Albisteak

[ERREPORTAJEA] Etxe baten biografia

 

Planta ederreko etxea izan zen bere garaian. Xumea, alferrikako apaindurarik gabekoa, orduko eskola bateko zorroztasuna baino gehiago etxe baten berotasuna eta goxotasuna iradokitzen zuena. Dotorea. Administrazioan ohi den bezala, ordea, denboraren poderioz, utzikeriaren eta mantentze-lanen faltaz, gero eta zaharkituagoa bilakatu zen. Une batean txiki geratu ere bai, eta handitze lanek desitxuratu egin zuten zeharo Cortázarren izpiritua. 167 urte eutsi eta gero, laster bota egingo da dena, beheko solairuko harrizko fatxada ederra izan ezik. Denborak esango du zer bihurtuko den.

Etxe guztiek izaten dute beren historia oparoa, eta honek ere hala du: maisu-maistra ugarik bere aztarna utzi zuten bertan, hainbat udal idazkarik ere bai, eta azkenik Correosek. Eta, nola ez, garai ilunak ere izan zituen, zenbait bizilagun “ospetsu” tarteko.

Ezer baino lehen, mila esker Isabel Olaizolari, eman dizkidan argibide eta laguntzagatik.

Aspaldiko etxea

Auskalo noizkoa ote zen oraingoaren aurretik han zegoen eraikina. Huraxe ote zen Tomás Lópezek, XVIII. mende amaieran, aipatzen zuen eskola? (Hay en la villa una casa con nombre de hospital, donde se recogen de noche los pobres forasteros, y escuela pública de primeras letras con la dotación competente.). Ospitalea bai, oraingo etxea dagoen toki berean ez bazen, hurbil izango zen. Iñaki Azkunek ematen dizkigun argibideen arabera, oso aspaldikoa zen gainera: “Gurutzeagako ospitale aurreko sagastia” aipatzen du 1544. urtean. Baina pistarik seguruena Jose Ramón Elorzak ematen digu 1907an bere etxea eraikitzeko baimena eskatu zuenean: Desea también utilizar el terreno que ocupa la pared ruinosa del antiguo hospital para dar mayor amplitud a la nueva casa. Ospitale hark ez zeukan zerikusirik gaur egungo ospitaleekin: gehiago zen aterpetxe bat, lastozko oheekin, eta berotzeko eta arrantxoa egiteko tokia eskaintzen zuena. Udalaren beraren diruz eta fededunen karitate-laguntzei esker sostengatzen zen.

Nolanahi ere, ingurumaria haietan izan zitekeen ospitale, eskola edo dena delakoa eraitsi, eta gaur egungoa egitea pentsatu zuten duela 167 urte.

Eskola eta maisuaren etxea: Antonio Cortázar, 1855

Eraikin soila, funtsezkoa besterik ez zuena; beheko solairuaren fatxada, kareharrizkoa, eta bertako leihoen erremate mailakatua zuen osagai estetiko bakarra; goian hiru leiho, hiru pertsiana soilez babestuak. Eskola baino gehiago, edozein burgesen etxea zirudiena.

Antonio Cortázarrek (1823-1884), 1855ean aurkeztu zion Zestoako Udalari eskola eta etxebizitza eraikitzeko proiektua. Ikasketak bukatu, eta arkitekto-titulua 1850ean eskuratu zuen Cortázarrek, eta, beraz, bere hasierako lanetako bat da Zestoako eraikin hau. Geroagokoak dira berak diseinatutako Donostiako zabalgune osoaren antolaketa-planoa (1862) eta Urumea ibaiko Santa Katalina zubia (1870). Cortázar batez ere herri-lanetan ibili zen, eta 1863an Gipuzkoako obretako Zuzendaritza Probintzial kargua hartu zuen. 19 urte eman zituen kargu horretan.

1855eko otsailaren 10ean Cortázarrek sinatutako baldintza-agirien arabera, eraikitzaileak lehengo etxe zaharra bota egin beharko zuen (procederá el empresario al desmonte del actual edificio y paredes de la huerta); ondoren, zangak egin eta zimenduentzako tokia prestatu beharko zuen, eta, azkenik, hondakin denak udalak esandako puntura eraman. Jarraian zimenduak egitea zegokion. Baldintza-agirietan, normala den bezala, asko azpimarratzen da material dena kalitatezkoa izatea (harria, adreilua, morteroa…). Sukaldeko lurra Zumaiako lauzekin egin beharko zuten (con losas de las canteras denominadas de Zumaya); egurra, berriz, taxuzko haritza, trabesarekin landua, eta Frantziako pinua, behar zen bezala matxinbratuta. Obra guztia abuzturako amaitua egon beharko zuen, atzeratutako egun bakoitzeko 80 errealeko isuna ordaindu nahi ez bazuen. Obra guztia 29.000 erreal pasatxo kosta zen.

Gutxi aldatu zen etxea ordutik beste ehun bat urtean: “Irakaslearen bizitoki bat eta bi sexuetako haurrentzako lokalak ditu etxeak” dio 1924ko inbentario batek. Horien egoera, berriz, tamalgarria, eskola-ikuskatzaileak erakusten digunez: komunak nazkagarriak daude eta, gutxi balitz, leihoa ezin da ireki, tokia aireztatzeko. Hotza, leihoak ondo itxi ezin, margotze eder baten premia, mantentze-lanik batere ez, eskolako materiala urri… horiek dira etengabeko eskaerak urteak pasa urteak etorri.

Etengabeko maisu-maistra zerrenda pasa zen bertatik; batzuk aipatzearren, Juan Ignacio Telleria, Maria Bautista Jauregi, Juan Garrido, Dionisia Santamaria, Manuel Saezmiera, Juan Jose Goyena, Juan Sanchez Corral, Maria Luisa Moronati, Maria Prieto, Tomasa Bernal… 1967. urtean, Salletarrak alde egin zutenean, San Jose ikastetxea mutilentzako eskola publiko bihurtu zen. Neskek, ordea, postetxe gainean jarraitu zuten, 1970eko hamarkada erdi aldean San Jose eskola mistoa izan zen arte.

Seguru ez dakigu zein urtetan baina 1940ko hamarkadan, sarrera aldamenetik jarri eta bigarren solairua altxatu zitzaion. Horrekin batera leiho guztiak handitu zitzaizkion, eta gauza batekin eta bestearekin Cortázarren izpiritua zeharo galdu zuen eraikinak. 1948ko urte amaieran esleitu ziren, lehiaketa bidez, igeltserotza lanak bi etxebizitzak egokitzeko, bata maistra nazionalarentzat, bestea udal idazkariarentzat. Bigarren solairua izango zen udal idazkariaren bizileku ia oraintxe arte, urte jakin batzuetan izan ezik. Bertan bizi izan ziren, batzuk bakarrik aipatzearren, Leonardo Lobato, Vicente Gómez edo, azkena, Sebastian Larrañaga zena.

Hegazkingintzako komandanteak eta beste apopilo bitxi batzuk

1970eko hamarkada hasieran, bizi izan zen han Vicente Gómez idazkaria: “Ondo gogoratzen naiz –dio Isabel Olaizolak– gizon altua, bere buru zuriarekin, comandante de aviación zen”. Ondorengo idazkariak ez ziren han bizi; izan ere, Jose Luis Abia Azkoitiko idazkari titularra zen eta han bizi zen; askoz geroagoko José Velasco, berriz, Deban.

Horrela bada, 1975ean hutsik zegoen etxebizitza. Franco hil berria, eta zer gertatuko ote zen beldur edo, jende berezia gonbidatzea erabaki zuten udalean: Benemerita, alajaina!

“Presidenteak [Jose Goikoetxea zen orduan alkate] azaltzen du agintari probintzialek iradoki diotela beharrezkoa litzatekeela lokal edo etxebizitza bat aldi baterako egokitzea Guardia Zibilaren kuartel gisa, izan ere herriak ez baitauka zerbitzu hori”. Horrela bada, proposatzen du alkateak, eta aho batez onartzen du udalbatzak, “idazkari jaunaren etxebizitza Guardia Zibilaren kuartel gisa aldi baterako gaitzea, kargu hori hutsik dagoen bitartean”. Herriko arotz batek eta iturgin batek egin zituzten egin beharreko lanak, eta 1976ko urte hasieran han jarri ziren bizitzen guardia zibil mordoxka.

Pentsatzekoa denez, zalaparta handia sortu zen herrian; hasiera-hasieratik, jendea oso atsekabetuta zegoen, batzuek esaten zuten udalaren ekimena izan zela haiek ekartzea… Egoera gero eta okerragoa bilakatu zen guardia zibilen jarrera zela-eta: askotan mozkor-mozkor eginda, eta eztabaidarako baino gehiago borrokarako prest. Behin ustekabean tiroa bota omen zuten, eta hura izango zen errematea… Egoera mikatz haren ondorioz, udalak, 1977ko otsailean, gutuna bidali zion Donostiako 551 komandantziako teniente koronel buruari, ez ordea benetako arrazoiak azalduz baizik-eta pragmatismoaz baliatuz: “Udal etxebizitza bat hutsik dagoena, bere garaian Guardia Zibilaren kuartelerako egokitu zena, udal honek erabili behar duenez, etxearen giltzak alkatetza honetan lehenbailehen entregatzeko eskatzen dizut”. Otsailaren 25ean, otzan-otzan erantzun zion teniente koronelak alkateari: Zumaiako guardia zibilen esku zeudela giltzak, eta epe laburrean entregatuko zituztela udaletxean. Halaxe amaitu zen gure apopilo “bitxien” historia.

Felipe Suárez Delgadok, Zestoako postariak, guardia zibil haiek bizi ziren etxe berean egiten zuen lan. 1976ko apirilaren 12an, erail egin zuten Felipe Zarauzko errepidean, guardia zibilek tirokatuta. Galderak etortzen zaizkigu burura. Zestoako guardia zibilek ezagutuko zuten eta hitz egingo zuten, jakina, Feliperekin. Akaso egunero samar? Etxe berean egonda, ba ote zuten hartu-emanik? Zer pentsamendu izan ote zituzten eta zer jarrera hartu ote zuten albistea jakin zutenean? Beste artikulu baterako gaia litzateke.

1977ko irailean, Jaime Fornet Capellino maisuak eskatu zuen etxebizitza hura. Udalak ezetz, inola ere ez. Urrian berriz, Manuel Altuna Anardik, alkateari “ohore handiz” gutuna bidalita: “Comisiones Obreras-en arduraduna naizenez Zestoan, ohore handiz esango dizut, datozen hauteskunde sindikalei begira, astean behin gutxienez funtzionatuko duen eskola sindikal bat antolatzeko beharra dutela”. Horiek ere ez zuten zorterik izan. Guardia zibilen egonaldiarekin udala puska baterako eskarmentatu zela dirudi.

Posta-bulegoa lanbro artean

Zestoak ez zuen historian zehar posta-bulegorik izan; Azpeitikoaren menpe zeuden kartero edo postariak. Horien oinarrizko eginkizuna izaten zen korrespondentzia sailkatzea eta hartzaileei banatzea, baita herriko postontzietako gutunak biltzea ere. Ezin izan dugu garbi jakin noiztik dagoen posta-bulegoa garai bateko eskola zen eraikuntzan baina badirudi, gerra ondorenetik gutxienez, behe solairuko zati bat erabiltzen zuela posta zerbitzuak. Nolanahi ere, udal agirietako lehen aipamena 1974koa da: “Antonio Garateri Correos eta Telegrafoen bulego bateratuko obrak esleitzea”.

Liburuek etxea laztandu zutenekoa

Aspaldiko ohiturari jarraiki, 1980ko hamarkadan, Sebastian Larrañaga udal idazkari zestoarrak etxe hori izan zuen bizileku dozena bat urtean edo. Urte haiexek izango ziren etxearen historiari liburuen mundua gehien itsatsiko zitzaizkionak. Jakina, aurretik bizitako maisu-maistra eta idazkariak ere irakurleak eta kultura dezentekoak izango ziren baina Sebastianek guri hemen primeran datorkigun berezitasun bat zuen: 1975-1985 hamarkadako eleberri onenetakoen artean jarri den Georges Perec-en La vida instrucciones de uso zoragarriaren miresle izugarria zen. Liburu hori laburpen entziklopediko bat dela esan izan da. Perec-ek beraren hitzak erabiliz, “fatxada kendu zaion Parisko eraikin bat imajinatzen dut… horrela, beheko solairutik ganbarara, eraikinaren aurreko aldean dauden gela guztiak berehala eta aldi berean ikusteko modukoak izango dira .” Kapitulu bakoitzak puzzle erraldoi, liluragarri baten zati baten antza du: puzzlearen pieza bakoitza kapitulu bat da, eta gaurko eta atzoko maizterrei buruzko indikazio bat darama, objektuak, ekintzak, oroitzapenak, sentsazioak, fantasmagoria berreraikiz.

Ez gara gu hurbildu ere egin Perec-en pretentsioetara baina, ikusi dugun bezala, ederki asko ematen du etxeak nobela baterako. Etorkizun oparoa opa diogu noizbait etorriko al den etxe berriari.

Fernando Arzallus

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide