Albisteak
Erlaitz haitzuloko labar artea ikertzen hasi dira
— 2020-09-01EHU-ko arkeologian doktore eta labar artean espezialista den Blanca Ochoa eta Marcos Garcia Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikerlaria, Antxieta Jakintza taldeak lagunduta, Zestoa eta Deba artean dagoen Erlaitz leizeko labar artea ikertzen hasi dira.
1978an Antxieta Jakintza taldeko kideek paleolito eta paleolito ondorengo materialak berreskuratu eta aztarnategi gisa katalogatu zuten Erlaitz haitzuloa. 2015ean, Danbolinzuloko labar arteko aurkikuntzaren ondoren, Antxieta taldeak Zestoako inguruan jarraitu zuen lanean, Erlaitzko haitzuloan labar arte paleolitoko grabatuak aurkitu zituztelarik. Gutxienez zortzi animalien grabatuak aurkitu ziren (zaldiak, oreinak eta uroak), baina baita beste batzuen zantzuak ere. Aurkikuntza ondo kontserbatu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak barrunbea itxi zuen.
Bost urte geroago, 2020an, ikerketa burutzeko baimena eskatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta, Abuztuko azken astean hasi zituzten lanak. Grabatuak galeria nagusiaren gaineko ganbaratxo batean kokatzen dira, Jose Inazio Arrieta Antxieta Jakintza taldeko kidearen arabera “sarbide oso-oso zaila” duen harrizko panel baten gainean. Arrietak azaldu duenez, eskalatu egin behar da bertara iristeko. Garaiari dagokionez, aurkitutako grabatuak noizkoak diren zehazteko estimazioak baino ezin izan dira egin, baina duela 22.000 eta 15.000 urte bitartean kokatzen dira.
Ikerketa hasi besterik ez da egin eta Arrietak azaldu duenez, “ikerketa luzea izango da, bizpairu urte iraungo duena”. Lehen kanpainia honetan, batez ere, animalia bobido eta zerbidoen irudien dokumentazio lana burutu dutela jakinarazi du Blanca Ochoa EHU-ko arkeologoak. Arrietaren arabera, ikerketarekin amaitu aurretik gehiagotan joan beharko dute haitzulora aztarna gehiagoren bila.
Egin zaitez bazkide