Albisteak

[ERREPORTAJEA] Haizea dator iparraldetik

Piaspe proiektu eolikoa

Irailaren 13an entzun genuen lehen aldiz Statkraft enpresaren izena. Egun horretan prentsako titular guztiak hartu zituen albisteak: “Statkraft enpresak Azpeitian zentral eoliko bat egiteko asmoa duela jakinarazi dio Jaurlaritzari”, “Statkraft Norvegiako enpresak EAEn bi parke eoliko jarri nahi ditu martxan, 2027an”, “Bi parke eoliko eraiki nahi dituzte Araba eta Gipuzkoa artean”…

Piaspe izeneko parke eolikoa egin asmo du Norvegiako enpresak 2027rako Zestoa, Azpeitia eta Errezilgo lurretan, Sañoa eta Etumeta inguruan hain zuzen. Zalaparta sortu du gaiak, eta askotariko iritziak daude herritarren artean. Zestoako Udal Gobernuak gaiaren inguruan duen iritzia emateko batzar irekia deitu zuen azaroa hasieran. Azpeitian ere egin zuten bilera egun batzuk lehenago, udal ordezkariekin eta Satatkraft-eko arduradunekin. Bestalde, mendiak industrializatzearen aurkako Sañu Bizirik taldea sortu zen albistea publiko egin eta egun gutxira.

Ezaugarriak

Zenbat aerosorgailu jarriko dituzte? Bost: Hiru Azpeitiko lurretan, bat Errezil eta bestea, Zestoan, muga-mugan.

Zein neurri izango dute? 205 metroko altuera eta 170 metroko zabalera izango dute. Ohiko aerosorgailuak baino handiagoak izango dira, enpresaren arabera lur azalera gutxiago hartzeko.

Zenbat energia sortuko dute? Urtean 84,7 GWh energia ekoizteko gai izango dira aerosorgailuak, eta 24.000 etxebizitza hornitzeko gaitasuna izango dute. Zestoan 41 GWh kontsumo elektrikoa dugu urtean, horietatik 4,57 GWh etxebizitzetakoa da, eta gainontzekoa industriakoa.

Noiz egongo da martxan? Enpresak 2027rako energia ekoizten egotea aurreikusten du.

Aerosorgailuen kokapena

Oraindik aerosorgailuen kokapenaren koordenada zehatzak ez dakizkigu, baina Sañoa eta Etumeta inguruan egongo direla badakigu. Hemen hurrenkera bat:

Itsasoarekiko 600 metroko altueran kokatuko litzateke parke eolikoa. Herriko hainbat tokitatik ez ezik (Santa Engrazia, Aizarna, Iraeta, Ertxiña, Endoia, Etorra, Lasao…) herrigunetik bertatik ere ondo ikusiko dira aerosorgailuak, esate baterako, kanposantu aldetik eta Zubimusu aldetik.

Bidea eta garraioa

Udalak informazio gutxi duen arren, Statkraft-en asmoa da aerosorgailuak Akoatik (Arozena pareko bidegurutzetik gora) garraiatzea. Akoako ermita ondotik, Aurrekoetxe ezkerrean utzi eta Igartza parean dauden bi bihurguneak saihesteko, Ereiorako bidea hartuko litzateke; bi Ereioak eskuinetara utzita, bide berria egingo lukete Txotxapaindo pareraino. Gero Ezenarro aldetik Ipintzara eta, handik, Santa Engraziako bidetik, Sañoa gaineko mendi lerro pareraino iritsiko litzateke bide azpiegitura.

Aerosorgailuak garraiatu ahal izateko, errepideak bost metroko zabalera izan behar duela aurreikusten dute. Parke eolikoan sortutako energia Lasaoko zentralera bideratzeko asmoa du enpresak. Mikel Arregi alkateak Udalak bidearen “txikizioa” eragozteko ahalmena izatea espero du, eta garraiorako “beste bide batzuk” daudela azpimarratu du.

Epeak

Duela egun egun gutxi proiektua garatzen hasi ahal izateko aurretiazko baimen administratiboa eskatu zuen enpresak Eusko Jaurlaritzan. Prozesuko aurreneko urratsa da hori, eta behin baimena onartutakoan, ingurumen azterketak egin behar dira: energia neurketak, hegazti migrazioaren azterketa zehatza… Tramite horrek urte eta erdi edo bi urte iraun dezake. Baimen hori lortuz gero, exekuzio proiektua etorriko litzateke: hor sartzen dira udalak, plan bereziak, lizentziak… Baimen guztiak lortzen badituzte, esan bezala, 2027an energia ekoizten hastea aurreikusten dute.

Marko juridikoa

    • Lurralde antolaketaren gida lerroak: Jaurlaritzaren eskumena da lurralde bakoitzean zer egin daitekeen aitortzen duen marko juridikoa. Berriztagarrien Plan Sektoriala 2002koa da. Alkatearen arabera desfasatua dago, baina horren arabera ezingo litzateke tamaina horretako instalaziorik egin eremu horretan. Jaurlaritza, ordea, beste bat prestatzen ari da.
    • Zestoako Hirigintza Plan Orokorra: 1996koa da, baina Arregiren arabera erabat agortuta dago. Arauak egokitzeko aldaketak egiten ari dira aldiro. Orain berritzen ari dira baina alkatearen esanetan, “legealdi honetan amaitzeko lanak izango dituzte”.
    • Mendi gailurren babesa: Arau hauek baimentzen duten jarduera bakarra nekazaritzakoa da. Zestoako Udaleko arauen arabera, besterik ezin da egin eremu horretan.
    • Interes publiko goreneko proiektuen legea: Legebiltzarrean onartutako lege horren arabera, Jaurlaritzak Piaspe interes goreneko proiektu gisa kalifikatuko balu Piaspe, gainontzeko lege guztiek horren menpe geratuko lirateke. Udalak ez luke eskumenik izango proiektua eragozteko.

Udal Gobernuaren hitza

Zestoako Udalak proiektuaren inguruko herri batzarra antolatu zuen azaroaren 4an. Kultur Etxeko areto nagusian izan zen hitzordua, eta ia eserleku guztiak bete ziren. Hiru helburu zituen bilerak: gaiaren inguruko azalpenak ematea, Udal Gobernuaren iritzia helaraztea eta herritarren galderei erantzutea.

Batzarraren balorazio “oso baikorra” egin du Mikel Arregi alkateak. “Tonu egoki eta eraikitzailean” egin zela nabarmendu du, eta herritarren galderak eta kezkak azaldu zirela aipatu du. Bileratik “gustura” irten ziren, beraz, Udal Gobernuko kideak.

Harrez gero, Alkateak “harridura” azaldu du herri batzarrak sortu zuen interes mediatikoaren aurrean. “Intentzio mediatiko jakin” bat dagoela azpimarratu du eta horren aurrean tristura agertu du: “Gai honek duen dimentsioarekin adostasun orokor bat behar da: politikoa, instituzionala eta soziala. Zestoan kontsentsu batera heltzen saiatu behar gara, eta hori herritarrekin egin behar da”.

Arregiren arabera, “estrategia integralik gabe aerosorgailuak jartzen hastea ez da irtenbidea”. Bere esanetan, gaiaren inguruan “ahaldundu” egin behar dugu, eta egun dugun kontsumo energetikoa “ezinbestean” jaitsi behar dugu. “Arazoari irtenbide integrala eman behar zaio, aitortuta beti ere inpaktu batzuk onartu beharko ditugula, horien artean, intentsitate handiko berriztagarrien egiturak jartzea. Erregai fosilak ordezkatu behar baditugu, azpiegitura handi hauek sortzen duten inpaktua onartzea ezinbestekoa izango da”. Inguru honetan energia sortzeko dagoen aukera bakarra haizea dela azaldu du alkateak.

Baina, hala eta guztiz ere, proiektuarekiko “desadostasunak” eta “zalantzak” agertu ditu Arregik. Momentu honetan dauzkaten informazio elementu apurrak kontutan hartuta, egitasmoa ezin dutela babestu azaldu du. Hala ere, proiektua aztertzeko prestutasuna agertu du.

Enpresak Zestoa, Azpeitia eta Errezilgo udaletan aurkeztutako adierazpenean, sortutako energia tokiko komunitate energetikoen esku uzteko aukera aipatzen du. Alkateak dio juridikoki horretarako aukerak badaudela, baina oraindik ezer ez dagoela ezer zehaztuta. Bere esanetan, Norvegiako enpresak “nahiko argi” esan du herritarren borondatearen aurka ez dutela proiektuarekin aurrera jarraituko. Erabaki horiek hartzeko garaia orain ez dela azpimarratu zuen arren, hausnarketarako ideia batzuk bota zituen Arregik: “Statkraft-i ezetz esan eta beste enpresa bat etortzen bada energia sozializatzeko aukera baztertzen duena? Edota Zestoak proiektuari ezetz esango balio, baina Azpeitiak aurrera egitea erabakiko balu, haize-errotak Zestoako lurretatik 50 metro mugitu eta Azpeitiko lurretan jarrita? Guk inpaktu berdina jasan beharko genuke eta onurarik ez”.

Herritarrak “ahalduntzearen” garrantzia behin eta berriz aipatzen du alkateak. Bide horretan, hitzaldi sorta bat eta mahaingurua antolatzeko asmoa du Udalak. Gaian adituak diren norbanako eta eragileak gonbidatuko dituzte saio horietara.

Sañu Bizirik

Piaspe proiektuaren berri jakin eta gutxira, mendiak industrializatzearen kontrako Sañu Bizirik taldea jaio zen. Taldeko partaideek garbi utzi dute energia berriztagarrien eta energia eolikoaren alde daudela, baina mendian zentral eolikoak jartzea ez dela irtenbidea: “Klima larrialdiari aurre egiteko trantsizio energetikoa ezinbestekoa da. Mendietan zentral eolikoak jartzea ez da, ordea, irtenbidea, lehengo bidean azeleragailua zapaltzea baizik”.

“Egiazko” aldaketa bat aldarrikatzen dute eta horretarako, “plan orokor eta integral bat” egin behar dela diote, “elikadura burujabetza eta desazkunde ekonomikoa” ardatzean jarrita. “Egiazko aldaketa ingurumenari ahalik eta inpaktu gutxien sortuaz egin behar da, ez ingurumena are gehiago txikituta”.

Sañoakoa gure inguruan jarri nahi duten “makro-zentral eoliko” bakarra ez dela azaldu dute: “Herrien zerrenda handiegia da gure lurralde txikirako, eta ez dago zantzurik pentsatzeko mendien industrializazioa hor geldituko denik. Milaka milioi eurotako interesak dituzten multinazionalak ez direlako inoiz neurriz jarduten. Haietako bakar batek ere ez du esan etorkizunean orain proiektatutako zentralak handitzeari uko egiten dionik, edo berriak eraikiko ez dituenik. Ez dira ari ingurumenean pentsatzen, euren etekin milioidunetan baizik”.

Proiektuak sortuko lituzken kalteak “berreskura ezinak” direla azpimarratu dute. Inguru hori paisaia-interes bereziko eremu gisa izendatuta dagoela gogorarazi dute eta horrez gain, zonalde horretan jendea bizi dela aipatu dute: “Gogoratu behar da inguru horretan bertan jendea bizi dela, bertan lan egitetik bizi diren baserritarrak daudela, eta ezingo luketela han bizi eta lan egin zentrala eginez gero”.

Mendien industrializazioa ekidin eta mikro proiektuak eta kontsumo arduratsua lehenetsiko duen eredu deszentralizatu baten aldeko apustua egiten dute Sañu Bizirikeko partaideek. Aditu independenteen iritzia herritarren eskura jartzea eskatzen diote Udalari, eta multinazionalari lehentasuna ez ematea. Azpeitian egindako batzarrean Statkraft-eko ordezkariek “gezurra eta zikina” erabili zutela nabarmendu dute.

Zestoako herri batzarrean alkateak proiektuak “estrategia integralik gabe” zentzurik ez duela esan zuela diote taldeko kideek, baina era berean, proiektua aztertzeko “prestutasuna” azaldu zuela azpimarratu dute: “Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialik gabe, nola lezake Udalak zentrala eraikitzeko aukera begi onez ikusi? Nolatan ez die Zestoako Udalak 2021eko abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako plangintzei begirune gehiago? Nolatan alderantzizko eredua proposatzen duen proiektu bat entzuteko prest agertu? Beldur gara EH Bilduren estrategia nazionala ez ote den herritarren interesen aurrean lehenesten ari Udala”.

Multinazional bati mendi gainak “industrializatzen uztea zentzuzkoa eta aurrerakoia” ez dela diote, eta proiektuak etorkizuneko erronka energetikoei aurre egiteko eraginkortasunik ez duela azpimarratu dute.

Mendi eta eskalada taldeak

Agiro Mendi Klubak, Lagun Onak eta Anaitasuna Mendi Bazkunekin batera, komunikatu bateratua argitaratu zuen urriaren erdi aldera. Besteak beste, energia berriztagarriak sustatzearen alde egiten zuten, baina ondo azpimarratuta Euskal Herriko mendiak parke eolikoz betetzea ez dela irtenbidea. Kokapenari dagokionean, “landa eremuak saihestu eta dagoeneko industrializatuta dauden lursailak aztertzea” proposatzen dute. Informazio gehiago ere eskatu zuten mendi taldeek: materialaren garraiorako bideen ingurukoa, akuifero, hegazti eta gainontzeko animaliengan izango duen eragina, kutsadura akustikoa, instalazioak erabilgarri izateari uzten dionean emango den lehengoratze prozesuari buruzko informazioa…

Azaro hasieran Sokaitzek, bailarako eskalada taldeak, bat egin zuen mendi taldeek kaleratutako idatziarekin. Haien esanetan “bizi dugun larrialdi klimatikoaren jakitun izanik, eta energia berriztagarrien alde egon arren, errota hauen kokapena mendi gainetan saihestu beharra dago. Izan ere, berauek baitira gaur egun gutxien eraldaturiko natur-gune bakarrenetarikoak eta duten balioa lehenetsi nahiko genuke guretzat zein ondorengoentzat”.

Energia Komunitatea

Pasa den udaberrian energia subiranotasunerantz pausuak emateko helburuarekin udalerri mailan komunitate energetiko bat eratzeko elkartzen hasi ziren hainbat herritar. Oraindik taldea hastapenetan dagoen arren, lehengo proiektuak planteatzen hasiak dira eta izena erabakita dute: Argiola.

Piaspe proiektuaren inguruan ez dute hausnarketarik egin momentuz, baina beste proiektu batzuk dituzte esku artean. Aizarna eta Arroabeko frontoietan eguzki-panel instalazioak autokontsumo kolektiborako jartzeko aurreneko bilerak egin dituzte. Itxura guztien arabera, instalaziotik 2 km-ko erradioan dauden etxe, baserri, merkatari nahiz enpresek aipatutako proiektuetan parte hartzeko aukera izango dute. Aizarnako kasuan Akoa eta Altzolarats ere barne egongo lirateke, eta Arroako kasuan Ibañarrieta eta Narrondo ere bai. Proiektuon balorazio ahalik eta fidagarriena egiteko, parte hartzeko interesa izan dezaketenen informazioa biltzen ari dira komunitateko kideak, eta interesa duen orok haiengana jotzeko deia egin dute.

Jone Bergara eta Itsaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide