Albisteak

[ERREPORTAJEA] Aitor Zeberio, bokazioa beste ezeren aurretik

Ataungo San Martingo semea. Aizarnako maisua 25 urtez. Bere aurretik beste ataundar bat izan zen han, Lukax Dorronsoro, eta 13 urte egin zituen eskola zahar hartan. Biak ala biak, danbolin-en aurrekaria izan zen Bai Zera!-n batek (1997), eta erreportaje honetarako elkarrizketan besteak, Aizarnan lan egitearen “saria” eta “zortea” aipatu dute behin eta berriz. Zortea izan da aizarnar zein zestoarrontzat ere, hainbeste urtetan jarraian, bokazio ikaragarrizko bi irakasle izatea. Jubilatzea tokatu zaio orain Aitorri, eta hizketaldi luzea egiteko aprobetxatu dugu. Lagun arteko solasaldia izan dugunez, joan daitezela hitzok atera zaizkigun bezala, hika alegia.

Bizitza, erretiroaren ondoren ere

Txikitasunean handi, maiz errepikatutako esaldia, aproposa da oso Aitor Zeberioren erretiroa definitzeko: “Ez zioat jarri behar neure buruari erronka berezirik, hau egin behar diat eta bestea. Momentuz, lasaitasunez hartu, egunean egunekoa; ba etxeko lanez aparte, paseatu egiten diat eta irakurri eta denbora hartu. Eta gerora ba gustatuko litzaidakek –emaztea oraindik lanean zagok, hari beste hiru bat urte edo falta zaizkiok erretiroa hartzeko– ba, bidaiatzea, baina ez horrela bidaia luzeak egiteko eta; gehiago duk hemen inguruan autoa hartu eta gauza bat ikusi beste bat ikusi, txangoak egin, eta gero Espainia aldea ezagutu ere bai”. Gauzak lasai hartzea nahi du Zeberiok: “Nik uste diat egunean egunekoa eta gauza txikiak egitea ere oso inportantea dela”.

Umetako kontuak

Duela 60 urte jaio zen Aitor: “Herri bizitza handia zegoen garaikoa nauk (…). Denda asko, tabernak, mugimendu handia zegoan, jendeak herrian egiten zian bizitza, kanpoko herrietara gutxi ateratzen zituan; oporretara, ni gogoratzen nauk ateratzen zirela hiru edo lau familia aberats baina beste guztiak herrian geratzen gintuan, eta geure oporrak herrian egiten genitian. Inguruko herrietara, Ordiziara-eta, azokara eta feriara-eta joaten zituan, eta lanera ere bai (gure gurasoak, esaterako, hasieran bizikletan; auto gutxi zuan orduan). Nik nire ikasleei komentatu izan zieat: 1968an-eta, gure etxean ez zuan telebistarik. Telebista zegoan auzoko bi edo hiru etxetan bakarrik, eta joaten gintuan denok –kuadrillan ume mordo bat gintuan– telebista ikustera, ba, baten etxera, eta haren familian zazpi ume bazituan, zazpi mutiko, eta emakume hark sukalde handi bat bazian, eta kanpotik beste hamabost bat joango gintuan, eta denok hantxe bueltan jarri lurrean-eta… Bizitza kalean, mendian egiten genian, jolasteko ez genizkian gaur egun umeek dauzkaten sofistikazio eta zerarik… Bizikleta, normalean familiako senide zaharrago batena edo hark utzitakoa izaten zuan… Pilotan ibiltzen gintuan asko”.

Ez zen oso desberdina izango Aitorrek irudikatzen duen giroa orduko Aizarnakoarekin. Hiru urterekin hasi zen ikastolan, eta kontu horrek asko markatuko zuen mutikoaren etorkizuna: “Nire gurasoak izan zituan ikastolaren bultzatzaileak beste familia batekin, alegia, hasiera-hasierakoak, eta gu gintuan lehenengo promoziokoak, eta bost ikasle uste diat ginela. Eskola nazionala ere bazuan orduan, maisu erdaldunekin-eta, eta nire lagun batzuk, mordoxka bat, nazionaletara joaten zituan. Baina nik zortea izan nian gure gurasoek erabaki izana gu ikastolara joatea. Ikasketa osoa euskaraz izan zuan, eta gurasoei asko eskertuta nagok zeren orain konturatzen nauk zer zortea izan dudan nik: askoz eskola goxoagoa, uste diat oso maitatuak ginela, irakasle oso jatorrak zituan –garaiko andereñoak– eta oroitzapen oso ona zeukaat”.

Kamioi gidari izan nahi, eta irakasle amaitu

Bosgarren maila eskola nazionalean egin behar izan zuen, eta gazteleraz ondo moldatzen ez zenez gaizki pasa omen zuen. Gerora, Beasaingo Lizeora aldatu zen, eta han jarraitu zuen Goi Zikloa eta Batxilergoa euskaraz egiten. Aitorrek, ezer baino lehen, kamioi gidaria izan nahi zuen. Lehengusu bat zebilen lanbide horretan, eta 14-15 urterekin Aitorri zirrara eragiten zion batera eta bestera ibiltzea eta bazterrak ikustea. Ama zenak, ordea, hura ez zela bizimodua esaten zion, beti arriskuan. “Eta gero gure lehengusua ezkondu zuan eta umea izan zian, eta gogoratzen nauk esaten zuela: ‘gure semeak oinez ikasiko dik eta ni kanpoan egongo nauk’ eta horrek asko markatu ninduan”.

Helduagoa zenean, batek eta besteak irakasle izatera animatu zuten: “Eta halaxe, Seminariora joan ninduan eta han egin nian Magisteritza; praktikak egin nizkian Ataungo eskolan, eta Donostian atera zitzaidaan lehenengo lana. Oso irakasle talde ona, nik asko ikasi nian”. Euskaraz irakasten zuen. Geroago, berriz, ikastetxe publikorako oposizioak prestatzea pentsatu zuten, eta Aitorrek eta beste batek gainditu. Lehen lanpostua (1986) “Graduada Mixta Bidegoian” tokatu omen zitzaion: “Hura izan zuan niretzat aurkikuntza bat. Donostian neu gazte-gaztea, eta neuzkaan ba 14-15 urteko ikasleak. Eta Donostiako errealitatetik pasa ninduan eskola txiki batera, geu bakarrik, bi irakasle… Ez zegoan materialik, ez zegoan ezer, dena egiteke baina gazteak gintuan, kristoren ilusioa…”.

Garai haietan, talde bat elkartzen hasi zen, eta eskola txikien mugimendua orduantxe sortu zen Tolosaldean: “Hura bizitzeko zortea izan nian. Izan zituan bilera pila bat, arratsaldeko bostak eta erdietatik aurrera, zortzietan-edo Tolosan amaitu, eta handik Atauna. Egun guztia etxetik kanpo”.

Bidanian zortzi urte pasa zituen Aitorrek, eta han plaza finkorik ez zuenez, beste norabait joan beharrean aurkitu zen. Hala iritsi zen Zestoara: “Lehenengo urtean txanpinoian jardun ninduan, eskolaurreko ordezkapenak egiten, eta han deskubritu nian Zestoako Herri Eskola. Oroitzapena zeukaat, eskola oso-oso potentea, irakasle jende ona… Gogoratzen nauk zeukatela kristoren irrati potentea eta haren inguruan kristoren saioak egiten zituztela. Eta, horrela, Zestoan egin nitian beste bi urte”. Eta ondoren Zarautzen ere ibili zen, baina bazekien Lukax [Dorronsoro] jubilatu egiten zela, eta Aizarna aukeratu zuen: “Bidaniaz geroztik, eskola txikien har hori hor neukaan barruan; hura, guraso eta ikasleekin egindako lana, kristoren esperientzia izan zuan; nik han eskola txikien eta irakaskuntzaren filosofia hori barneratu nian, eta horrek eraman ninduan erabakia hartzera”.

Aizarna

1997an iritsi zen. Ezagutzen zuen Aizarnako eskola, Lukaxi bisita egina ziolako ordurako. Eskola zahar-zaharra zen, baliabide oso gutxirekin, herri txiki-txiki batean, ikasle gehienak baserri girokoak… Pixkanaka, lortu zuen abiatzea. “Nik gauza bat garbi neukaan: etenik ez zuela egon behar. Garai hartan, Lukaxengandik niganako erreleboa egin zuena Ana [Egaña] izan zuan, hemen Zestoakoa, eta hark egin zian zubi-lana, eta nik Lukaxi eskatu nioan antzerkiaren inguruan ni formatzea edo niri laguntzea, eta hiruzpalau urtetan etortzen zuan Lukax antzerki kontuetara; saio bat egiten genian, gero Puertokora joaten gintuan, kafetxo bat hartu…”.

Bi helburu zituen batez ere Aitorrek: “Ikasleen garapen integrala aintzat hartzea; Aizarnan bukatu eta Azpeitira joaten zirenean maila onarekin joatea, eta harrotasunez esatea ‘gu Aizarnatik gatoz’. Eta herriari irekia egotea. Eta hor eskola komunitatearen parte-hartzea eta interakzioa niri iruditzen zaidak oso inportantea (…). Eta nola iristen haiz herritarrengana? Erronka handi bat duk hori. Lehenik herria ezagutu behar duk, eta herriko testuinguru horretan oso inportantea duk atxikimendu edo parte-hartze sentimendu bat adieraztea. Era horretara lortzen duk herritarrak hi kide edo parte bezala ikustea”.

Nola eragin herrian?

Herrian eragiteko garrantzitsua da, Aitorren ustez, aurretik jorratu zituzten ekintzak ez etetea: “Adibidez Lukaxek –gaur asko aldatu duk gauza baina orduan asko zituan baserritarrak eta gutxi kaletarrak–, eskola-orduz kanpo, umeek kalean jolastu zezaten, pixka bat gurasoekin-eta hitz egin zian: eskola bukatzen zuan lauetan, eta bostak aldera arte-edo, umeak geratzen zituan plazan jolasten. Hori oso inportantea iruditu zitzaidaan, eta pentsatu nian jarraitu egin behar nuela. Eta horrela, ni geratzen ninduan lauetatik bostak eta laurdenak arte-edo gurasoekin, eta egiten genian tertulia informala; hor komunikazioa eta ezagutza asko lantzen duk, eta umeek ere euren arteko komunikazioa eta harremanak lantzen ditiztek jolas denbora horietatik aparte”.

Beste hamaika jarduera ere aipatzen ditu Aitorrek: “Antzerkiarekin ere jarraitu genian; kurtso bukaeran egiten genian herritarrentzat. Jarraitu genian Santa Eske eta Gabon eskearekin… Nik beti esango diat, ni sentitu nauk Aizarnako herriarengandik beti onartua. Gu Gabonetan ere kantura joaten ginenean, baserriz baserri, kristoren harrera egiten ziaten. Hori ikaragarria duk. Eta horrek eskatzen dik, nahiz eta 24a jaieguna izan, ba nik pasatzen nian 24 osoa kantuan, beste guraso batzuekin. Eta eskerronaz aparte ematen zigutean dirua ere, zuan ikaragarria. Hori eskertu besterik ez zagok. Gaztaina biltzerakoan ere, baserrietan ateratzen zituan txokolatearekin… gero gaztaina haiek erretzen genizkian eta herritarrak ere hurbiltzen zituan… Bada horrelako ekintzak egiten jarraitzea erabaki genian”.

Eskolan bizi izan dituzten momentu zailak ere izan ditu gogoan Aitorrek, eta nola lagundu zuten herritarrek: “Irratia jartzea lortu genuenean irratirako elkarrizketak egiteko laguntza… Pasa genitian momentu zailak ere; eraikuntza zaharra zuan, habea mugitu zuan… Han geratu gintuan lekurik gabe, eta utzi zigutean plazako ermita-edo klaseak emateko. Jangelarik ez genian, eta horregatik zenbait ikasle galtzeko arriskuan geundela, Martinek [Aranburu] bere tabernan, Portun, jaten ematen zietean…”.

Damoklesen ezpata

Aizarna bezalako eskola txikiek bi arazo dituzte batez ere: irakasleen ezegonkortasuna eta matrikulazio urritasuna. Hori dena, ahal den neurrian aurreikustea ezinbestekoa da Aitorren iritziz: “Aizarnan, esate baterako, atzerritarrik ez zagok; azken urteetan azpeitiarrak eta zestoarrak joan dituk etxebizitza berriak egin zirenetik. Hori izan zuan nire irakastaldian momentu zail bat: ni joan nintzenean, ume oso gutxi zituan, eta Hezkuntzatik arazoak jartzen zitiztean, eta guk erronka bat, nola eutsi, nola biziraun herrian… Eta hor, batez ere eraikuntzarekin arazoak izan zirenean, ba ‘garraioa jartzen dizuegu eta Zestoara’… Eta garai hartako gurasoek, niri iruditzen zaidak, kristoren lana egin zutela… Guk beti esaten diagu eskola txikia bizirik herria bizirik, eta slogan horren atzean uste diat mami asko dagoela. Eta haiek egin zuten apustuaren emaitza izan zuan eraikuntza berria egitearena, eta orduan egin zituan etxebizitza berriak ere. Biak elkarrekin lotzea zuan erronka, eta ni orduan hasi ninduan harremanetan Xabier Unanue alkatearekin. Lan konplexua izan zuan, eta gurasoak lan handia egin ziaten”.

Etorkizuna

Etorkizunari buruz galdetu diogu, eta ez digu ezkutatu erreleboarekin kezka handiak eduki dituela: “Gurea eskola publikoa duk eta horko lanpostua lehiaketara ateratzen duk, eta edozein aurkez litekek, baita derrigortutako bat ere. Orduan hor neukaan zalantza: derrigortutakoa ote zen eta pasorako ote zetorren. Horrek suposatzen dik eskolarentzat izugarrizko arazoa, eta bereziki hori zuzendariak egiten badik. Orduan, nire ordez iaz etorri zuan Oroitz, zarauztarra, eta nik ikusten diat ideia askorekin, gaztea duk, energiarekin, ikusten diat hori kudeatzeko gai, eta kontua duk denbora ematea. Lehen esaten nian atxikimendu hori eskola txikietan beharrezkoa duk, eta hori ez bazagok eta eskola txikiarekiko konpromiso hori ez bazagok gauzak egitea nekeza duk”.

Ondorengoei aholku bat ematekotan, hauxe bota digu: “Nirekin etapa bat bukatzen duk eta orain beraiek egin behar ditek; aldaketa metodologiko batzuk egiten joango dituk seguru asko, hori ere onuragarria duk, nik neureak egin nitian bezala. Eta herri edo komunitate bat bezala, erronka bat bazeukak Aizarnan: niretzako klabea duk etorkizuneko Aizarna nolakoa izan behar duen planifikatzea, zeren eskolaren iraupena zagok horretan. Momentu honetan ez duk beharrik ikusten, ikasle asko zeudek, hogeitik gora, baina horrek ez dik esan nahi betirako izango denik. Errelebo generazionalaren arazoa zagok gaur egun Aizarnan. Inguruari lotuta baserrien hustutze bat ere bai, eta etorkizuneko Aizarna nolakoa izan behar duen diseinatu egin behar ditek. Nik hori garbi zaukaat”.

Zailtasunak eta eskerrak

Gizarte aldaketa izugarria sumatzen du Aitorrek: “Hezkuntzan momentu honetan ditugun baliabideak izugarriak dituk, baina iruditzen zaidak askoz gizarte indibidualistagoa dela (…). Gainera, gero eta gehiago jartzen duk auzitan irakasleen lana. Irakasleena bezala beste askorena. Gaur egun denok gaizki egiten diagu lana. Bakoitzak nahi duelako bere neurrira egindakoa. Bakoitza zagok bere zilborrari begira. Komunitatea eta auzolana duk gure belaunaldiko ezaugarri bat, eta desagertzen ari duk. Aizarnan, patioa gurasoek auzolanean egin egin ziaten, kolunpioak eta jartzen; gaur egun, toki askotan, auzolana planteatzen duanean ‘brigadakoei deituiek’ esaten ditek. Beste aldaketa bat zera duk: gaur egun, dena protokoloa duk. Aizarnara etorri nintzenean libre izatearen sentsazioa nian, orain dena programa, dena protokoloa… Horrek hegalak mozten ditik”.

Eskerrak emanez bukatu nahi izan du solasaldia: “Aprobetxatu nahi diat eskertzeko, herritarrei noski baietz, gurasoei ere, udaletxeko teknikarioi ere. Eskola baten kudeaketan atal asko zaudek, eta hor baliabideak kudeatzeko garaian jende askorekin lanean aritzea tokatu zaidak eta eskerrak eman behar ditiat”.

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide