Albisteak

Eraikin publikoetan hainbat prebentzio neurri hartzea erabaki du Zestoako Udalak

Herriko osasun egoeraz kezkatuta, eraikin publikoetan hainbat prebentzio neurri hartzea erabaki du udalak. Aste honetan 100.000 biztanleko mila positiboen langa pasa du Zestoak eta Gipuzkoako tasa handiena duten herrien pare jartzera iritsi da. Hori dela eta, Zestoako Udalak Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileez gain, beste zenbait neurri hartuko ditu herriguneko eta auzoetako eraikin publikoetan. Herrigunean, Kultur Etxean, Gaztelekuan, Liburutegian, Alonderoko udal aretoan, Kiroldegian eta Idiazpiko lokalean izango dute eragina neurriek eta auzoetan, berriz, Aizarna, Arroagoia, Arroabea, Iraeta eta Lasaoko eraikin publikoetan, ikastetxeetan izan ezik.

Ostiraletik aurrera, aipatutako eraikinetako gela bakoitzean, gehienez sei pertsona bildu ahal izango dira, beti ere osasun agintaritzak baimendutako jardueretan. Kopuru hori ikastetxeko maila bereko burbuila edo familia unitate bereko kideek gainditu ahal izango dute, beti ere, aurrez jakinarazita eta dagokion eraikineko arduradunaren onespena badu. Kiroldegiari dagokionez, bertako zerbitzuak erabili ahal izateko aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da eta hitzaldi, topaketa batzar eta abarrak eraikin publikoetan ezingo dira egin ostiraletik aurrera.

Zestoako Udalak arduraz jokatzeko deia luzatu die herritarrei eta osasun gomendioak betetzen jarraitzeko eskatu du. Garbitasuna, maskararen erabilera eta pertsonen pilaketak saihestea ezinbestekotzat jo ditu. Egoera bere onera itzultzea denon esku dagoela adierazi du Mikel Arregi Ertxin alkateak: “Denon esku dago egoera larri hau bere onera itzultzea. Herritarrak erantzukizunez jokatzen ari gara, neurri handi batean, eta denon ahaleginari esker egoera larri honetatik irtetea lortuko dugula espero behar dugu”.

Ikusi hemen alkateak herriko osasun egoeraren inguruan herritarrei bidalitako mezua.