Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Hilabetekariak 25 urte. Danbolin irakurleen begietatik

Mari Jose Etxeberria, Arantxa Rezabal, Mikel Sasiain eta Ioritz Zunzunegi bildu ditugu mahai-inguruan, Danbolinen bulego txikian. Laurak dira aldizkariaren irakurleak. Hedabideaz duten iritzia azaltzeko eskatu die Danbolinek, gauza onak eta ez hain onak, betiere mende laurdena bete duen aldizkaria hobetze aldera. Estimuan dutela erakutsi dute.

Badirudi irakurle finak aukeratu ditugula. Gutxi-asko aldizkari osoa irakurtzen dute. Mari Jose da Danbolin hartu eta irakurtzen hasten den azkarrena: postontzitik jaso orduko, igogailuan doala, begirada bat ematen dio zein gai dauden ikusteko. Etxera ailegatutakoan Enbidoa eta Inkesta irakurtzeko ohitura dauka: “Gustatzen zaizkit. Inkestan edozein agertu daiteke, eta azkar irakurtzen da. Enbidoa, berriz, badakigu nork erantzun duen, baina hurrengoa nork egingo duen ikustea gustatzen zait”. Ioritzek etxera iritsi ahala ematen dio begiratua. Enbidoarekin eta iritzi-zutabeekin (Bota librean atala) hasten da, horiek zaizkio irakurtzeko errazenak. Denbora daukanean, gehien interesatzen zaizkionak irakurtzen ditu. Mikel Atarikoa ataletik hasten da, aldizkariaren hasieratik, “zer etorriko den esaten duelako”. Behin hasita, nahiko segidan irakurtzen du dena. Lanak pausatuen egiten dituena da Arantxa. Dena irakurtzea gustatzen zaio, baina gauza batzuk beste batzuk baino errazago irakurtzen ditu. Ez da egun batean aldizkaria irenstekoa, astia daukanean, astiro egiten du errepasoa.

Zein da atal izarra?

Ez da erraza erantzuna, bakoitzak bere kuttunak baitauzka. Enbidoa denei gustatzen zaie. Ioritzi zer esanik ez, hortik hasten baitu irakurketa. Dirudienez, jakin-mina pizten du atal horrek, zeren hurrengo nork idatziko duen begiratu daiteke artikuluaren bukaeran, eta bateren batek aitortu du irakurri baino lehen bukaerara jotzen duela hurrengoaren berri jakiteko. Ioritzek tentsio puntua aipatu du: “Zuri tokatu ahal zaizu! Idatzi duena zure ingurukoa baldin bada tentsioan jartzen zara, eta gertukoa ez bada lasaiago zaude. Enbidoak jokoa ematen du”. Mikelek Ioritzi segi dio: “Bai, pilota batak besteari pasatzen…”, eta Arantxak errematea: “Ederra egin didak! Kar kar kar”.
Iritzi-zutabeak ere, Bota librean atala, alegia, denen gustukoak dira, batez ere Ioritzentzat; lehen aipatu dugun moduan. Arantxari gehien kostatzen zaion atala da Bota librean. Ikasketa guztiak gaztelaniaz eginda, euskaraz nekezago irakurtzen du. Arazorik ez daukala dio, baina patxadaz aritzeko beharra edukitzen du. Mari Josek ere gustuko du, iritzi desberdinak jasotzen direlako eta hor idazten dutenek zer esateko daukaten jakin nahi duelako.

Inkestak barre batzuk egiteko aitzakia eman digu. Mikelek dio ez ote den jendea konpromisoz ateratzen atal horretan, Oihane Goikoetxeak (Danbolineko langile berrietako bat da eta gurekin egon da berriketan) onartu du jendeak ihes egiten diela galdera egitera gerturatutakoan. Aurpegi erdiekin jolasean aritzen dira batzuk, eta Arantxak aitortu du inkestatuen adinari begiratzen diola. Kuxkuxean aritzeko atala da, nonbait.

Elkarrizketek eta erreportajeek ere badute arrakasta. Dena den, atal horietan selektiboagoak dira. Gaiaren arabera, gutxiago edo gehiago gustatzen zaie, eta batzuk errazagoak zaizkien moduan beste batzuk astunagoak egiten zaizkie. Arantxak, adibidez, Aizarnan bizi den Ane Aranburu azpeitiarraren elkarrizketa azpimarratu du.

Agendari ere begiratua ematen diote. Mikelen eta Arantxaren ustez, interesgarria da, eta Mari Joseren iritziz, funtsezkoa. Ioritzek nabarmendu du ekitaldi batzuk sartu gabe gelditzen direla, aldizkaria inprentara bidali eta gero prestatzen direlako ekimen batzuk. Papereko hutsunea Interneteko agendak betetzen duela ondorioztatu dute.

Danbolin.eus-etik ekarrita argitaratzen diren zazpi-zortzi argazkidun albisteak ere oso gustuko dituzte. Mari Josek bereziki aipatu du atal hori, oso ondo ekarria delakoan, eta azken gertakizunen laburpena egiten duelakoan. Mari Josek eta Ioritzek aldizkarian agertzen diren argazkiak aipatu dituzte. Lehenengoak jaietan-eta egiten den bi orrialdeko argazki-jendea goraipatu du, “horretan asmatzen duzue”, dio. Ioritzi, berriz, pertsonak agertzen diren argazkiek ematen diote gehien atentzioa.

Jakin-minagatik, eta ez esamesaka ibiltzeko

Danbolinek zer ekarpen egiten dien galdetu diegu. Mikelek aipatu du herriaren eta herritarren berri jakiteko balio duela. Denis Ayalari egindako elkarrizketa ekarri du gogora; ezagutu bai baina haren bizitzaz ezer jakin ez. Ioritzen ustez, hilabetekariak hainbat jenderi aitortza egiten die, “uste dut elkarrizketatuek eskertuko dutela Danbolin haiengana joan izana”. Mikelek gehitu du herritarrek badaukatela zer kontatua, “gutxien espero duzunak jokorik handiena eman dezake”.

Mikelek nonbaiten irakurri edo entzun du jakin-minaren eta kuxkuxean ibiltzearen arteko aldea. Kuxkuxean jardutea omen da pertsona bati mina emateko, edo behintzat deseroso sentiarazteko, intentzioz haren berri ematea eta zabaltzea. Danbolinek ematen duena hortik apartekoa dela uste du Mikelek: “Nik izan nahi dut Arantxaren berri, edo jakin nahi ditut musika kontuak (Ioritzi begira). Ingurukoen berri jakiteko Danbolin ez balego, hutsune handi bat egongo litzateke. Gaur egun, gainera! Lagunak-eta ez gara lehen bezala juntatzen kalean, nahiz eta Zestoan adin desberdinetako jendea elkartzeko ohitura oraindik badagoen”. Ioritzek aldizkariaren beste funtzio bat gogoratu du: “Baztanen egon naizenean, askotan eramaten nuen aldizkaria, herriarekin konektatzeko modu bat zen; sofan eseri eta Danbolin irakurri”. Mikelek amari Zumaira eramaten zion, Iraetakoa zuen-eta.

Mari Josek eta Arantxak euskaraz irakurri ahal izatearen garrantzia azpimarratu dute. Lehenengoak dio euskaraz irakurtzeko ohitura badaukala eta aldizkari osoa euskaraz denez dena irakurtzen saiatzen dela. Arantxak, berriz, ikasteko erabiltzen du; adibidez, euskaraz idazten moldatzen ez denez, irakurtzeak asko laguntzen dio idazmena hobetzen. Mikel ere eskolan gaztelaniaz jardundakoa da, eta beraz, euskaraz irakurtzen saiatzen da, “konpromiso kontua” dela dio. Berria egunkariaren irakurlea da, eta, jakina, baita Danbolinen irakurlea ere. Ioritzek ez dauka euskaraz irakurtzeko arazorik, hizkuntza horretan egina baita ikasketak. Dena den, esan du zenbait iritzi-zutabe irakurtzeko konplexuak direla. Aipatu du bere gurasoek ez daukatela euskaraz irakurtzeko erraztasunik eta gertatu zaiola berak idatzitako zutabea azaltzeko eskatzea. Bere gurasoen moduan gaztelaniaz irakurtzen ohituta daudenentzat Danbolin euskarazko irakurketa bakarra dela azpimarratu du.

Badago zer hobetu

Estimatzen dena hobetzeko, kritika ere egin behar da. Horretan hasi gara. Agendarena aipatu dugu, paperekoak ez ditu ekitaldi guztiak biltzen, danbolin.eus-era jo behar da informazio osoa eskuratzeko.
Kale eta bale atalaren egitekoaz hasi dira hizketan. Ez dute bat egin iritzietan. Baten ustez, kale eta bale sinpleegiak ateratzen dira; beste baten ustez, argitaratu beharragatik aterako dira sinpleak; hirugarren baten iritziz, ordea, herrian kale asko dago. Beste kontu bat da aldizkarian kaleak argitaratzeak ondoriorik baduen, alegia, dagokionak mezua jasotzen duen.
Sinaduretan agertzen den letra tipoak ere zeresana eman du. Arantxari gertatzen zaio artikuluak zeinek idatzi dituen ez jakitea, letra irakurgaitza delako.

Arantxak adinaren kontua atera du mahai gainera, hau da, gazteak gehiago azaltzen direla aldizkarian. Ulertu diogunez, bai protagonista moduan, baita idazten ere. “Agian adinekoek gutxiago irakurtzen dutelako Danbolin?”. Mikelek eta Ioritzek adinekoei egindako elkarrizketa gehiago ateratzearen alde egin dute, ez dakizkigun gauzak kontatu ditzaketelako, garai batekoak, bizitzeko modu bati buruzkoak, lanbide zaharren inguruko kontuak… Ioritzen ustez, elkarrizketek kontu horiek sakonago eta patxadatsuago biltzeko aukera ematen dute. Mari Josek arrazoia eman dio Arantxari, eta fokua idazten dutenen adinean jarri du: “57 urtetik beherakoak euskaraz idazten lotsatzen badira, adin horretatik gorakoak, euskaraz idazten ohituta egon gabe… Dena den, berak dio gustura irakurriko lituzkeela adin batekoek idatzitako kontakizunak. Proposatu du euskaraz idazteko zailtasunak dituzten helduei erredakzioko kideek laguntzea.
Azken kritika Ioritzek egin du. Ez omen zen bere inpresioa, baina lagun batzuek esaten omen zioten jende bera agertzen zela behin baino gehiagotan aldizkarian, batez ere iritzi zutabeetan. Uste du jendea errepikatzeak atzerakoa eman dezakeela. Gaur egun, barietate handiagoa dagoela iruditzen zaio.

Atal berrietarako proposamenak

Asmakizunak: Baina ez edozein modutakoak. Ioritzek proposatzen du herriko kontuez edo Zestoan erabiltzen diren hitzez galdetzea. “Ba al zenekien?” moduko bat. Norberak asmatzeko erraza izan ez eta ondokoei galdetzea eskatzen badu hobe. Mikelek hitzaren esanahia asmatzeko jokoak hartuko lituzke.

Bertsoak: Zaharrak eta berriak, bertso eskolakoenak… Bertso zaharren bidez garai bateko kontuak jakingo genituzkeela uste dute.
Galdera motzak: Jardunean atalean, elkarrizketatuari erantzun oso motzeko galderak egitea proposatu dute.

Karikaturak: Argazkiak asko estimatzen dituzte, baina Jardunean atalean karikatura bat eskertuko lukete.

Film eta liburu onak: Mari Josek aipatu du euskal zinemak gero eta arrakasta handiagoa daukala baina etxeko baliabideen ondorioz zinemara joateri uzten ari garela. Horregatik, jasoko lituzke pelikula onen erreferentziak, baita liburuenak ere.

Mediku aholkuak: Mari Joseren ustez, Danbolin oso egokia da osasun fisiko eta mentalarekin zerikusia duten hainbat aholku emateko; hain zuzen, jende askok eta adin desberdinetakoek irakurtzen dutelako. Neurri txikiko testu-zatiak proposatzen ditu: erredurak nola zaindu, nola egin suspertze ariketak (herrian desfibriladoreak non dauden gogorarazi), diabetesa, zeliakia, depresioa, dolua… Aholkuez gain, ordea, gustura irakurriko lituzke herritarrak beren osasun arazoez hizketan, uste duelako aldizkarian kontatzeak egoera antzekoan dauden beste herritarrei lagundu diezaikeela. Ez dute zertan gaixotasunak izan, eta adibide moduan jarri du menopausiaz hitz egitea.

Ia lanik gabe utzi ditugu Oihana eta Oihane

Mahai-inguruaren bukaera aldera, artikulu hau idatzi duen kazetariak ariketa bat egitea proposatu die solaskideei. Denon artean, azaroko zenbakirako gaiak eta sinadurak proposatuko dizkiogu Danbolineko erredakzioari. Ez ahaztu Oihane Goikoetxea, Danbolinen lanean hasi berria, gurekin batera dagoela mahaiaren bueltan. Arantxak azkar asko ulertu du zer egitera goazen. Aldamenean dauka Oihane eta keinu egin dio: “Zuri lana kentzen ari gara!”.

Urriko Enbidoa nork egin duen begiratu dugu: Jon Ipintza (Lizaso). Ioritzek dio futbolarekin lotutako norbait izan behar duela. Mikeli Antxelmo Astiazaran etorri zaio burura, hura izan baitzen Jon Ipintzaren garaian Gipuzkoan oso txukun aritu zen futbol taldearen entrenatzailea. Alkorta bizkiak ere gogoan ditu, Ipintzarekin batera jokatzen baitzuten.

Enbidoa prest. Bi iritzi-zutabeak orain. Oihanek gogorarazi digu beti emakumezko batek eta gizonezko batek idazten dutela. Nik, berriz, zirikatu ditut pertsona helduak aukeratu ditzaten, berriketaldian aipatu dutelako iritzi-zutabeetan apenas idazten dutela herritar helduek. Kazetariak Arantxa bera animatu nahi izan du, eta berak ezetz. Ioritzek: “Zergatik ez?”, eta Arantxak: “Saltsa denetan nago!”. Hain zuzen, horregatik izango litzateke zutabegile interesgarria. Rita Zabalaren izena atera da, eta denei ondo iruditu zaie. Arantxak Begoña Unanue aipatu du, emakumezko irakasleen artean izenak topatu nahian. Ioritzi, gizonezkoetan, Guillermo Egiguren etorri zaio burura: “Horrek zer kontatua badaukala iruditzen zait”, eta Mikelek aldamenetik: “Guillermo entziklopedia bat duk! Oso interesgarria. Txaro [Azpillaga, Guillermoren emaztea] bera ere izan daiteke zutaberako. Guillermo, igual, zutaberako baino gehiago, elkarrizketa egiteko aukeratu dezakegu”. Eta erabaki dugunean Rita eta Guillermo azaroko iritzi-zutabeetarako proposatzea… baten batek: “Ezzzz, Guillermo, elkarrizketa!”. Eta denak barrez hasi gara.

Zutabeak eta elkarrizketa erdi lotuta. Oihane oharrak hartzen, ‘erredakzioko kide berriei’ erne entzuten. Orain erreportajerako gaia aukeratu behar da. Azaroa, azaroa… ehiza! bota du Mikelek. Arantxak muturtxoa jarri dio: “Ehizarik ez da egin behar, ordea!”. Mikel ez da oso ondo gogoratzen, baina aipatu du zozketak egiten direla edo zirela Zestoan eta agian hari horri tiraka… Kazetariak ehizaren aldeko eta kontrako argudioekin egindako erreportajea proposatu du, baina solaskideek ez dute amua irentsi. Eta berriz ere Mikel piztu da: “Santa Zeziliako kinto bazkariak!”. Gaia proposatzeaz gain, artikulurako elementuak harilkatzen hasi dira Mikel, Ioritz eta Arantxa: nola sortu da eta nola hartu du halako indarra egun horrek?; badira nahita egun horretan egiten ez duten kuadrillak; egun horretan ez dira denak kabitzen Zestoan; kinto-bazkariak zenbat urtetik aurrera egiten dira gaur egun, eta zenbat urterekin hasi beharko lirateke?. Ioritzi antzeman diogu gustuko duela egun hori: “Gu agendan egun hori parrandarako jartzen hasiak gara. Egun horri forma eman behar zaio, egitarau bat antolatu…”.

Eta bukatutzat eman dugu erredakzio bilera inprobisatua. Oihanek jaso ditu solaskideen esanak; beste gauza bat da aintzat hartuko dituen. Laster ikusiko dugu.

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide