jabetzera eraman ditu. “Ikerketa hau garrantzitsua da, ez dituelako soilik datuak erakusten, baizik eta jendeak sentitzen eta ikusten duena plazaratzen duelako”, azaldu zuen Dorronsorok. Bere helburua, gaiaren inguruko elkarrizketa piztea da, euskal komunitatearen aktibazioa bultzatzeko bidean.
Maddiren aurkezpen osoa entzuteko aukera ondoren: